argia.eus
INPRIMATU
Radium Girls
  • Pintura erradioaktibo distiratsuez erlojuetako orratzak eta zenbakiak margotzeko, emakumeen eskulana erabili zuen AEBetako enpresa batek 1920ko hamarkadan. Ilunpean distira egiteaz gain, neskak sintoma fisikoak sentitzen hasi ziren berehala: Radium Girls deitu zieten. Orain filma estreinatu dute.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko urriaren 28a
Emakumeak pintura erradioaktiboarekin lanean, inolako babesik gabe. (arg.: Daily Herald)

Orange (New Jersey, AEB) 1917. U.S. Radium Corporation enpresak fabrika berri bat zabaldu zuen, Undark (ez-iluna) izeneko pintura erradioaktibo distiratsuez erlojuetako orratzak eta zenbakiak margotzeko. 1920an beste fabrika bat zabaldu zuten Illinoisen eta, aurrerago, hirugarrena Connecticuten. Ilunpean ikus zitezkeen ordulariak  luxuzko salgai bitxiak ziren, Lehen Mundu Gerrak oso erabilgarriak zirela frogatu zuen arte. Hala, erakunde militarren eskaera geroz eta handiagoari erantzuteko, 100dik gora langile kontratatu zituzten New Jerseyko egoitzarako, gehienak emakumeak edo neska gazteak –11 urteko neskatoak ere aritu ziren fabrikan–, esku txikiagoak eta trebeagoak omen zituztelako lan horretarako.

Enpresak lelo bat ere sortu zuen neskek erabili beharreko teknika laburbilduz: Lip, dip, paint (Ezpaina, murgildu, margotu). Hau da, lehenik pintzela ahora eraman behar zuten, punta ezpainez bustita, lana zehatzagoa zelako; gero pintzela Undark pinturan sartu zuten eta, azkenik, erlojuaren esfera margotu. Behin eta berriro. Radioarekin lanean aldi batean jardun ondoren, langileen arropak eta gorputzak ilunpean distira egiten hasi ziren eta ghost girls edo “neska mamuak” esaten zieten orduan; gerora, bizitza hondatu zien mamua taula periodikoan 88 zenbaki atomikoa duen elementua zela salatu zutenean, radium girls edo “radio neskak” esango zieten.

Enpresako arduradunek ordurako bazekiten radioa oso arriskutsua zela. Bestela, zuzendaritzako kideek eta ikerlariek –denak gizonezkoak–, radiora hurbiltzean, zergatik erabiltzen zituzten maskarak, pantailak eta antzeko babes elementuak? Behin, Sabin A. Von Sochocky pintura erradioaktiboaren asmatzaileak bisita egin zuen fabrikara eta asaldatu egin zen nesken baldintzak ikusita, baina arduradunek lasai egoteko eta berdin jarraitzeko esan zieten langileei.

Ilunpean distira egiteaz gain, neskak sintoma fisikoak sentitzen hasi ziren berehala: nekea, anemia, hortzak erortzea, hezurrak haustea… Enpresak ordaindutako medikuek askotariko diagnostikoak egin zizkieten, baina sekula ez zuten gertatzen ari zena radioarekin lotu. Amelia Maggia izan zen erradioaren ondorioz hiltzen lehena. 24 urte zituen eta, ofizialki, sifilisak jota hil zen. Sifilisa askotan erabiliko zuten egoera salatzen hasi ziren neskak gutxiesteko eta erantzukizuna saihesteko.

Orangeko Grace Fryer izan zen kasua epaitegietara eramaten lehena; beste lau lankidek harekin bat egin zuten aurrerago. Bitartekorik gabe, oso zaila zen enpresa handi baten aurka egitea eta haien alde lan egingo zuen abokaturik ere ez zuten lortu bi urte luzez. Inflexio puntua biktimen zerrendan gizonezko bat sartu zenean iritsi zen, 1928an, Von Sochocky, pintura asmatu zuen bera, hil zenean. Orduan hasi ziren onartzen arazoaren iturburua radioa zela. Urte berean irabazi zuten epaiketa New Jerseyko langileek. Illinoiseko langileek ere antzeko bidea egingo zuten eta 1938an lortu zuten aldeko sententzia. Dirutan jasotako kalte-ordainek ezer gutxirako balio izan zien, bidean galdu ez zirenak hilabete gutxiren buruan hilko baitziren. Baina, behintzat, langileen osasuna babesteko legeak bultzatzeko balio izan zuen.

Ia mende oso bat eta gero, radio nesken gorpuzkinek oraindik distira egiten dute beren hilobietan. Urrian Radium Girls (2018) filma estreinatu berri da, eta orain behintzat haien historia lazgarriak distira egiten du pantailan.