argia.eus
INPRIMATU
Oreka
Bea Salaberri @beatxo 2020ko azaroaren 03a

Filosofoak dio, umilki, emozio orori ongi etorria egin beharko geniokeela, eta edozein motako gogoetari utzi beharko geniokeela lekua hartzen eta garatzen, biziaren esentzia aldaketa delako eta aldaketari ihardukitzen ikastea dela bizirautea, bizia bera funtsean; desorekari buru egin behar litzateke oreka berria aurkitzeko, hori omen da gure bidea; gogoetei heltzera utzi, obsesionatu gabe, doiki, eta hauei hain zuzen ere heldu behar genieke, menperatze aldera.

Bizkitartean, filosofiari leku gutxi diogu egiten azken denboretan, preseski egoerak horretarako enbeia sortu behar lukeelarik. Seguritatearen alderdira ekarriak gara eta horixe dugu gogoan hain zuzen, segurtasunean jarraitzea, lehen bezala, oreka berriak bilatzeko premia dugularik, egitasmoei heltzearen beharra.

Alta lehen bezala ez da deus izanen, ez eskola, ez lana, ez munduaren ikusteko moldea ez eta besteaz dugun ikuspegia. Arbolak ere ez ote dira ezberdin? Urte honen hasierak milaka kilometroko distantziakoa iduri du, aurrekoaren oroitzapena,

"Badirudi lanjer berriak armarik gabe utzi gaituela. Gaitzaren kontra, noski, baita gaineratekoaren kontra ere. Armarik gabe gara, mentalki, etikoki, espiritualki, sozialki"

guhaurk ere, lauso ikusten dugu. Helduak gara maila batera non ez dugun proiekturik, ez proiekziorik epe laburrean, ez eta hamabostaldikorik.

Epidemiez mintzo diren elaberriak eta kontakizunak ez dira eskas. Hauetako egoeren antza handiak ditu gaurkoak, epidemiologikoki bezainbat soziologikoki. Salbu, haietan ez bezala, gure erreakzioak bihurtu direla gehiengo batekoak, bapatekoak, zoratuak, zifrituak, gibelapen edo perspektiba gutxikoak. Eta agian hori da deigarriena. Irakurri izurrite fikzioetan, protagonisten sinesteak bestelakoak ziren, erreferentziak, tirriak gisan berean beste gisakoak. Kezka bat zegoen geroaz, egokitzeaz eta garapenaz, pertsonenganako sinestea agerikoa zen, bihar bat egonen zen, kaosaren erdian gai arruntek, kezka normalek ere beren bidea egiten zuten. .

Gaurkoan, arrangura gehiago dugu jakiteaz noiz arte bereiz egon beharko ote dugun, noiz poteak hartzen ahalko ote ditugun, pilota partidak ikusiko ala ez, ea Googlek eutsiko duen erori gabe, eta globalki ea iraunen dugun, indibidualki. Eta bada ideia bat besteei gailentzen zaiena eta goizetik arrats oroitarazten zaiguna: garbitasuna, ingurune aseptikoa. Horretaz baizik ez da jarduten: astero aholku berri bat agertzen da mikrobioen urrun uxatzeko eta lekuak, aktibitateak sailkatzen dira garbitasun kriterioaren arabera. Hortik, lana ona da. Familia, neurrian. Aldiz kirola ez da sobera hala. Lagunak batere. Kultura ez gehiegi. Patria gauza ona da.

Badirudi lanjer berriak armarik gabe utzi gaituela. Gaitzaren kontra, noski, baita gaineratekoaren kontra ere. Armarik gabe gara, mentalki, etikoki, espiritualki, sozialki. Nagusitzen den sentimendua da perdizioarena, eraikitzeko eta pentsatzeko denborarik ezarena, ideiak hazteko paradarik eskasarena. Biziaz dugun arrangura mikrobiologiko hutsa bihurtu da, eta haizatu ditu biziaren beste alde guziak, biologikoa, soziologikoa, politikoa, filosofikoa nolaz ez. Ez diegu ideiei heltzen, emozioak filtratzen dizkigute.  

Maitatzea, kexatzea, arbolak landatzea eta planak egitea egokia litzateke. Dudatzea, panikatzea, gauzen ondotik iragatea, arinak izatea gutiziatu beharko litzateke. Dardaratzea, kontradikziotan itotzea, hobeki egitea, berriz egitea irrikatu beharko genuke. Gaitzetik atera eta hoberena atxiki. Asmoei heldu eta oreka berrien bila abiatu: hori opa diet gure buruei.