New Haven (Connecticut, AEB), 1955. Yale unibertsiteko Frank A. Beach etologoa (1911-1988) animalien –eta, beraz, gizakien– jarrera sexual jakin bat aztertzen ari zen; zenbait kasutan, arren nahiz emeen libidoak gora egiten zuen, bikotekidea aldatuz gero. Fenomeno horri Coolidge efektua esan zion, Calvin Coolidge (1872-1933) AEBetako presidente ohia gogoan.
Coolidge 1923 eta 1929 urteen artean izan zen presidente eta, bere karrera politiko osoan hauteskunde bat bera ere galdu ez zuen arren, ez zen bereziki nabarmentzen; zuhurra, apala eta neurritsua zen, ez zen hiztun aparta eta karisma berezirik ere ez zuen. Bitxikeria bakarra Etxe Zurira eraman zituen bi maskotak izan ziren: Rebecca mapatxea eta Billy hipopotamo. Baina sekula ez zen sexu eskandalurik azaleratu haren inguruan.
Kontua da behin Calvin eta Grace Coolidge senar-emazteak hegazti haztegi bati bisita egin ziotela eta, halako batean, oilarra egunean oiloak 30 aldiz estaltzeko gai zela azaldu zienean, brometan, zera bota zuen lehen damak: “Mesedez, esaiozu hori presidenteari”. Senarrak, orduan, hauxe galdetu zion abeltzainari: “Beti oilo berdina estaltzen al dute?”. Eta abeltzainak ezetz erantzun zionean, errematea eman zion: “Bada, mesedez, esaiozu hori emazteari”. Hala, txiste txar desegoki horrengatik Coolidgen izena promiskuitateari lotuta geratu zen, AEBetako presidenteen zerrendan “ohore” hori merezitzeko oinarri askoz sendoagoa duten izenak egon arren.
Thomas Jefferson (1743-1826) hirugarren presidenteak gutxienez haur bat izan zuen Sally Hemings esklaboarekin –DNAk gerora frogatu duenez–, baina, itxuraz, guztira sei seme-alaba izan zituzten –eta Hemingsek ez zuen askatasuna lortuko presidentea hil arte–. Coolidgen aurretik presidente izandako Warren Hardingek (1865-1923) maitale bat izan zuen 15 urtez, beste batekin alaba bat izan zuen… eta zurrumurruen arabera emazteak pozoituta hil zen. Franklin D. Roosevelten (1882-1945) maitaleen zerrendan bere emaztearen idazkaria eta Norvegiako Marta erregina zeuden. John F. Kennedyren (1917-1963) zerrenda luzean, aldiz, Marilyn Monroe da izenik ezagunena. Haren ondorengo Lyndon B. Johnsonek (1908-1976) horrela alderatu zuen bere burua JFKrekin: “Emakume gehiagorekin egon naiz nahi gabe, bera borondatez baino”. Bill Clinton eta Monica Lewinskyren arteko aferaren xehetasunik txikienak ere komunikabideetan zabaldu ziren. Eta Donald Trumpi dagokionez, nondik hasi?