El Drogas dokumentala ikusi berritan, protagonistarekin mintzatu gara. Barricada talde mitikoa, bere socia-rekin drogen mundura eginiko joan eta etorriko bidaia, feminismoa, memoria historikoa, literatura, alzheimerra, politika, bilobak, eszenatokiak... Gauza piloari eman diogu errepasoa. “Gustura, ostia!”, berak esanen lukeen bezala.
18 urterekin baxua hasi zen jotzen eta Punk Sapos Band eta Kafarnaun taldeetan aritu zen. 1982an soldaduskatik itzulitakoan Barricada sortu zuen Txantrea auzoan Boni, Mikel Astrain eta Sergio Osésekin. 25 disko kaleratu eta milioi bat kopia baino gehiago saldu zuten 30 urtean. 2011n El Drogas kaleratu zuten eta handik urte eta erdira desagertu zen Barricada. La venganza de la abuela, Txarrena eta gaur egun El Drogas bandarekin jarraitu du bere ibilaldia, denera beste hamar disko kaleratuz. Mamen Irujoren socia, bi seme-alabaren aita eta bi biloben aitatxi da.
El Drogas dokumentalak oso harrera ona izan du ikusleen partetik.
Zu gustura gelditu zara?
Orokorrean gustura, bai 80 minutu hauetan kontatzen denarekin baita jendeak nola hartu duen ikusita ere. Dena den, dena hartzea ezinezkoa da eta penaz gelditu naiz, adibidez, Motxila 21 taldearen gaia ez delako aipatzen, baina neurtu behar da denbora. Bestalde, Barricadaren nire ikuspuntua ematen dut, baina ez da Barricadari buruzko dokumentala.
Barricada eta 80ko hamarkadako Txantrea bereizezinak dira?
Norbaitek egiten duena ulertzeko bere testuinguruan kokatu behar da. Faktore komun asko genituen estatuko beste toki askotako errealitatearekin, horregatik Madril, Bartzelona eta baita hiri txikiagotako langileen auzoetan ere, gure musikak harrapatzen zuen jendea. Franco hil ondorengo urteak oso gogorrak izan ziren. 1980ko hamarkadan sartu zen zaldia [heroina], auzo askotan, familia askotan. Maiz galdetzen diot neure buruari zergatik dagoen boterea drogen legalizazioaren aurka. Ghettoak sortzeak berekin dakar zaborra diamante prezioan ordaindu behar izatea eta horrek familia askoren egitura eta ekonomia hondatzen ditu. Estatuak berak dira negozio ilun horiek guztiak maneiatzen dituztenak. Begiratzen hasten bazara ikusiko duzu heroina trafikoa pasatzen zen bideetatik, pasatzen direla orain armak, organoak, emakumeak… dena kakazahar bera da eta haren aurka egiteak ezinezkoa dirudi.
Drogaren zabalkunde hartan motibazio politikoak ere funtsezkoak izan ziren?
Jakina. Eta ez bakarrik Euskal Herrian, Bartzelonan eta Madrilen ere bai. Auzoetan zeuden elkartasun mugimenduak suntsitu nahi zituzten. Hori dena itzaltzeko erabiltzen ziren zaldia eta beldurra, batez ere lana galtzearen beldurra. Lehen, Francoren garaian alkohola eta erlijioa, herriaren opioa, erabiltzen ziren horretarako. Beti trafikatzen da ideia eta sustantziekin.
Eta orain?
Orain oso latza da langile auzoetan gertatzen ari dena apustu etxeekin, adibidez. Arrotxapea, esate baterako, Iruñean elkartasun-sare sendoena duen auzoa da eta hau da, hain zuzen ere, apustu etxe gehien duena. Ez da kasualitatea. Pertsonaren indibidualismoa bultzatzen da. Eta guk dena sinesten dugu. Ongi legoke errealitatetik gertuagoko irizpideak bagenitu.
Arteak laguntzen ahal du irizpide horiek eraikitzen?
Niri bai, behintzat. Nik egiten dudanak produktu izaten bukatzen du, niri gehiegi ez gustatu arren, baina behintzat saiatzen naiz produktu hori mantendu dadila ahal den eta fidelen nik pentsatzen dudanarekiko. Nire lanekin jendeak bere irizpide propioak egin ditzan nahi dut. Ez dago deus arriskutsuagorik norberak bere kabuz pentsatzea baino.
Norbaitek katua sakatu behar duela zioen musikariak, nola darama zentsurarena?
Guri Barricadan bi abesti zentsuratu ziguten garaian, Negu Gorriaken afera ari zen gertatzen Galindorekin, beraz, horren ondoan, gurea irrigarria zen. Polygram multinazionalak Bahía de Pasaia abestia kendu zigun laugarren diskotik. Mamen, nire socia [bikotea], Egin-etik pasa zen informazio bila eta hala sortu zen kanta.
Gero seigarren diskoan beste bat zentsuratu ziguten: En nombre de Dios, Opusi erreferentzia egiten diona. Badu puntu umoretsua, eta literarioki asko gustatzen zitzaidan estribilloa: “sacramento, sacrosanto, sacristán sacrificado, sacrilegio consagrado, la señal del santo cristo…”. “Ostia, zer ona naizen!”, pentsatu nuen. Polygrameko arduradunarekin eztabaida latza izan nuen eta ikusi nuen morroia nola jartzen zen zurbil. Handik gutxira aldizkari batek argitaratu zuen single pirata bat bi kantu horiekin eta oihartzun oso zabala izan zuen. Kontzertuetan jendeak eskatzen zituen eta goitik behera zekizkien letrak. Ikaragarria izan zen.
Eta autozentsuratu zara noizbait?
Ez dut inoiz sentipen hori izan, baina bai iruditzen zaidala, hori nolabait gertatzen ari dela rock munduan, edo behintzat ni mugitzen naizen eremuan, ez delako posible rock munduak horren gerra gutxi ematea.
Duela zortzi urte Demasiado tonto en la corteza disko hirukoitza atera nuen. Matxinada abestian politikari batzuen kritika egiten da eta Vamos a desahuciar a la Casa Real diogu, baina inork ez du ezer esan. Agian kontua da beldurrik ez diegula ematen jada.
Auzitegi Nazionalaren beldurra hor dago beti, sortzaileen buruan?
Izan daiteke. Ez dakit. Hala ere, iruditzen zait rockaren munduan jende asko lentejuelekin itsututa dagoela eta mezuak albo batera gelditzen ari dira.
Egungo musikaren panoramari dagokionez, reggeatona gustukoa ez dudan arren, kezkatzen nau haren kontra dagoen oldarraldiak, AEBetatik datorren industriari aurre egiten dion mugimendu bakarra denean. Ongi iruditzen zait aztertzea zeinen matxistak diren letra batzuk eta hori guztia, baina hori ere ez da berria eta ez da soilik gertatzen estilo honetan. Gurean ere matxistak izan gara eta bagara! Asko aldatu behar da, norberarengandik hasita. Gizonok gure alde femeninoari ateratzen utzi eta bigarren lerrora pasatzen ikasi behar dugu. Niretzat plazerra da fardelak aldatzea, adibidez. Gainera lehena ez bazara, matxoena ez bazara, frakasatua besterik ez zara.
Aldatuko litzateke mundua emakumeon mezuak ozenago adituko balira?
Nik uste dut baietz, dena den orokorrean hitz egitea oso arriskutsua da, baina iruditzen zait zentzu handiagoa dagoela emakumeen pentsamendu globalean, harreman zuzenagoa dutelako lurrarekin, naturarekin eta tradizionalki besteak zaindu eta etxeak antolatu dituztelako. Elkartasuna eta enpatia landu dituzte gehiago eta hori da denok ikasi behar duguna.
Gero eta gutxiago fidatzen naiz asanbladez, batez ere gizonek osatzen badituzte. Alderdi politikoak ere ez zaizkit gustatzen. Kortse moduko bat dira, eta hori da dagoen gauzarik antidemokratikoena. Enpatia sustatu behar dugu, ergeltasun maila jaitsi nahi badugu.
Enrique Mayarengatik kapaz nintzateke berriro haxixa erretzeko: “Enrique, izenkide, goazen peta bat erretzera eta hitz egitera eta utzi pailazoei beren lana egiten”.
Kutxi Romerok dio irakurketak salbatu zaituela. Zer irakurtzen duzu?
Denetik, plazer ikaragarria da niretzat. Batez ere poesia. Kontakizun laburrak ere oso gustuko ditut. Julio Ramón Ribeyroren ipuin batean oinarritu naiz disko bat ateratzeko.
Irakurtzen eta idazten dudanarekin jolastea gustatzen zait. Askotan plagioa deabrutu egiten da eta ez da aintzat hartzen zeinen ederra den bitxigintzan egiten den bezala, diamante bat hartu, eta beste pieza landu batean ezarri bitxi berri bat sortuz. Hori da niri gustatzen zaidana testuekin egitea. Orain liburu bat ari naiz idazten eta zimikoa egin nahi diot jendeari aipatzen ditudan egile horiek irakur ditzan. Eta aldi berean, proposatu nahi diot irakurleari berak ere beste pieza berri bat egin dezan irakurritakoaren gainean. Literatura, arraioa, jolasa da!
Ez zait interesatzen lehena izatea ezertan, ikasten segitu nahi dut, besterik ez. Luxua da. Bizitza sekulako eskola da, baina askok ez dute aukerarik. Konfinamenduan ez nintzen geldirik egon: orain 300 orrialde ditut, eta bost kanta berri.
Dokumentalean familiarekiko duzun atxikimendua nabarmen erakusten da. Ez da oso ohikoa rock izar batengan, ezta?
Gu halakoak gara. Seme-alabarekin asko gozatu nuen txikiak zirenean, baina bilobekin jabetzen naiz denbora azkar pasatzen dela eta gaur ikusten duzun gauza bakoitza ez dela errepikatuko. Une jakin batean haien bizitza bizitzera joanen dira eta nik antsia dut une guzti-guztiak bizitzeko.
Eta drogei buruz ere modu garbian hitz egiten duzue. Zer kontsumitu duzu?
Ia denetik. Ematen du zaldia ere sartu dudala, baina ez. Nik suertea izan dut txikitatik asma izan dudala eta probak egiteko ziztada asko egin didatenez, orratzak ezin ditudala ikusi ere egin. Baina speed, anfetak, perika [kokaina]… bai. Esaten zuten koka-k ez zintuela harrapatzen… Gainera, sartzen zenuena kaka hutsa zen.
Heroina introspektiboa da eta besteak, aldiz, kanpora begirakoak, ongi pasatzekoak. Nik hitz egiten nuenean zaldia-ren menpeko zen jendearekin, haien bizi filosofia askoz interesgarriagoa iruditzen zitzaidan. Ni bakartia izan naiz beti eta haiekin identifikatzen nintzen gehiago, baina orratzekin ezin nuen.
Zergatik sartu zinen putzu horretan?
Gauza berriek atentzioa ematen dizute eta hormonen iraultzaren urteetan, are gehiago. Leherketa bat da. Gainera arrakasta baduzu, protagonista zarenean, ez zara pentsatzera gelditzen eta gau bakoitza azkena balitz bezala bizitzen duzu. Orduan, bat-batean, aurkitzen zara egoera ergel batean, non zure indar guztiak sustantzia bilatzera bideratzen dituzun. Ni honetaz ohartzean hasi nintzen kontsumoa nabarmen jaisten. Kontzertuetara nindoanean drogazaleena, mozkortiena eta makarrena nintzela erakusteko beharrik ez nuen sentitzen jada. Histeriaz inguratuta nengoen, baina ez nuen parte-hartzen horrenbeste. Etxean ere ikusi genuen beharrezkoa zela gauzak bere tokian jartzea eta, horrela, Mamenek eta biok prozesu oso polita hasi genuen; dagoeneko badira 20 urte ezer hartzen ez dudana, ez drogarik ez alkoholik ere. Dena den, ez dut uste mundu hori deabrutu behar denik, adizio mota asko daudelako. Pertsona hauek guztiak ez dira putakume batzuk. Bultzada bat behar dute gaixotasun hori onartzeko eta aitortzeko. Zu aditzeko prest dagoen norbait ondoan izatea behar da.
Eta eszenatokia zer da zuretzat?
Biloben ondoren gauzarik handiena da. Nire ofizioa da eta luxua da gustatzen zaizun horretatik bizitzea. Gainera, honek gehiago irakurtzera eta musika gehiago entzutera eramaten nau, ikasten eta konposatzen segitzeko. Egoismo hutsagatik nago ni honetan. Nahasten ditut ofizioa eta zaletasunak. Nik gozatu egiten dut eszenatokian, jendeari nire ideiak bidaltzen nire listua eta izerdi tantekin batera.
Hori ez da oso egokia Covid garai honetarako…
Bai, baina niri gustatzen zait areto txikien batailetara sartzea. Jendearen ondo-ondoan egon, mota guztietako jariakinak trukatu… Jaialdi handietan hori ez da gertatzen, dena handiagoa delako, hotzagoa, baina areto txikietan bai. Izorratua ikusten dut panorama. Pandemia honek lehenagokoa eta ondorengoa markatuko ditu bai, baina lehenago ere egoera bereziak egon dira, gero eta maizago: HIESA, behi eroen gaitza, SARS, MERS… Hasten ari gara gauzak beste modu batez ikusten.
Eskrupulosoagoak izanen gara?
Baietz uste dut nik. Eta putada bat da. Ni betidanik hotzagoa izan naiz. Ama besarkatzen hasi nintzen alzheimerra diagnostikatu ziotenean. Orduan jakin nuen zer den besarkadak ematea eta besarkatua izatea, ostia! Eta zeinen gustura ibili naizen zortzi urteotan bera laztantzen eta ipurdia garbitzen. Eta orain, hain gustura nagoela nire inguruko jendea besarkatzen, kakazahar hau ateratzen da. Kontaktu fisikoarekin lortzen duzun konexioa ordezkaezina da.
Pandemiaren erdian joan zitzaizuen ama, ezta?
Bai. Apirilaren 2an hil zen, pertsona gehien hil zen egunean. Oso ahul zegoen eta ez dakigu birusa harrapatu zuen ala ez, baina berdin dio, modu batez edo bestez bukaeran zegoelako. Oso gogorra izan zen, azken egunetan ezin izan genuelako ikusi eta errausketara ere bakarrik hiru pertsona joateko baimena zegoelako; eta gainera, iritsi ginenerako jada erraustuta zegoen. Gero, ahal izan genuenean, familia osoa bildu ginen bazkari bat egiteko. Nik ez dut mezarik behar agur esateko. Beste askok bakardadean pasa behar izan dute dena eta hori latza da.
Txantreak jarraitzen du izaten auzo gatazkatsua?
Gauzak aldatu dira toki guztietan. Agian orain, Txantrean eta beste toki askotan, arazo nagusia mugimendu asoziatiboan dagoen banaketa da. Betidanik bi joera izan dira: sindikala, auzoetako apaizen laguntzarekin askotan, alde batetik, eta abertzalea bestetik. Eta azken honetan orain dagoen desadostasunak banaketa ekarri du auzora. Euskal Herriko mugimendu sozialetan askotan ezker abertzalea saiatu da indarrak biltzen, okupazioa edo intsumisioaren inguruan, adibidez. “Egin soldaduska ETAn”, esaten ziguten eta batzuek ez genuen nahi ez armadan eta ez ETAn ere. Nire ustez, ezker abertzaleak ez du jakin izan bere papera zehazten. Erakunde armatu bati abangoardia izaten utzi dio helburu sozial eta politikoak lortzeko, eta XX. eta XXI. mendeetan hori ulertzea oso zaila da. Eta honekin batera, noski, estatuaren gerra zikina dago, molestatzen dugun guztiak ETA garela esanez.
Zure dokumentala estreinatu zen Zinemaldian eta han bertan ere Patria telesaila aurkeztu zuten.
Patria liburua ez dut irakurri, baina neure buruari zin egin diot irakurriko dudala, ez dudalako kritikatu nahi irakurri gabe. Telesaila ez dut ikusiko. Ez zait interesatzen. No hay tregua kanta sartu nahi zuten eta ezetz esan nien. Imajinatzen nuen tiroek nondik joko zuten, eta ez nuen nahi. Nola konpondu behar dira arazoak horretarako borondaterik ez badago?
Bonirekin egin zenuen bezala?
Ni Barricadatik bota ninduten. Pertsona batzuen ego arazo bat izan zen, baina Boniren aurka ez daukat ezer. Ez litzaidake inportako elkartzea akorde batzuk egiteko. Hemen zoriontsuak ginateke. Ez dugu Barricada berreskuratu behar, ez diogulako inori ezer demostratu behar. Nik Barricadarekin bizi izan dudana ez nuke ezeren truke aldatuko, eta 30 urte horiek nire oinarria dira egiten dudan beste guztirako. Horrekin gelditzen naiz.
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]
Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]
Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024
------------------------------------------
Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]