COVID-19aren, sumisioaren eta eraso kapitalistaren birusei aurre egin

  • Agintariek inposatzen dutena otzan onartu; ala “negazionismoaren” lerroetara batu. Herritar kritiko gehienak, ordea, bi mutur horien artean kokatzen dira. Ezkerrean, osasun krisiaz eta bere kudeaketaz eztabaida falta, eta dagoena sinpletua eta polarizatua dagoela ikusten dute Ugo Mayor biologoak, Olatz Barrenetxea psikologoak eta Mati Iturralde lehen arretako medikuak. Espazio zabal hori indartu eta elikatzeko urgentzia partekatzen dute. Pentsamendu kritikoen arteko eztabaida eraikitzailea nahi lukete, bizitzak salbatzeko ez ezik, bizitza bizigarriak eraikitzeko erronka gure eskuetan hartzeko.

Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Gaiari heltzeko astelehen aproposa suertatu da azaroaren 2ko hitzordua. Aurreko asteburuan murrizketa neurrien aurka deitzaile jakinik gabeko mobilizazio komunikatu gabeak izan dira Hego Euskal Herrian, eta Ertzaintzak hamabost pertsona atxilotu eta 35 identifikatu ditu istilu txikietan –bestelako mobilizazioak ere izan dira, jendetsuagoak, baina “negazionisten” edukiontzi erreetara mugatu da hedabide gehienen arreta, baita Urkulluren mingaina ere: “terrorismoa da”, ebatzi du–. Igandean Independentea izeneko euskarazko hedabide digitala jaio da, aurkezpen testuan irakurri daitekeenez “zentsuratu zaizkigun ikuspegi horiek” argitaratzea helburu, eta Berria-ri aipamen zuzena eginaz. Horiek denek mezu gurutzatu oldarkor ugari sortu dute, bereziki, nola ez, sare sozialetan. Baina giro zaputza aurretik dator.

Negazionismoa eta kritikotasuna

Olatz Barrenetxea Larrondo psikologoak jendearen ezinegonaren termometro zuzena du bere kontsultan, eta aurreko konfinamenduan osasun arloko profesionalen zaintza psikologikoan aritu zen, besteak beste. Asteburuko protestei interesez begiratu zien lehenbizi eta mesfidatiago gero. Baina azalpenean jarri du arreta: “Inpotentzia, segurtasun-gabezia eta frustrazio asko dago, ateratzeko modua da. Hori ere behar da, baina eskuinak aprobetxa dezake”.

Ugo Mayor Martínez EHUko Biokimika saileko irakaslea eta Ikerbasqueko ikerlaria da. PCR probak egiteko  EHUren ekimena koordinatu zuen martxoan, Espainiako Osasun Ministerioak balidatu zuena. Egun koronabirusarekin erlazionatutako beste hiru proiektutan murgilduta dago. Agintariei leporatu die negazionismoa eta teoria konspiratzaileak indargabetzeko ezer ez egitea: “Denok dakigu badagoela jendartearen zati bat jarrera horietan. Inongo azalpenik edo pedagogiarik ez, eta lehen aipamenak kontainerrak erre direnean egin dituzte agintariek. Ez al dago interlokuziorik ez baduzu kontainerrik erretzen?”. Hain zuzen ere, bere ustez teoria horien zabalpenerako ongarri nagusietakoa dira agintarien eta botere ekonomikoen iruzurrak eta gardentasun eza.

"Nahasmen horretan, ezkerretik ez bada azalpen on bat ematen, ez badira beste bide batzuk jorratzen, disidentzian kaosa sortzen da”

Baina nor dira “negazionistak”? Mati Iturralde Martínez de Lizardui lehen arretako medikua da, eta bere herriko zahar etxean ere aritzen da. Ezkerraren ahulezian jarri du begirada. “Negazionismoan sartu da terraplanistetatik esaten duenera: ‘beno, igual ez da hainbesterako, ezta?’. Nahasmen horretan, ezkerretik ez bada azalpen on bat ematen, ez badira beste bide batzuk jorratzen, disidentzian kaosa sortzen da”. PP, EAJ edo PSOEren “eskuineko” mezuari ezkerreko bat kontrajarri ohi zaiola dio, baina orain “oreka” hori ez dagoela uste du, “jende askok ez du ikusten bere burua ordezkatuta egungo espektroan”.

“Froga gisa pertsona batzuen adierazpen isolatuak hartuta, murrizketa autoritarioen aurka daudenen kontrako leporatzeak orokortzen dira”, denek birusa ez dela existitzen edo plan ezkutu baten parte dela esango balute bezala. Ezkerra negazionisten eta konspiratzaileen zakua arinkeriaz erabiltzen ari dela diote José R. Loayssa lehen arretako mediku nafarrak eta Ariel Petruccelli unibertsitateko historia irakasle argentinarrak El Salto-n. Kontrako norabidean ere egiten da antzekorik: neurri murriztaile jakin batzuen alde agertzen direnak gobernarien lerroetan kokatu, alegia. Jarrera horiekin, posizio kritiko askotariko horiek ez onartuz eta elikatuz, ez al zaio ezkerra negazionismoari eta eskuin muturrari berea izan beharko lukeen espazioaren, eztabaiden eta jendearen zati bat oparitzen ari?

Ezkerra: ardura edo sumisioa?

Iturralde, Mayor eta Barrenetxea bat datoz gauza batean: boterea agintekeria hutsetik ari da osasun krisiaren aurrean neurriak inposatzen. Ez azalpenik, ez pedagogiarik, ez iritzi trukerik, ez eztabaidarik; jakinarazi, eta betearazteko zigor neurriak ezarri. Jendartearen infantilizazioa ikusten dute. Ez da berria, baina jauzia nabarmena da: orain gutxi onartezinak liratekeen autoritarismo mailen onarpena normalizatzen ari da jendartea –ezkerra barne– denbora tarte oso laburrean. Asmo onez eginak eta norabide egokian hartutako erabakiak balira ere, arazo larria.

Iturraldek uste du osasun krisiaren hasierako agintekeria ezjakintasunaren eta inprobisazioaren ondorio izan zela, “baina gero konturatu dira, ‘ostia! maskara jartzeko esan eta jarri egin dute, bi metrora egoteko, eta hala daude, umeak bi hilabetez etxean eta zaharrak egoitzetan ixteko, eta onartu egin dute. Hau zoragarria da!’. Esperimentu soziopolitiko bilakatu dute”. Kapitalismoa eraso kualitatibo bat egiteko baliatzen ari da egoera, bere ikusmoldez: “2008ko krisiaz geroztik kapitalismoak eta botereak reset egiteko beharra zuten, esplotazioan eta prekarietatean sakonduz”. Mayorrek asmo antolatua baino gehiago ezgaitasun orokortua eta kudeatzeko ezintasuna egozten dizkie Euskal Herriko agintariei, ospitale kolapsatuen irudia ekiditea helburu bakar dutela. “Bestela, jendea hiltzea, gaixotzea... onartu beharreko gaitz txikitzat hartzen dituztela dirudi”, dio.

Barrenetxeak dio kritiko direnak ere “dena errespetatzen” ari direla, “nora goazen ez dakigulako” eta beldurragatik. Iturralde beldur horren eraginaz suminduta mintzo da: “Euskal Herrian bertsio ofizialak zalantzan jartzeko, errealitatea modu alternatiboan interpretatzeko edota erantzuteko dagoen gaitasunarekin... Ez nuen espero horrelako sumisiorik, desobedientzia erabat baztertuta geratzea”. Mayorrek beste angelu batetik heldu dio: “Sumisio horren parte bat ardurak azaltzen du. Jendartea agintariak baino helduago jokatzen ari, ‘hemen benetako arazoa dago’ esanez”. Ezkerrak beste eredu bat mahai gaineratu duela iritzi dio, “neurri  murriztaileagoak ere planteatuz kasu batzuetan, baina jendea zaintzeko, ez ekonomia”.

Konfinatu ordez, arrisku taldeetako pertsonak babesteko modua segurtasunez kalera ateratzean zentratuko balitz?

Oinarrizko eskubideak bertan behera uztea osasun eskubidearen “ustezko” defentsaren izenean inposatzen ari direla salatu du Iturraldek. “Non egon da orain arte osasunerako eskubidea?”, dio, gogoan dituela lantokian edo etxeetan hildakoak, pobrezia, buruko gaixotasunak edo kutsadura. Herritarroi gure osasunaren gaineko erabakitasuna lapurtu zaigu, “besterendu”,, bere ustetan. Erretzailea bere osasun fisikoaren kaltetan ari da, baina erabakia berea da, COVID-19arekin ez da horrela. Zahar egoitzako egoiliar askok esan diote horrela bizitzeko nahiago dutela bitxoa hartu, “baina erabakimen hori kendu diegu”. Arabako Foru Aldundiko arduradun politiko baten hitzak gogoratu ditu: “hobe zahar tristeak, hilak baino”. “Berak erabakitzen du, eta gainera bizitza horiek hobetzeko deus egin gabe”, salatu du Iturraldek. Mayorren azalpena: “Tristeak ez dira kuantifikatzen, hildakoak bai”.

Bitartean, neoliberalenek ere osasun publikoaren defentsan hitz egiten duten honetan, osasunaren pribatizazio prozesua azkartu egin da. “Dirua baduzu, beldurra eta antsietatea, nor berera doa. Alde pribatua aprobetxatzen ari da eta ez dago elkartasunik”, dio Barrenetxeak. Osasun pribatuak propaganda biderkatu du, “jende asko ari da mutualista egiten, izugarrizko negozioa ari dira egiten”, salatu du Iturraldek. Alarma egoeran osasun pribatua interbenitu beharrean itunak egin dira, dirua publikotik pribatura bideratuz.

Ezkerretik eskuinera: Mati Iturralde; Ugo Mayor; Olatz Barrenetxea. Argazkiak: Dani Blanco

“Bai ala ez” ordez, “zertarako”, “zer neurritan”, “nola”

“Ezkerretik ez da egon jarrera kritiko bat, esanez hau bai, hau ez; hau pasada bat da, hemen ez gara nahikoa egiten ari”, dio Iturraldek. Hain zuzen ere, ‘denari bai ala  ez’ logikak nagusitu dira, ñabardurarik gabeko eztabaida geldiarazleak, polarizazioa eta sinplifikazio antzuak elikatzen dituztenak: konfinamendua –edo maskarak, PCRak, txertoa...– bai ala ez? Ziurrenik emankorragoa litzateke eztabaidei beste toki batzuetatik heltzea: Zein da helburua? Helburu horretarako bitarteko ona da edo bada hoberik? Neurri horrek zer aukera eta zer muga ditu? Nola erabilita da erabilgarria eta nola ez?

Bigunago edo gogorrago, Ipar Euskal Herria jada konfinatuta, eta Hegoaldea konfinamendu berriaren atarian dago. Txertoa heldu edo ez –horra eutsi beharreko beste eztabaida potolo bat–, egoerak luze joko du. “Erlazionatzeko eta sozializatzeko neurri hauek ezin dira mantendu luzera begira, bestela beste patologia batzuk sakonduko dira: biolentzia, agresibitatea, etxetan tratu txar gehiago... erdibideko konponketa bat topatu beharko dugu denon artean”, ohartarazi du Barrenetxeak. Baina gure solaskideak ados daude pertsonen arteko kontaktuak murriztu behar direla. Konfinamendua, orduan? Segun eta nolakoa eta, batez ere, eztabaida sozial baten ondorioz erabakitakoa.

Konfinamendu ereduek sortu dute eztabaidarik ezkerrean. Zenbait zientzialarik sustatutako Barringtongo adierazpenak –Suediako ereduan oinarrituta– “babes fokalizatua” proposatzen du, talde immunitatea helburu: arrisku taldeetakoak ez diren pertsonek bizitza normala egin dezatela, eta zaurgarriak konfinatu –arrisku taldean jendartearen %25 da Euskal Herrian–. Esparru zientifikotik John Snow memoranduma sortu da Barringtongo adierazpenaren aurka. Solaskideek ere ez dute begi onez ikusi, baina bai arriskuaren araberako babes ezberdinduak ezartzea, bi arrazoirengatik: pertsona guztiak arrisku bera balute bezala tratatzea, gehien behar dutenei babes handiagoa bermatzeko oztopo da; guztiok arriskuaren lehen lerroan gaudela irudikatzeak neurriz kanpoko beldurra elikatzen du, besteak beste autoritarismoa erraztuz.

Eta konfinatu ordez, arrisku taldeetako pertsonak babesteko modua segurtasunez bizitza ahalik eta normalena ahalbidetzean eta kalera ateratzean zentratuko balitz? “Hori antolatu egin behar da, eta lehen arretatik. Baina lehen arretan gaude itota”, azaldu du Iturraldek. Eta komunitatetik: Murgian, bere herrian, deseskalatze astean erabaki zuten zaharrek plazan egoteko eskubidea zutela, baina seguru sentituta. Horrek eskatzen zuen, haur eta gazteek espazio hori nola erabiliko zuten adostea, “baina ez agindu bezala, aholku bezala baizik”. Hirietan eta herri handietan zailagoa suerta daiteke, zaharren egoitzek espazio irekietarako sarbide naturalik ez dutelako askotan. Arrasaten, egoitza ondoko kale bat hesitu dute helduek behintzat hor paseatu ahal izateko, edo “zergatik ez autobusak jarri zaharrak egoitzaren atetik parke edo zelai batera eramateko”. Noski, horrek guztiak jendartearen onespena eta inplikazioa eskatuko luke. Eta hori aukera balitz, arazoa baino gehiago? Zaharren egoitzetan bezala, eskolan. Erabateko kontsentsua dago espazio osasuntsu eta seguruena aire librea dela. Nola liteke eskola presentzialaren oinarria espazio itxiak izatea? Iturraldek bilobak ditu Alemanian: “Eskolan bost ordu ematen dituzte, eta eskolan sartuta bat. Gainontzekoan kalean daude, elurra edo eguzkia egin”.

Argazkia: Dani Blanco

Maskarak, PCR-ak, aztarnatzaileak... eta justizia soziala

Maskarek ere piztu dituzte aldekotasun eta aurkakotasun biziak. “Eztabaidatu behar dena da nola eta zertarako, logika pixka batekin”, dio Iturraldek. “Esan digute ez dakarrela kalterik osasunerako baina ez da egia, baditu ondorioak”. Erabili bai, “baina bi metrora bagaude espazio ireki batean, edo mendian, ez du zentzurik”.

PCR azterketei dagokionez, Iturraldek azaldu du baliogarriak direla, baina fidagarritasuna erabatekoa ez dela jakinik ezin direla emaitzak era absolutuan interpretatu, eta arreta presentziala ezinbestekoa dela. Gertatu zaio, adibidez, ziur egotea paziente batek COVID-19a duela sintomatologiagatik, baina PCRak negatibo emanda isolatzeko aukera ez izatea protokoloaren zurruntasunagatik. Aitortu gabeko interesak ere aipatu ditu: “Lehen olatuan ezin genuen PCRrik eskatu, denak ospitalera.

Iturraldek dio lehen positiboek 40 kontaktu zerrendatzen zizkiotela, orain hiruzpalau, ia elkarbizitza unitatera mugatuak: eta konfinatuta egoteak enplegua galtzeko arriskua badakarkizu?

Ondoren neurririk gabe egitea agindu ziguten, ez denean beharrezkoa. Gero jakin genuen Europatik erkidegoetarako laguntzak zeudela egindako PCR proba kopuruaren arabera. Azken protokoloan PCR gutxiago egiteko agintzen da, eta lehen arretara antigeno piloa heldu da”. Administrazioak ematen dituen datuetan “koronabirusagatik” eta “koronabirusarekin” hiltzen direnak ez direla ezberdintzen kritikatu du, hilkortasun tasa zehaztasunez ezagutzea eragozten du horrek.

Aztarnatzaileen sistema eraginkorra da... Nahikoa aztarnatzaile jarriz gero, egin ez dena. “Kate bat planteatzen baduzu baina katebegietako batek ez badu funtzionatzen ez du zentzurik”, laburbildu du Mayorrek. Positibo batekin kontaktua izateagatik proba egiteko eta isolatzeko Osakidetzaren deia jaso behar zuten eta jaso ez duten pertsonak daude, ezin jakin zenbat. Kazetari honek hurbileko hiru kasu ezagutzen ditu: batek ez zuen deirik jaso; bigarrenak berak deitu zuen bere borondatez zortzi egun konfinatuta zeramatzanean; hirugarren bati bosgarren egunean deitu zioten. Bigarren arazo bat dago: “Errioxan positibo bakoitzeko zortzi kontaktu isolatzen dira, EAEn bakarra. Euskaldunak ez gara hain asozialak ”, dio Mayorrek. Iturraldek dio lehen positiboek 40 kontaktu zerrendatzen zizkiotela, orain hiruzpalau, ia elkarbizitza unitatera mugatuak: eta konfinatuta egoteak enplegua galtzeko arriskua badakarkizu? Eta etxea bizitokia baino gehiago beldurtokia edo pilatzetokia bazaizu? Edo bakardadeak itotzen bazaitu?

Politika sozial indartsuak eskatzen ditu konfinamenduak. Eta birusaren aurkako borrokak oro har, Pompeu Fabra Unibertsitatean osasun publikoko ikertzaile Joan Benachek azpimarratu duenez: “Diskurtso hegemonikoen ardatza dira birusa, biologia, gaizki deituriko “bizimoduak” eta erantzukizun indibiduala, ospitaleko arreta mediko espezializatua (batez ere ZIUak), eta arazoa biomedikoki “konpontzeko” tratamenduak eta txertoak. Begirada miope, oker eta faltsua da; pandemiaren jatorria eta bilakaera azaltzen dituzten faktore erabakigarriak, neurri handi batean, osasunaren gizarte-determinatzaileak dira, hala nola lan-prekarietatea, pobrezia, etxebizitzako arazoak edo ingurumen-bidegabekeriak”. Gaitz gehienek bezala, birusak gogorrago kolpatzen du piramidearen behealdean.

Eztabaida, sormena eta erabakitasuna

“Jendarteak subjektu aktiboa izan behar du, eta hori da baimentzen ez dena, dio Barrenetxeak; jendartea indartu behar dela, Mayorrek; eztabaida zabal eta orokorra ezinbestekoa dela, Iturraldek: “Jendartean oro har, agente sozialen artean, eta dugun kaos disidente horretan”. “Eritasun honi aktiboki buru egiteko zozoegiak ote gara? [...] Gureaz hitz egiteko, herriko plazak berreskuratuko bagenitu? [...] Elkarren arteko konfiantza eta beldur gabeko eztabaidak piztuko bagenitu?”, proposatu dute azaroaren 7an Ipar Euskal herrian kontzentrazioak deitu dituzten “biztanle batzuek”. Eztabaidatzeak desadostasunak desblokeatzea ahalbidetzen duela gehitu du Barrenetxeak: “Erabaki prozesuaren parte bagara, ados ez gaudena onartzeko malgutasuna dugu”. Erabakiak eta jarrerak hainbeste baldintzatzen dituzten beldurrak, noraezak eta ziurgabetasunak onartuz eta konpartituz eztabaidatu, besteak beste: agian lagunduko luke zintzoago eta apalago hitz egiten; enpatia gehiagorekin entzuten; elkar indartzen.

Urgentziazkoa da herritarrak modu autoantolatuan proposamen zehatzak garatzea, eta, batez ere, euren kabuz praktikan jartzera arriskatzea

Herritarrak hilabeteak daramatzate kalean. Osasun krisia agenda neoliberalean sakontzeko erabili nahi dutela salatzeko, nor bere esparruko aldarrikapen zehatzak borrokatzeko eta erakundeei politika sozial sendo orokorrak exijitzeko, nagusiki. Ezinbesteko hiru ariketa. Proposamenak garatzea zaila dela dio Mayorrek, “konplexua da, multidiziplinarioa izan behar du. Zertarako ideia oso onak gero sistema publikoa ez bada atzean egongo bultzatzeko?”. Baina nork bere arlotik ekitea defendatu du, “ikusita tokatzen zaionak ez duela egiten, ezin gara geldi geratu”.

Urgentziazkoa da herritarrak modu autoantolatuan proposamen zehatzak garatzea, eta, batez ere, euren kabuz praktikan jartzera arriskatzea. Eta horretan gabezia handia da. Arriskatu, bi zentzutan: krisi eta eraldaketa anizkoitz garaiotan, ziurgabetasuna bidelagun borrokatu beharko delako bai ala bai, proba-errore dinamika batean; eta Barrenetxeak proposatu bezala “legeak dioenaz harago bidezko deritzogunaren arabera” jokatzea eskatuko lukeelako, ondorioak dituena.

Auzolanaren kultura berreskuratzea proposatu du Barrenetxeak, “gaur nik zuri, bihar zuk niri, lorpen materialez gain oreka mentalerako oso erreminta ona da”. Komunitate txikiek –herriek, auzoek– aukera gehiago ematen dutela uste du Iturraldek. Murgian lehenbiziko olatuan sortutako elkarlaguntza sarea berraktibatu dute dagoeneko. Beharrak badira, horiek asetzeko ideiak ere: zerrenda zehatz eta gauzagarri oparoa eman ziguten Eta hurrengo konfinamenduan zer erreportajeko partaideak udako ARGIAren Gakoak urtekarian auzogintzarako, udalgintza eta ekonomiarako, arrazializatuen borrokatik eta osasungintzatik.

COVID-19aren, autoritarismoaren, eraso kapitalista eta patriarkalaren birusei aurre egitea arnas luzeko zeregina da inondik ere, gurutzatzen baita aldaketa klimatikoaren, naturaren suntsiketaren edo kolapso energetikoaren erronkekin. Paisaia lazgarri horri begira ahoskatu du Iturraldek: “Nire seme-alabak eta bilobak ni baino okerrago biziko dira”. Hori pentsatzeko motiborik ez du faltan, baina zentzuzkoa da ere erantzutea: edo ez. Eztabaida gotortuak elikatu eta etorkizun distopikoak prefiguratu ordez –nahi gabean etorkizun horiek elikatzen dituena askotan–; askoren artean, hankak lurrean eta utopiak buruan borrokatzen badugu oraina?

 

COVID-19ari aurre egiteko erremedio-kutxa osatuz

(Pello Zubiria Kamino)

Eta COVID-19a ez harrapatzeko edo hartaz kutsatutakoan gaitza arintzeko, herritarrak bere kasa ezin ote du ezer egin? Arduradun politiko eta medikuen aldetik, osasun sistemaren kaosa pixka bat goxatzen laguntzeko besterik ez bada ere, ez ote lukete sustatu behar terapia osagarriak ere erabiltzea, medizina bigunak, enpirikoak, tradizionalak?

Txinako osasun sistemak esku batekin jokatzen du medizina ‘mendebaldarra’ren arloan –bioteknologia, txertoa, farma-industria…–, bestearekin medikuntza tradizionala erabiliz. COVID-19ak Txina jo duenean, bertako hedabide nagusiek oihartzuna eman diete Txinako Medizina Tradizionalaren Agentzia Estatalak koronabirusari aurre egiteko baliagarritzat aitortzen dituen terapiei. Hauetan badira belar formulazioak baina baita akupuntura, Tai-Chi eta bestelakoz osatutakoak.

Muturreko larrialdi egoerak kudeatzen maisuak diren kubatarrek ere –Euskal Herrian COVID-19ak eragin duen lurrikara orain artean gauza txikia izan da han Sobiet Batasunaren hondoratzeak ekarri zuen ‘periodo especial’aren aldean– ongi dakite zer den terapia ez-kimiko eta ‘ez-zientifiko’etara jo behar izatea herritarren bizi ezina arintzeko. Kubako Osasun Ministerioak ere lan egiten du alde batetik ‘Soberana’ txerto propioa garatzen eta Interferon alfa bezalako botikekin, eta bestetik bere ohiko kanaletatik eskaintzen ditu koronabirusarentzako erremedio natural eta osagarriak, izan fitoterapiazko, apiterapiako edo homeopatikoak.

Euskal Herrian osasun sistema publikoek farma-industriak saldutako terapiak eta produktuak baizik eskaintzen eta ordaintzen ez dituztenez, herritar eta familia bakoitzaren gain geratzen dira bestelako sendabide guztiak. Jo dezake –sakelatik pagatuta, prefosta– pribatuan ari diren mediku eta terapeuta ugarietara. Edo ikasi behar du bere osasuna ahalik eta zati handienean autokudeatuta zaintzen.

Gaixotasun kroniko baten jabe diren askok daki autokudeaketa horren berri, denbora luzerako edo betirako oinaze eta sekueletara kondenatzen dituzten arazoekin biziraun beharraren poderioz. Gaixo kronikoak badaki zein garrantzitsua den erremedioen kutxa, larrialdietarako ‘botikina’, aukera on, eskuratzeko erraz eta ahal bada merkez hornituta edukitzea. Ezeri uko egin barik, baina erremedio bakoitzaren alde on eta txarrak ezagututa. Kroniko eskarmentudunak ez du borrokatzen arrazoi edukitzeagatik, bere arazoa konpontzearen alde baizik. Medikuntza ofiziala ala alternatiboa? Segun non, noiz eta nola. Eta beti, ahalik eta kalte gutxienekin eta… ahal den merkeen.

COVID-19aren aurrean, lehenbiziko urratsa da ahal den neurrian prebenitzea. Elikadura ona, osasun fisiko eta animikoa bereziki zaindu, babes neurriak prefosta –distantziak, musukoa, aireztatzea– birusei oztopoa jartzeko, immunitatea sendo edukitzen laguntzen duten erremedioak eta birusen aurrean ahalmen bat badutela enpirikoki demostratuta daukaten erremedio eskuragarri eta merkeak hartu, hala nola fitoterapiakoak edo erleen propolia. SARS-Cov-2 birusarekin topo egitekotan, ahalik eta arinena gainditzen saiatzeko.

Koronabirusak harrapatu eta ospitaleratu –eta gainditu– ostean, beste film nahasi batekin egin dezake batek topo: COVID-19 luzea deitu duten sindromearekin, COVID-19aren osteko eritasun kroniko batekin ere bai. Hasi dira, anekdotetatik harago, medikuak eta zientzialariak horri buruzko informazioak zabaltzen, batzuetan Neke Kronikoaren Sindromearenak bezalako koadroak oroitarazten dituztenak.

COVID-19 luze edo kroniko berri honen gaixoak laster ohartuko dira antzeko sintoma eta ondorioak dituzten beste gaixoak badirela, immunitate sistema ‘zoratuak’ kontrolatu eta bideratzen ahalegintzen direnak. Belarrekin, dieta egokituta, erleen produktuekin, terapia fisikoekin… edo Tai-Chiarekin, zergatik ez. Ez utzi dena profesionalen esku. Zaindu zure burua eta alboan dituzunak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


2022-01-05 | ARGIA
Osasun arloko sindikatuak kalera aterako dira 23an Jaurlaritzaren osasun baliabide eza salatzeko

Lehen mailako arretak “kolapso egoeran” jarraitzen duela uste dute, ospitaletako arretak bizi duen gainkarga salatu nahi dute, eta egoerari aurrea egiteko neurriak eskatzen dituzte ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.


2022-01-04 | Estitxu Eizagirre
Iruñean COVIDagatik Olentzerori alto, erregeei paso

Abenduaren 20an eman zuen jakitera Olentzeroren Lagunak elkarteak 2021ean ere ez zela Olentzero Iruñeko kalez kale ibiliko, pandemiaren egoerak horretara bultzatuta. Urtarrilaren 4an, aldiz, Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak adierazi du aurten kaleetara... [+]


2021-12-29 | Estitxu Eizagirre
COVID pasaportea zeren truke?

COVID txertoa hartu edo ez, norberaren hautu bat da, legezkoa, eta batak bezala besteak errespetu bera merezi duena. Ez da derrigorra, baina behartzeko erreminta ezarria dago Euskal Herri osoan: Europar Batasunak bidaiatzeko udan jarri zuen QR pasaportea. Zer dakar QR... [+]


2021-12-24 | ARGIA
GKSk protestara deitu du A24an, pandemiari emandako “erantzun autoritarioa” salatzeko

Honela adierazi du Gazte Koordinadora Sozialistak zabaldu duen oharrean: "Zentzu sanitariorik gabeko neurriak hartzen jarraitzen dute politikari profesional despotikoek". Berriki hartutako hiru neurriak salatu dituzte zehazki: COVID ziurtagiriaren zabalpena, aire... [+]


Protestak herriz herri osasun etxeen aurrean
“Jaurlaritzak pandemia baliatu du Osakidetzan murrizketak egin eta herritarrak osasun publikora heltzea zailtzeko”

Osakidetzaren lehen mailako arretaren egoera "jasanezina" dela salatuz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun etxeen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte. "Lehen olatua izan eta urte eta erdira, osasungintza urria, nekatua eta baliabiderik gabea daukagu",... [+]


2021-12-21 | LAB sindikatua
LABen irakurketa pandemiaren egungo kudeaketaz, osasun sistema publikoaz eta pasaporteaz

LAB sindikatuak honako irakurketa plazaratu du: "COVID kutsatzeen olatu berria dela eta, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Frantziako Gobernua COVID ziurtagiriaren ezarpena erabiltzen ari dira euren kudeaketaren hutsuneak ezkutatzeko. Bost ardatzetan neurriak... [+]


2021-12-21 | ARGIA
San Tomas azokarik gabeko nekazariekiko elkartasuna antolatu dute Bilboko Konpartsek

Urtero Bilboko Konpartsek San Tomas egunaren harira argitaratzen duten egutegiaren etekinak Etxaldeko Emakumeei emango dizkiete aurten.


2021-12-20 | Estitxu Eizagirre
Milaka herritar atera da kalera Donostian COVID pasaportearen aurka, Bizitza plataformak deituta

Abenduaren 18 arratsaldean Donostian jendetzak hartu ditu kaleak, Bizitza plataformak deituta egin den manifestazioan. "COVID pasearen inposaketari ez" lemak elkartu ditu.


2021-12-15 | ARGIA
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak 1.000 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu

Abenduaren 14an Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak 1.000 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu Donostiako Eusko Jaurlaritzako Osasun sailean, bereziki Lehen Arreta eta oro har osasungintza publikoa indartzeko eta duintzeko eskatuz: "Osasun  sistema  publiko,... [+]


2021-12-13 | Gedar
“Osasun neurri bat baino gehiago, kontrol soziala handitzen duen neurri bat da Covid ziurtagiria”

Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, protestara jo dute ostiralean Bilbon, Donostian eta Gasteizen. 'Covid ziurtagiriari ez! Burgesiaren ofentsibari aurre egin' izan dute aldarri milatik gora lagunek.

 


Eguneraketa berriak daude