argia.eus
INPRIMATU
Lamia
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2020ko urriaren 21a

Joan den buruilaren 6an iragan da Saran Idazleen Biltzarra. Pazko biharamunean gertatzen da usaian Iparraldeko liburu azoka ezaguna. 2017az geroztik, gainera, bi egunez antolatua da: publiko zabalarentzat lehen egunean, bigarrenean profesionalentzat. Aurten, osasun egoerarengatik, bigarren egun hori ezeztatua izan da, baina lehena izan da, eta txalotzekoa da. Jendea hurbildu da, eta plazer handiz erakusmahaien artetik hara-hona ibili naiz ni ere, plazaratu liburu berrien aurkitzeko, hostokatzeko edo etxerako hartzeko.

Argitalpen gustagarri franko begiztatu ditut, eta argitaletxe berri bat ere deskubritu. Hori da Hendaian kokatua den Lamia “euskal argitaletxe kosmopolita”. Webgunean ikus daiteke “hemengo eta kanpoko literaturak” publikatu nahi dituztela etxe horren editoreek. Zehazki, Lamia argitaletxeak bi ardatz dituela ulertu dut: alde batetik, frantsesez idazten duten Euskal Herritarren sorkuntzak argitaratzen ditu, edo Euskal Herriarekin lotura duten testu edo idazleen lanak; bestaldetik, euskarazko literatura hartzaile frankofonoari ezagutarazteko “xantza” eskaini nahi dio, frantsesezko itzulpenak plazaratuz. Bi ildo horien oinarria, kalitate literarioa omen da. Eta hain zuzen ere, argitaletxeak momentukoz salgai dauzkan Gil Arrocenaren bi obrak, Un étrange ravissement eta Élégie basque, gustatu zaizkit eta ontzat dauzkat. Autoreak zorroztasun estilistikoa zaintzen du, unibertso berezi bat eraikiz.

Nik literatura ona preziatzen dut. Hizkuntza ezberdinetako idazleen liburuak aztertzen eta maitatzen zaletu naiz, eta obra on berriak aurkitzeak altxor bat aurkitzen duen urre bilatzailearen poz sakona eragiten dit.

Bizkitartean, Euskal Herritarren frantsesezko obrak argitaratzean, Lamia argitaletxe “euskaldunak” azken hamarkada hauetan Euskal Herrian agertu funtsezko galdera itzularazten du: zer da “euskal” literatura? “Euskal” argitaletxea? “Euskal argitaletxe kosmopolita”? Zer zilegitasunez erabiltzen ote du “euskal” adjektiboa Lamia argitaletxeak, bere ildo editoriala kualifikatzeko?

"Zer da 'euskal' literatura? 'Euskal' argitaletxea? 'Euskal argitaletxe kosmopolita'?"

Euskaldun izatea, egungo multikulturalismoa onestea da, diote Lamiak bezala pentsatzen dutenek; euskaldun izatea, Édouard Glissantek “mundialitatea” deitzen duen kultur aniztasuna eta kultur nahasketa asumitzea da, ahalkerik gabe, alderantziz, harrotasunez. Hor delako, horrela; gurea delako. Eta aniztasuna irekidura da, harreman aberats eta loratzearen sinonimo.   

Euskaldun izatea, mundu kosmopolita honetan geurea bereiztea eta garatzea da, diote beste batzuek. Kulturen uhartedian –Glissanten hiztegiarekin jarraitzeko–, gure uhartearen berezitasuna elikatzea da, uniformizazio itogarrian ez urtzeko. Gure bidea egitea da, gure argi propioz proposatzea munduaren interpretazioa.

Bi jarrera horien arteko hautu ideologikoa egitea ezinezkoa zait. Nago behin eginen dudanez. Errealitate bortitzaz egiten dudan azterketa kritikoak eta mendera ezin dezakedan barne-oldar batek bigarren posizionamenduaren alde plegatzen nau, indar handiz; isuri hori zentzuzkoa, zuzena eta beharrezkoa iruditzen zait. Ezin uka, haatik, kultur nahasketaren ibaian murgilduak garela, eta maiz emozionalki gozagarri eta intelektualki estimulagarri zaidala egoera hori, bereziki kalitate estetikozko obretan gauzatzen delarik.

Egongaiztasun horretan dantzan nagoela oroitarazi didate Gil Arrocenaren liburuek, bai eta literatur onak gure baitako kontradikzioak onarrarazten ahal dituela ere, baketsuki.