argia.eus
INPRIMATU
Bestelako etxe ereduen bila
Irati Tobar Eguzkitza 2020ko urriaren 15a

COVID-19aren garaioi nola aurre egin? Txertoa iritsi arte ezinezkoa dela esango dute askok. Murrizten ari zaizkigun eskubide eta askatasunei aurre egin behar diegula pentsatuko dugu beste batzuek, izan ere, etxea txiki geratzen hasi zaigu.
Musukoa jarri eta bizitza aldatu ez zaionik egongo da, akaso positiboa izanagatik edota positibo batekin kontaktuan egonagatik konfinatu beharra izan da egunerokoan izan duen berezitasun bakarra; baina orokorrean, dena aldatu zaigunaren sentsazioa dut. Harremantzeko era aldatu eta sistema goitik behera berrantolatzen hasi da.

Neoliberalismoa gogor dator, Euskal Herrian marka propioz, eta zirrikitu guztietatik sartu zaigu; “norberak egiten duen hori da garrantzitsuena”, “denok eman behar dugu gure onena”, “mobilizazio eta grebak soberan daude”, “gaixotasunaren kutsatzea

"Etxea bizirauteko espazio bilakatu zaigu baina etxea ez da eraldatu, itogarri bilakatu akaso. Are isolatuagoa, bakartiagoa zaigu. COVID-19ak familia nuklearrean gotortu gaitu, heteroaraua indartu du"

herritarren ardura da”, “gazteak gazte izateagatik errudun”, eta abar. Indibidualismoan eta kontsumismoan soilik bizi daiteke ondo.

Etxetik lan merkatura eta buelta etxera. Enplegurik ez baduzu etxean gatibu eta etxerik gabekoa bazara ez-lekuetan gatibuago, baina kaleetatik kanpo. Prekarioagoa eta esplotatzaileagoa bilakatzen ari den lan merkatuan ez gaudenetan ere, kontsumismoa edo etxea lagun. Naturarekin harremana aldatu dugu kasurik onenean, ez besterik.

Etxea bizirauteko espazio bilakatu zaigu baina etxea ez da eraldatu, itogarri bilakatu akaso. Are isolatuagoa, bakartiagoa zaigu. COVID-19ak sorturiko egoerak familia nuklearrean gotortu gaitu, heteroaraua indartu, interneten kontsumo basatia areagotu, harremanak mugatu, sexuaren araberako lan banaketan sakondu, esplotazio egoera gehiago sortu eta indarkeria matxista ezkutuan utzi du.

Etxe eta bizi eredu honek nekatuta nauka. Neguak eta eguraldi okerragoak horretara eramango gaituen edota bestelako etxeak, sareak eta harremanak sortzera eramango gaituen galdetzen diogu geure buruei. Txikitik eragingo dutenak, beste logika batekin, aurrez aurrekoa indartu eta babestuko dutenak, beste produkzio, kontsumo eta harreman eredu batzuei balioa emango dietenak. Eskerrak arnasguneak topatzen ditugun eta kaleak hartzeko prest gauden!

Ezin aipatu gabe utzi tokiko arnasguneak, Portugaleteko gazteek mimo handiz landu eta zaindutako Sastraka Gaztetxea edota bidaiari eta ameslari askoren topaleku den Arteako Herriko Benta bezalakoak. Kolektiboari erantzuten dioten etxeak, komunitatean errotzen direnak, bilerez eta dantzaz josiko direnak, konspiratuko duten etxeen bila gabiltzanon topalekuak.