argia.eus
INPRIMATU
Argien (eta ilunen) polizia
  • Paris, 1667. Luis XIV.aren erregeldian, Colbertek hiriburuko polizia lotinantaren postua sortzeko agindua eman zuen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko urriaren 20a
‘Poliziaren atxiloketa’ (1757), Jeanrat-ek egina eta J.C. Duflos-ek grabatua. (Archives Nationales)
‘Poliziaren atxiloketa’ (1757), Jeanrat-ek egina eta J. C. Duflosek grabatua. (Archives Nationales)

Paris izan zen hiri polizia talde bat sortzen lehena XVII. mendearen bigarren erdialdean, baina polizia egitura modernoak, Parisen zein Europako beste hiri nagusietan, hurrengo mendean antolatuko zituzten, Argien mendean. Horrenbestez, ideia ilustratuek eragin handia izan zuten poliziaren antolaketa berrian, eta horixe erakutsi nahi du Frantziako Artxiboan 2021eko urtarrila bitartean zabalik dagoen La police del Lumières (Argien polizia) erakusketak. 200 bat dokumentu original bildu eta xehetu dituzte horretarako.

XVIII. mendean polizia profesionalizatu eta espezializatu egin zen; orduan sortu ziren lehen detektibeak. “Ordenari eusteko” aterki zabal eta lausoaren azpian, lan eremu asko egokitu zitzaizkion polizia berriari: lan arauak kontrolatzea, osasun publikoa zaintzea, delituak saihestea, pertsonen eta gaien zirkulazioa hobetzea… Ideia ilustratuen optimismoarekin bat eginez, polizia hobekuntzarako instituziotzat jotzen zuten, gizakien zoriontasuna bermatzeko tresna ia zientifikotzat, aurrerapenerako bitartekotzat. Gainera, beste eremu batzuetan egin ziren aldaketak lagun izan zituen poliziak: kale-argiteria hobetzeak eragina izan zuen segurtasun publikoa zaintzeko, adibidez, eta dokumentuen eta artxiboen antolaketa sistematikoak ere lana erraztu zien.

Hala ere, argiteria berriaren planoez edo agiri administratibo txukunez gain, erakusketak bestelako dokumentuak ere biltzen ditu: poliziaren aurkako iritziak, mendeak aurrera egin ahala ugaritu zirenak. Rousseau, Diderot, Sade eta beste ilustratu ezagun eta ez hain ezagun batzuen kritikak ere bildu dituzte erakusketan –abesti satirikoren bat barne–. Desberdinkeria nagusi zen gizartean, poliziaren egitura ez zen bestelakoa. Instituzio opakoa, ustela eta arbitrarioa zela zioten kritikoek, eta poliziek gizarteko “arrisku taldeekin” edo “jendilajearekin” sistematikoki zuten muturreko jarrera bortitz eta bidegabea salatu zuten: prostitutak, atzerritarrak, gutxiengo erlijiosoetako kideak, lapurrak, emazte “libertinoak”, gaixoak, eskaleak…

Beraz, Parisko erakusketak Ilustrazio garaian polizia goitik behera aldatu zela azaltzen du, bere argi-ilunekin. Eta hausnarketa bat egitea ere proposatzen du: zer eragin izan dute aldaketa horiek egungo polizian? Hau da, zenbat aldatu da (edo zer gutxi aldatu da) Argien mendeko instituzio ez hain argia?