argia.eus
INPRIMATU
Europako diru laguntzak: ‘business as usual’
Endika Alabort Amundarain @autogestioa 2020ko urriaren 21

Europatik edozein pertsona arruntek neurtu ezin duen diru kantitatea helduko da gurera. Ekonomiaren gainbehera nabaria da: Nafarroan Barne Produktu Gordina %9 eta %10,2 artean erortzea estimatu du AIReFek; Euskal Autonomia Erkidegoan emango den murrizketa, berriz, %9,5 eta %11,8 artean estimatu du. Hau asko ala gutxi da? Milioi eurotan adierazten badugu, Nafarroan 1.920 eta 2.176 milioi euro artean jaitsiko da eta EAEn, 7.104 eta 8.824 milioi euro artean.

Sarritan, milioi euroak aipatzen denean, zaila egiten da kopuru hori buruan irudikatzea. Jaitsieren garrantzia hobeto ulertzeko, aurrekontu publikoekin alderaketa egingo dugu: Nafarroako kasuan, BPGren jaitsiera hori 2020ko aurrekontuen %42 eta %48 artean aurkitzen da eta EAEren kasuan, Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuen %60,3 eta %75 artean kokatzen da. Ikus daitekeenez, kolpea latza izaten ari da.

Udan Europar Batasuneko aurrekontua eta diru laguntzak negoziatu ziren. Urte Anitzeko Finantza Esparrua, 2021etik 2027ra bitartean EBren aurrekontua dena, 1.074.300 milioi eurotan adostu zen, aurreko epealdikoa (2014-2020) baino 12.897 milioi euro murritzago. Aldiz, asko txalotu izan da Next Generation EU plana, 390.000 milioi euro diru laguntza

"Bruselatik dirua ez dator inoiz doan: egiturazko 'erreformak' izango dira hauen ordaina"

zuzenetan esleituko dituena, 360.000 maileguen bidez. Espainiako Erresumak 72.700 milioi euro diru laguntza zuzen moduan jasoko du eta 67.300 maileguetan. Hauxe, asko ala gutxi da? Ideia bat egiteko, Erresumari zuzeneko laguntzetan tokatzen zaiona bankuen erreskatearen antzeko kopurua da (itzuliko ez dena, bide batez esanda); 2020ko urtarriletik ekainera bitartean BPGan galdutakoa; edo 2008tik bankuei injektatu zaien diru guztiaren %20.

Hala ere, oharkabean igaro den elementu bat akordioaren puntu zehatz bat izan da. Bertan zehazten da estatu kideek, diru laguntzak jasotzeko euren erreforma eta inbertsio-programa azaltzeko “Berreskurapen eta Erresilientzia Plan Nazionalak” egin behar dituztela. Bruselatik dirua ez dator inoiz doan: egiturazko “erreformak” izango dira hauen ordaina.
Txoko txiki honetan, Jaurlaritzak eskatuko duen kantitatea publikoa egin da, 11.000 milioi euro jaso nahi du, beren urteko aurrekontuaren antzeko kantitatea, edo 2018ko EAEko Administrazio Publiko guztien gastuen %60a. Oposizioari esker jakin dugu zertan gastatu nahi den: ia erdia AHTko lanetan, Iberdrolan eta Petronorren xahutuko dira.

Kolpe ekonomikoa latza izaten ari da, lehen aipatu denez. Egoera gainditzeko EBk diru inbertsioak sustatzeko erreminta abian jarri du, horien artean Next Generation EU. Ekonomia trantsizioa bultzatzeko martxan jarri dira, baina agerian geratzen ari da betiko negozioa bultzatuko dela, aukera garrantzitsu bat galduz. Horren atzean dagoen mekanismo bat “path dependence” da: agintariek hartzen dituzten erabakiak, iraganean hartutako erabakien edo esperientzien araberakoak direla. Berdin du zenbat diru eskaintzen den, ez da posible izango ekonomiaren norabidea beharrezkoa den era erradikal batean aldatzea, pertsonak eta natura alde batera uzten duen ekonomiaren norabide honetatik irtetzea oso zaila izango da.

Arazo sistemikoen aurrean gaude. Sistema eraldatzen duten aldaketak behar ditugu. Hori ez da EBko diruaren bitartez lortuko, agerian geratzen ari den bezala. Gure erronkarik handiena bestelako bideak zabaltzen jarraitzea da, jakinik bertoko elite politiko eta ekonomikoa ez dagoela hori egiteko prest. Baina beti izan da horrela, ezta?