argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Matrimonioaren alde
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko urriaren 27a

Gertatzen zait: gauza batekin hasi eta bukatu arteko bakerik ez dudala. Gertatzen zait telesail, gaileta pakete, ginebra botilarekin. Idazleekin ere bai, asko gustatzen bazait. Adibidez Julian Barnes, hasi nintzen El loro de Flaubert aski ezagun eta aski gomendagarriarekin –gaztelaniaz irakurri dut, sorry–, eta bukatu dut, momentuz behintzat, Con los ojos bien abiertos arteari buruzko saiakera bildumarekin –zeina, bide batez, Harkaitz Canok gomendatu zidan liburu aurkezpen batean; tira, gomendio orokorra izan zen, baina, Barnesekin enamoratuta, gomendio pertsonaltzat hartu nuen–. Euskaraz dagoen Istorio bakarra irakurri gabe daukat oraindik, ze zortea.

Saiakera bildumatik atentzioa eman didaten gauzen artean –artearekiko ditudan hutsuneak ezin asmatuzkoak dira–, ezagutzen ez nuen Odilon Redon pintoreari eskainitako sarrera. Bertan aipatzen da matrimonioa, ze hitz zatarra, artearen etsaitzat hartu izan dela XIX-XX. mendeko artisten artean. Ezin bazen ekidin, gomendatzen zela eramatea bizimodu bikoitza. Neronek, aldiz, nahi gabe noski, gehiago jarraitu izan dut Flauberten aholkua, eta eraman dut bizitza bat aski ordenatua eta aski arrunta, gero tarteka idazten dudanean akaso izateko askexeagoa.

Matrimonioa, beraz, ze hitz zatarra, dei diezaiogun bi gizabanakoren arteko bizikidetza adostu, etengabe errebisagarria –kontzeptu horietako bakar bat betetzen ez badu, niretzat jada beste gauza bat da–. Ez zait iruditzen hain txarra. Iruditzen baitzait horren barruan, ez bada dena, gauza asko kabitzen dela. Eta ez dut nik ezeren apologia egingo noski, are gutxiago zirkulu aurrerakoietan hain prentsa eskasa daukan gauza batena –nahiz gero zirkulu aurrerakoi horietan beretan segur aski bizitzeko forma nagusia izan–. Baina, kontxo, hain gaizki ere ez zait joan, esango nuke ez zaigula joan. Eta tarteka gauza onak ere haizatu behar dira.