Poesia, bizitzaren gorazarre eta minentzako ukendu

  • Jon Gerediagak Natura berriak (Pamiela) poemategia argitaratu berri du, bere seigarren poesia liburua, Xabier Lete saria irabazi ostean. Poetarekin mintzatu gara liburuaz, naturaz eta bere barne paisaiez, bulkada poetikoaz, idaztearen sendagarriaz, bizitzari eskerrak emateko beharraz, adierazi ezina hitzez adierazi nahiaz. Idazleak bizitzan eta poesian bidaide duen adiskideak, Iñigo Martínez Peñak, lagundu digu Gerediagaren lana eta begirada ezagutzen.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Estreinako 8 Olivetti poetiko (2001) antzerki lanaz geroztik poesia eta antzerki lan ugari argitaratu du Jon Gerediagak, baina Natura berriak-ek ilusio berezia egin dio, “sinbolikoki indarra du”, Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko V. Poesia Saria irabaztearen ondorio delako. “Berandu eta gutxi” ezagututa ere miresten duen poeta da Xabier Lete, ereserki diren Izarren hautsa edo Xalbadorren heriotzean bezalakoengatik ere bai, baina bereziki haren Biziaren ikurrak poemategia irakurri zuenetik: “Hasi eta buka irakurri nuen, txundituta geratu nintzen, ‘hau poeta handia da’, pentsatuz”.

Poz “prosaikoagorik” ere eman dio sariak, “teilatuak obra behar du eta horrekin ordainduko dugu, eta horren truke elkarrizketaren bat egin behar badut, ez da meatzean aritzea ere”. Elkarrizketak egitea ez baitu gogoko Gerediagak, nahiz eta garai batean “traumatiko” zitzaiona, egitearen egitez, “gero eta hobeto” eraman. Amu berezia jarri genion elkarrizketa proposamen honi kosk egin ziezaion, eta berak heldu: ondoan dugu Iñigo Martínez Peña, Gerediagaren lagun mina eta bere lan poetikoa sakon ezagutzen duena, erdi elkarrizketatu erdi elkarrizketatzaile lanetan.

Poemak poltsikoan

Hamazazpi urte dira elkar ezagutu zutela, artean gazte. Martínez Lauro ikastolako filosofia irakaslea zen ordurako eta ikasturte amaieran Gerediagak hots egin zion, irailean bera ere filosofia klaseak ematen hasiko zela bertan. Abuztuaren 6an elkartu ziren Gasteizen, jaiak hasi berri, elkar ezagutu eta materialak partekatzeko, biak herabe eta lotsaz parean zer irakasle aurkituko, alkandora formalekin mozorrotuta. Baina gutxi iraun zuten formalidadeek, eta bazkalaurreko zita ustez laburra gaupasa gogoangarrian amaitu zen. “Gezikada izan zen, laster hasi ginen hitz egiten bizitzaren zentzuaz, filosofiaz, poesiaz, edozein gauzaz, partekatzen paseoak, ardoak, bizitza bera”, oroitu du Martínezek.

Gerediagaren poemak aspaldi hasi ziren partekatzen, “askotan eraman dut Jonen poema bat poltsikoan”. Behin zirriborratuta poema bat hiru-lau astez poltsikoan gordea eraman ohi du Gerediagak, “borobildu arte”, eta tarte horretan irakurle baten beharra du askotan: “Konfiantzazko norbaiti eman, ez trukean komentario bat jasotzeko, baizik eta jakiteko bitartean norbaitek irakurriko duela eta ez dela ahaztuta geratuko. Iñigo horretan beti izan da oso mintzakide ona, beti jakin dut gustura irakurtzen zituela eta hori poz handia da. Kalitate handiko irakurlea da”.

Natura, beti natura

“Basoaren atarian / astiro bigunduz doa / giza bihotz baten / oskol zurruna euritan. / Euritan beratuko dira / azalak eta ertzak. / Natura hezeak dio / lokatz hau, / lokatz honetan...”. Poesian murgiltzeko aldarte egokiaren bila, erritmoa geldotzera eta bihotza biguntzera gonbidatzen du irakurlea lehenbiziko poemak. ‘Natura berriak’ izenburuan ez ezik, hurrengo poemetan errepikatuta aurkitzen dugun adiera da. “Guztiz arrotza zait unibertsoan beste bizitzarik ez dagoenaren ideia. Ez dakit nola okurritzen zaion gizateriari hori pentsatzea, nik uste egon behar dutela natura berri piloa. Eta horrek nolabaiteko kontsolamendua ematen dit. Garaiotan, non ematen baitu lur gaineko bizitzak iraungitze data izan dezakeela, esaten

“Errealitatea deskribatu nahiko banu, botanika tratatu bat egingo nuke. Paisaia horiek naturarenak baino gehiago barne paisaiak dira”

duzu: bizitza erabat desagertzea ezinezkoa da”. Naturari asko abestu zaiola dio Martínezek, “eta abestuko zaio, gai zaharra eta berria da, lotzen ditu iragana eta etortzeko dagoena”. Arrazoia eman dio, pentsakor, Gerediagak: “Askotan idazten dut iraun beharko lukeenaren alde, hor batzen da beti egon dena eta egotea nahiko nukeena hurrengo mende eta milurtekoetan ere, natura”.

Fitola Balba, Karpuki Tui-tik (2004) Natura berriak-era doazen sei poesia liburuetan, naturari abestea konstante bat da. Bere poemetan gizakia apenas dagoela presente errepikatu izan diote Gerediagari, baina berak ezinezkotzat du hori: “Poemetan dagoena ez da zuhaitz bat, giza hitzak dira, sinboloak. Sinbolo horietan batzen da kanpoko mundua eta idatzi duenaren barne mundua. Errealitatea deskribatu nahiko banu, botanika tratatu bat egingo nuke. Paisaia horiek naturarenak baino gehiago barne paisaiak dira. Izpiritu bat deskribatzen dute, ez zuhaitz baten anatomia”.

Goiza eta eguerdia; arratsaldea; gaua; gauaren ostekoa. Egunaren zikloa jarraituz antolatuta dago Natura berriak, eta poemetan urtaroak, zikloak eta horien errepikapena oso presente daude. Denbora ziklikoa dela sinetsita dago Gerediaga –“linealtasuna gizadiaren asmakizuna da”–, eta betiereko errepikatzearen ideiak kontsolamendua ematen dio. Martínezi liburuak hori transmititu dio: “Nahiz eta denborak aurrera egin badago etengabe bueltatzen den zerbait, eta errepikatze horrek lasaitasuna ematen du bizitzaren aurrean”.

Oinarrian lokatza, purutasunaren metafora. Ez ona soilik barnebiltzen duen purutasun kristaua, antropologiako tesia prestatzen ari zelarik maputxeen artean ikasi zuena baizik: “Gauza bakoitzak bere tokia du munduan, eta denak dira beharrezkoak, purutasuna da osagai horiek elkarrekin eta oreka batean bizitzea”. Hasiera eta amaiera, bizitzaren gaitza eta ona materia egina: “Ur uher lokaztuak, / zuen ametsean sortzen da / natura berrientzat elikagaia. / Ore lodi horrek geldiro / ongarrituko ditu lur ezezagunak [...]”.

Poemetan giza-mundua minarekin eta ezinegonarekin lotzen ote duen, ez ote duen etengabe berrituko diren natura berrietan aurkitzen hori bizigarri egiteko arnasa. Ez dago ados, ez du sentitzen natura eta gizadiaren arteko dikotomiarik. “La2-eko dokumentalak nik ezin ditut ikusi, ateratzen da Thomson gazela bat eta badakizu zer gertatuko den. Natura hori ere bada, eta gizadia ez da bakarrik ankerkeria: egunero gauza zoragarriak gertatzen dira pertsonen artean, ni maitasunez inguratuta bizi naiz eta uste dut hori ere poema askotan dagoela”. Egia da, ordea, natura sendatzaile zaiola, “naturan aurkitzen dut ukendu bat egonezinak baretzeko, babesleku bat”, baina ezinegon hori intimoa da nagusiki: “Nik gatazka gehienak ez ditut gizadiarekin, ditut nire buruarekin, batzuetan gorabehera oso zorrotzak izaten ditut”. Poema bat idazteko bulkada sentitzean ohartu ohi da beherakada batetik datorrela, hortik irteten hastean datorkio beharra, “seguruenik mina eta ukenduaren arteko harreman hori poemetan agertuko da”.

Ezinegona barne paisaia, errepikapena kontsolamendu, natura helduleku, bizitza poz iturri: “Zain nago, bide-bazterrean, / bihurgune berean, iazko / lore urdinak noiz agertuko. / Alegra nadin, esan dezadan: / mundu hau ez zait arrotz, / lore urdin hauek / aspalditik ditut ezagun”.

Bizitzarekiko zorra kitatu

Beherakada osteko goraldian, “arindu hori ospatzeko” beharretik idazten du Gerediagak. “Sufritzaile bat naiz gauza askotan, baina oro har balantza jarri eta existentziarekin zor bat dudala sentitzen dut, bizirik egotearen sentsazioarekin zorra, oso gutxitan sentitzen dudana, esker oneko zorra. Horrek eramaten nau poemak idaztera”. Oso gutxitan sentitzen den hori, norbera baino askoz handiagoa, mugagaitza, esangaitza den horren parte izan eta armonian egotearena: sentimendu ozeanikoa deitu zion Freudek, iraupen sentimendua Peter Handkek. “Sentimendu hori hitzez harrapatu nahi eta ezin hori” du Gerediagak idazteko beste motiboetako bat.

Poesiaz dosi txikietan elikatzen da: poema baten zirriborroa astean edo bi astean behin idazten du, poesia irakurri ere oso noizbehinka egiten du. Idazteko aldarte jakin bat behar du –bihotz bigundua–, testuinguru bat –“koadernoa eta behintzat landare bat ondoan izan”–, geldotasun bat –“saiatuko naiz nire burua ulertzen, poema batean sartzen bestela handiegia den errealitate hau eta nire barrua, eta horretarako geldotu behar naiz, ingurura begiratu, nire barnera”–. Antzekoa behar du Martínezek poesia irakurtzeko: poltsikoan egun osoan eramanik ere, gauean irakurri izan ditu Gerediagaren poemak, “gauaren tempoa poetikoagoa egiten zait”. Eta bai, Gerediagaren moduko poesia sentitzeko saiakera egin nahi duenak hobe luke aurretik presak eta gainestimulazioa bridatu –ariketa batere erraza ez–.

Argazkia: Dani Blanco.

Laburrago, gardenago

Gaiak konstanteak badira Gerediagaren obran, formak aldaketa handiagoa izan du. Poesia idazteko bulkada nerabezarotik du, lehen urteetako poemak bilaketa bezala ulertzen ditu, “ahots batena, mundua begiratzeko nondik batena, formatua, hiztegia, non pausatu begirada eta zer ahaztu”. Sentitzen du duela hiru liburu aurkitu zuela bere ahotsa –Argia, lurra, zuhaitza, zerua (2015)–, poema laburragoak, estilizatuagoak, “hamar lerrotan ez badut lortu sentitzen dudana adieraztea zer edo zer txarto dago”. Urteekin, Gerediagaren poemak gero eta lasaigarriagoak zaizkio Martínezi: “Oso gardena egiten zait, gero eta gehiago. Bada joera bat gero eta poesia baketsuagoak idaztekoa, hitzak helduleku bihurtzekoa”. Horrela nahiko luke Gerediagak, “polita da diozuna”, diotso lagunari. Borobiltasunaren bila poemak gardendu, laburtu... Haikuetara heltzea ote erronka? “Ez, haikuak ondo daude, irakurtzen ditut oso gustura, baina hor beste sentsibilitate bat dago, eta gurea mendebaldarra da. Horrek ez du esan nahi Ekialdekoa izan behar denik naturaz idazteko”.

Bere poemak irakurrita balirudike Gerediaga naturan murgildua bizi den ermitaua dela. Baina hizkeran bezala bizitzan, iradokitze poetiko existentziala tabernako umore lurtarrarekin eta hiriko bizitzarekin nahasten ditu. “Bilbotarra naiz, urbanita militantea, tabernak eta lagunekin egotea gustuko dut”. Hor ere egon da bilakaerarik, ordea, eta bere lanean eragina izan duela dio: “Orain lasaiago nago egurrezko etxolan. Hamar urte dela Artxandan bizi naiz, toki estrategiko batean tabernetatik bost minutura, baina gauez kilkerrak entzuten ditut, ez tabernarik, ez autorik. Eta uste dut harremana duela orain zortzi urte nire ahotsa aurkitu izanarekin”.

"Gerediagaren moduko poesia sentitzeko saiakera egin nahi duenak hobe luke aurretik presak eta gainestimulazioa bridatu –ariketa batere erraza ez–"

Poema borobila irrikatzen du Gerediagak, “behin eta berriz itzuli zaitezkeen poema bat, beti lasaitzen zaituena eta zer edo zer esaten dizuna. Ahopeka edo ozen irakurrita beti borobila iruditzen zaizuna. Hau da, ezinezko bat”. Ezinezkoa, dio Martínezek, poesiaren izateagatik beragatik: “Zer esaten du poemak? Bada, poemak esaten duena –‘bai-bai’, Gerediagak–. Hizkuntza poetikoak hori du bere alde, ebokadorea izatea, esatearen mugan egotea, esanezina esan nahia; poemek hizkuntzaren mugetatik eta diskurtsotik kanpoko zapore bat uzten dute”. Borobiltasun zorionez ezinezkoa, irrikatu arren ez baitu lortu nahi: “Seguruenik izango litzateke hiltzea, sentitzea ‘amaitu dut egin behar nuena, ez daukat bultzatuko nauen ezer’; espero dut hori oso zahar eta nekatuta nagoenean heltzea, edo ez lortzea eta idazten jarraitzea”.

Naturaz eta barne paisaiez mintzo den poesia, hizkuntza txiki gutxitu batean, irakurleari geldotasuna eta bihotz bigundua eskatuz... Ahanzturara kondenatutako ahotsa lirudike Gerediagarenak garaiotan, baina bazterrekoa izanagatik ere, badu bere txokotxoa irakurleen artean eta, “zabaltzeko aukerari” uko egiten ez dion arren, “ondo hartua eta gustura” sentitzen da bertan. Garaien gainetik, poesiara bultzatzen duen bulkada beste askorena ere badela uste du. Horregatik jarraituko du poetak idazten, eta horregatik egongo da beti poema poltsikoan kukutuko duen irakurlerik, irakurtzeko une aproposaren zain.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Politono bat entzun nahi?

PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024

--------------------------------------------------

Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]


Umore zoroa

Non sense liburua
Edward Lear
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide
Denonartean, 2024

----------------------------------------------

Edward Lear idazle eta ilustratzaileak 1846an argitaratu zuen esku artean dugun obra hau. Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioen bezala,... [+]


Hitzen poetika

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]


Paula Estevez
“Irudia alboratuta geratu da beti Euskal Herrian”

Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]


Amore eman, ala ez

Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024

----------------------------------------------------

Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


Marigorringoak Afrikan

Guardasolak euria nahi du
Patxi Zubizarreta
Ilustrazioak: Irrimarra
Ibaizabal, 2024

---------------------------------------------

Duela 30 urte argitaratu zuen Patxi Zubizarretak Marigorringoak hegan liburuxka; J. M. Lavarellok ilustratua eta Edebé argitaletxe... [+]


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


2024-12-04 | Aitor Aspuru Saez
Craig Thompson
“Trumpen hautaketak eragin zuen trauma kolektiboaz badago osagai bat komikian”

Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]


Nire neure

Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Elkar, 2020

-------------------------------------------------------

Askotariko testuak eta liburuak argitaratu ditu Miren Agur Meabek. Literatur genero guztiekin aritu da: haur eta gazte literatura,... [+]


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


Francesca eta Maddalena

Barrengaizto
Beatrice Salvioni
(Itzulpena: Fernando Rey)
Txalaparta, 2024

------------------------------------------------

Barrengaizto izenburua aukeratu du Fernando Reyk Beatrice Salvioni-ren La malnata itzultzeko. Reyk dio idazlearen ahotsa izaten ahalegindu dela,... [+]


Eguneraketa berriak daude