argia.eus
INPRIMATU
Laugarren protagonista da Xala
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2020ko urriaren 21
Xala | Cynthia Ozick | Itzultzailea: Koro Navarro | Pasazaite, 2017.
Xala | Cynthia Ozick | Itzultzailea: Koro Navarro | Pasazaite, 2017.

Bi testu barnebiltzen dituen liburua da Xala. Lehenengoak liburuari izenburua ematen dio eta 1980an argitaratu zen lehenengoz. Sei orrialdetan kontatzen digu preso juduen hiru eguneko martxa. Eta ezaguna zaigun istorioa baldin bada ere, muga etiko eta humano guztiak gainditzen dituen egoera baten salaketa egiten du tonu gordin eta zuzena erabiliz. Kontakizun bikaina da, izan ere, indar handiko elementuak aukeratzen jakin du autoreak eta orrialde gutxitan inpaktu handia sortzeko gaitasuna dutenak. Martxa horren parte izango dira Rosa, bere iloba Stella eta xal batean batuta daraman hilabete gutxiko alaba, Magda. Pentsa genezake protagonistak hiru direla. Baina xalak haurra elikatzeko duen gaitasunak, babesteko eta berotzeko funtzioak eta psikologikoki –batez ere Rosari, baina guztiei– ematen dien segurtasunak laugarren protagonista egiten du.

Hilekoa ere galdu dute gosearen, nekearen, logurearen eta shock emozionalaren ondorioz. Izugarrikeria ilustratzeko adibide eta pasarte garbi bat.

Bigarren testua nobela motz bat da. 1983an argitaratu bazen ere, Xala kontakizunaren jarraipen gisa irakur dezakegu. Rosa Miamin dago gerra amaitu zenetik eta urte batzuen ondoren. Xala gordea du oraindik eta ilobarekin eta alabarekin eskutitz bidez komunikatzen da. Hemen ere orrialde gutxitan kontu sakon askoren inguruan hausnartzeko aukera irekitzen du: ama hizkuntza, heriotza-esparrua bezalako esperientzia bat bizitzeak uzten duen ondorio psikologikoa, (sa)mina, prekarietatea, noraeza, arrazismoa, patriarkatua… Pertsonaien harremanen bitartez harilkatuko ditu gai horiek guztiak Cynthia Ozick-ek.

1989an bi testuak elkarrekin argitaratu zituzten bezala argitaratu zituen Pasazaitek 2017an. Koro Navarro Etxeberriaren lumatik pasatako itzulpena da. Sarri irakurri dut itzultzea berridaztea dela, eta Koro Navarrori ere zorionak, itzulpen zoragarria da-eta Xala. Cynthia Ozicken lana euskarara itzultzen zen lehenengo aldia zen, eta momentuz bakarra. Kritiken hemerotekan bi kritika baino ez ditu. Honekin hirugarrena. Txikia eta laburra izanagatik irakurketa intentsu eta benetan aberasgarria.