Argiki erran dezagun: ez dut maite idazki horren gaia. Ez dut maite, gai horrekin ez naizelako eroso senditzen eta militante naizenetik ditudan printzipio asko zangopilatzen dituelako. Baina gure etorkizuna serioski baldintzatzen duen heinean, ondoko lerroetara ekarri nahi nuke hala ere.
Hiru hilabeteko itxialdiaren ondotik, uda osoan gure bazterrek gainezka egin dute. 2019an “turismoa barnekaldean eta urte osoan” garatuko zutela zioten hautetsi berdinek erraten digute orain “doitu” behar dela. Turismo kontrolaezin horrek bere zakuan dakartzan kalteen artean, lurraldearen erakargarritasunaren areagotzea da.
"Urtero, 3.000 pertsona datoz bizitzera 300.000 biztanle dituen 3.000 metro koadroko lur zati batera (Lapurdi, Baxe Nafarroa, Zuberoa)"
Datuak hor dira: urtero, 3.000 pertsona datoz bizitzera 300.000 biztanle dituen 3.000 metro koadroko lur zati batera (Lapurdi, Baxe Nafarroa, Zuberoa). Parisko erretiratu zaharren figura topikoaz haratago, 20-49 urte arteko bikotea da nagusi. Hots, aktiboak eta familiak. Gaur egun, Ipar Euskal Herrian bizi den biztanleriaren % 42,8a ez da Euskal Herrian sortua. Konfinamenduak hiritar exodo berri bat sortu du: hiru hilabetez telelana esperimentatu duten dirudunen partetik eskaera berri frango jasotzen ari dira tokiko etxe agentzietan.
Ez da fenomeno berria. Baina geroz eta jende gehiagok pairatzen ditu presio horren eraginak: herrian bizitzeko ahalik ez duten gazteek, lurraren desjabetzeaz mehatxatuak diren laborariak eta oro har espekulazioak presionatutako herritarrak. Harrigarria da Ipar EHko biztanleria zabal batek diagnostikoarekin bat egitea, baina soluzioak hain gutxi aipatzea. Eskuin muturreko erretorikan ez lerratzearen beldurrez behar bada?
Dena dela, Euskal Herria beti izan da harrera eta pasaia lurraldea. Horrek egokitu du gure nortasun kolektiboa eta kultura. Besteekin nahasteak dakarren aberastasunaz jabeturik, ez ditzagun ukatu bi estatuen asimilazio prozesuak. Hots, migrazio fluxuek toleranteago eta multikulturalago bihurtzen bagintu, bikain. Baina gurera bizitzera datozen %91,5a frantses estatukoak izanki, ez ote du horrek azkartzen jadanik indarrean den dinamika bat?
Adibideak ez dira falta gure etorkizunean duen eragina ilustratzeko. Ekintzaile garenok errealitatea aldatzea amesten badugu, gai horri ere heldu beharko diogu. Euskal herritar berriak amesten dugun herria eraikitzen lagun gaitzan, ez dugu jasan behar. Ez dugu mugarik nahi eta aniztasunaren errespetua dugu oinarri. Inklusio eredu berriak asmatuz, transmisio kanalak indartuz, diruaren erreinuari eraso eginez, Euskal Herri barneko turismo estrategiak diseinatuz… lor dezakegu. Baina bada lan!