Oihanak atzeraka ari dira mundu osoan. Oso-osoan? Ez, badira txoko batzuk non zuhaitzak ugaritzen ari diren haiekiko harremana aldatu duten baserritarren lanari esker. Hauek ikasi behar izan dute arbolak ez direla laboreen etsaiak, zuhaitz eta zuhaixken esku dagoela lurzoruaren eta biodibertsitatearen oparotasuna hein handi batean eta –barneratzen are zailagoa– gizakia basotik ere elika daitekeela. Ikasi baino, mende luzez ahantzarazitakoa berrikasi.
Basoak kiskaltzen ari diren arren, zuhaitzak laborantza eremuetan zabaltzen ari dira agroforesteriak aurrera egin ahala, titulu horrekin plazaratu du ikasketa-bidai arriskutsu bezain ederraren kronika Patrick Worms Munduko Agroforesteria Zentroko kideak Mongobay hedabidean. Worms Nigerrera joan da –Niamei hiriburutik abiatuta gerra eremu den Zinder inguruetaraino arriskatuz–bere begiz frogatzera agroforesteriak zer lortu dezakeen basamortu idorrean. Jakina baita Sahel eskualdean desertua baso berriz osatzeko ahaleginak emaitza erakusten duela Nigerren, beste eskualde batzuetan ez bezala.
Agroforesteriaren oinarria da elkarrengandik nahastuta edukitzea bai zuhaitz, arbola eta zuhaiskak eta bai nekazaritzan klasikoak diren laboreak eta abereak, horrek mesede egiten dielakoan emankortasunari bezala biodibertsitateari eta klimari. Gero eta gehiago aipatzen da agroforesteria –hainbat formula ezberdinetan– mundu aberatsean, AEBetan bezala Australian edo Europan, baina Afrikako Sahelen erakutsi du teknika horrek bere ahalmen handia, Wormsek kontatu duenez.
Nigerrek dauka, ziurrenik, munduan gizakiak sortutako parke eremurik zabalena. 1970eko hamarkadako gosete beldurgarrien ostean 9 milioi hektarea oihaneztatu dira zuhaitz txiki arantzatsu baina eraginkorrez eta horien babesean dauden soroek lehen baino milioi bat tona labore gehiago ematen dute. Nigerreko mirakulua Faidherbia albida deitzen da eta berezitasun batek egiten du urrezko: airetik hartutako nitrogenoa lurrean finkatzen duen zuhaitz lekaledun honen ordularia inguruko beste landareenaren alderantziz mugitzen da, loaldian dago eurite aroan gainerako landareei konkurrentziarik egin barik eta berdetzen da 10 hilabeteko lehorte luzea berriro hastean. Berorik handienean, bere sustraiek oso sakoneko urak bilatzen dituzte eta hostoek gerizpea eskaintzen azpian erne diren beste landare eta laboreei. Horra zergatik Sahelen, faidherbiak egon ahal ez egon, jokatzen den lurzorua soro ala basamortu izatea.
1970etako lehorte handiak eragindako gosean baserritarrek faidherbia eta gainerako zuhaitzik gehienak ebaki zituzten, egurretarako ez bazen sutarako. Halako batean euriak itzuli ziren baina soroak antzu geratuak ziren, babesik gabe azaleko gai organikoa galduta. Nazioarteko erakunde humanitarioek milaka zuhaitz landatzea abiarazi zuten orduan, baina honek ere ez zuen funtzionatzen, lurrik ezagatik, artzainen eta nekazarien presioagatik… eta idorragatik. Hala zihoazen alferrik galtzen Saharari gerriko berdea ezarri nahian nazioartearen finantziazioz landatutako zuhaitz-landare ia guztiak.
Porrot askoren ostean, Tony Reinaudo australiar kooperanteak asmatu zuen soluzioa, gaur mundu osoan azaldu eta aplikatzen dena: ohartu zen aspaldi ebakitako zuhaitzak artean bizirik zeudela, sustraietan bizi zirela lurpeko oihan bihurtuta. Reinaudok ikasi eta besteei erakutsi zien eraitsitako basoa berpizteko arbola berriak landatzea baino hobea zela ebakitzearen poderioz sastraka bihurtutakoei egoki kimatuz laguntzea. Eta, batez ere, pazientzia handiz lortu zuen herriz herri nekazari eta artzainek elkarren artean hitzartzea nola uztartu beren beharrak eta pixkanaka biziberrituz eta zabalduz zihoazen baso txikienak, erabilerak txandakatuz, eremuak tarteka hesituz, sutarako egur mozketak arautuz... Horra Baserritarrek Kudeatutako Birsorkuntza Naturala, FMNR ingelesezko sigletan.
Zorionekoak, fruitu gaitzetsiak
Baina Patrick Worms agroforesteriaren hurrengo etaparen bila zihoan, eta Zinder herrian aurkitu du, Nigeriarekin mugan: Sahara Sahel Foods konpainia txikia. 1980ko hamarkadan bertako natura ikertzera iritsi ziren Arne eta Betta Garvi senar-emazte suediarrak, helburu garbi batez: “250.000 landare ezagutzen dira munduan, baina horien %20tik dator gure janariaren %90. Guk sinesten dugu oparotasunaren giltza daukatela probesten ez diren zuhaitz eta sastraka jangarriek, Edengo paradisuaren altxor galduek”.
Orain Josef Garvi semea eta honen emazte Renata ari dira –jihadisten gerrillak iritsi zirenetik inguruetan geratzen diren atzerritar zuri bakarretakoak– Sahara Sahel Foods elikagai konpainia txikian. Gurasoengandik ikasi eta ikusi dute naturak osasuna berrekuratu ahala jendeen eskueran jartzen dituela hainbat landare, fruitu eta ale primerako elikagai direnak. Baina aurretik –eta ez da erraza– herritarrek aldatu behar dituzte jangarria denari buruz dauzkaten kulturazko aurreiritziak, alegia, zeri deitzen zaion janari eta zeri ez.
Duela gutxi arte sabana izandako eskualdeotan jendeek milaka urtez baliatu zituzten lekuko landare, hazi, fruitu eta animaliak, etxekotuak bezala ehizakiak. Kolonizatzaileek –arabiarrek estreina eta europarrek geroago– ezarri zituzten jokabide berriak. Arabiarrek artatxikia ekartzeaz gain basoko fruitu eta haziak bazterrarazi zituzten, animalientzako bazka izatera mugatuz. Frantziarrek ez zuten hori aldatzeko beharrik sentitu, europarrek ere bilakaera bera egina zutelako aurreko mende luzeetan, basokoa zen jakirik bildu eta kontsumitzea kasik kondenatuz.
Aldaketa tamalgarria, elikadura segurtasunaren ikuspegitik, jendeak edozein larrialdiren aurrean alternatibarik gabe geratu zirelako. Nazioarteko erakundeek kultur aurreiritzi berdinekin segitzen dute oraindik ere; esaterako, inguru batean goseterik baden diagnostikatzeko erreparatzen dute ea jendea hasi den kontsumitzen basoko elikagaiak. Edo, besterik gabe, herritarrei dei egiten diete pozoitsuak izan omen daitezkeen landareak ez jatera… nahiz eta, benetan, primerako elikagaiak izan.
Sahara Sahel Foodsek alderantzizko bidea egin du, jendeari eskatuz –eta erosiz– basoan bildutako bazterreko jakiak: Aduwa edo desertuko datilak (Balanites aegyptiaca), Gawasa (Neocarya macrophylla) ezkurrak, Marula (Sclerocarya birrea) aleak, Hanza (Boscia senegalensis) fruituak… Horiek kontsumorako produktu bihurtu eta ontziratuta saltzen ditu konpainiak. Komunikazio oso bat egin behar izan du herritarrei jakinarazteko jaki horien balioak. Adibidez, Hanza fruitua –nutrizio aldetik artatxikia bezain aberatsa dena– erabilera ezberdinetarako hainbat produktu bihurtzen dute: haragiarekin egindako zukua, barruko haziari ateratako esnea, gurina, olioa, erremediotarako ukendua...
Zinderreko emakume askok jarduera honetatik eskuratu dituzte beren kabuz irabazitako lehen sosak, soroko lanak gizonen kontua izanik, fruitu basati urrak biltzea andreen eta umeen bazter-lana zelako.
Basoa zabatzeko, basotik ere jan. Europan ere ikasi beharko dute.
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]
Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]
Hego Euskal Herrian energia berriztagarrien makroproiektuen zaparradari zenbakiak jarri dizkiogu erreportaje honetan. Datuek marrazten duten mapan, Nafarroak gori-gori jarraituko du eta Araban daude kontzentratuta EAEn enpresek egin nahi dituzten energia zentralen %75,4. Hori... [+]
Umetatik baserrian bizi izan dira Gillen eta Bittor Abrego Arlegi anaiak, Lizarraldean, Iguzkitza herrian. Familia abeltzaina izan da haiena baina baserria eta lursailak haien esku gelditu zirenean, proiektuari buelta bat ematea erabaki zuten bi anaiek: “Lur zatia eta... [+]
Zer da zuretzat sukaldea? Niretzat, suaren tokia, sua dagoen aldea. Etxearen bihotza da, lapikokoa mimoz eta maitasunez prestatzeko lekua. Gero, mahai inguruan jateko, dastatzeko, partekatzeko eta disfrutatzeko tokia. Sasoikoa jateko sukaldera sartuko gara.
Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen aginduak. Bitartean,... [+]
Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]
Liburuaren lehen aurkezpena irailaren 20an izango da, ostiralarekin, 18:30ean Azpeitiko Elikagunean. Bertan izango dira Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal egileak, Markel Lizasoain itzultzailea, Maitane Gartziandia diseinatzailea eta Dani Blanco argazkilaria. Egileen azalpenak... [+]
Nekazaritzarekin harreman estua izan du betidanik Barazki Bizidunak proiektuko Iñaki Garcia Grijalbo Mapik. Bizitzaren paradoxak, gaur egun saltoki handi baten aparkalekua den lursailean zuten baratzea garai batean etxekoek Donostiako Intxaurrondo auzoan... [+]
Baserritarrek badute oporrik? Galdetu dute eskolan. Ezezkoa erantzun dute ikasleek. Orduan, egunero lanean, baserritar izan nahiko zenukete etorkizunean? Eta inork baserritarra izan nahi ez badu, nork egingo du guretzako janaria? Airean gelditu da galdera.
Pertsonaren osasun... [+]
Nafarroako Hazialdekoren, Ipar Euskal Herriko Biharko Lurraren Elkartearen (BLE) eta Gipuzkoako Biolurren arteko elkarlanetik sortu berri da HoBBea, mugaz gaindiko proiektua. “Garien bueltan bagenuen aspalditik harremana gure artean, baina, nolabait, harreman horiek... [+]
Bigarren urtez segidan hartu du Habelarte baserritarren elkarteak Leitzako festetan, Gaztetxean, afariak emateko ardura. Nafarroako Mendialdeko ekoizle agroekologikoen produktuekin osatu dute eguneroko eskaintza, eta ehunka lagun pasatu dira abuztuaren 10etik 14ra haien... [+]