Euri-lanbroak eta hotzak ezaugarritzen duten Bilbo grisean bada jamaikar doinuak eta giro tropikala zainetan daramanik. Hala da Andoni Fernández Azkarai, Beñat Gabiña Ñeko, Pablo Rodríguez García eta Maria Fernanda Hernández Valeraren kasuan. Pasio hitza hartu du ahotan lauetako batek inguruotan jamaikar eszena bultzatzeak eragiten diona deskribatzeko, eta sentimendua orokortua dela apustu egin daiteke lepoa galtzeko beldurrik gabe. Ikusi besterik ez dago zelako maite-garra darien bataren zein bestearen begiradei eta hitzei karibetar irlako kulturari buruz hitz egitean, eta bereziki kultura hori oinarri hartuta sortu duten Pantx Records kolektiboa zer den azaltzean.
Bilbo Zaharreko Martzana kaian egin dugu hitzordua Pantx Recordseko kideekin. Mahaia hartu dugu erreka bazterrean, ez ausaz aukeratutako terraza batean ordea. Auzoko gentrifikazio prozesuaren ondorioz zabaldutako tabernen artean bada toki bat hiri neoliberalean zirrikitua irekitzen duena, eta bertara sartu eta irten parea eginda, terraza muntatu dugu kanpoan. Bistan da etxean direla DDT Banaketak banatzaile eta argitaletxe alternatiboaren dendan, eta xehetasun horrek asko dio Pantx kolektiboaren oinarriari buruz: kulturak bezainbat pisu dauka politikak beren jardunean. “Ez gara diskoetxe musikala bakarrik, baizik eta izaera politikodun kolektiboa. Politikoak gara antolamenduan, politikoak gara diskoak ateratzeko prozesu guztian eta politikoak gara kalean”, egin dute ñabardura. Hala dela baieztatzen dute egintzek.
Zer nahi, hura sortu. “Zuk zeuk egizu” filosofia nabarmena da Pantxen bilakaeran eta funtzionamenduan. 2017an jaio zenetik, logika horri jarraiki egin du kolektiboak gaur arteko bidea. Musika jamaikarrarekiko zaletasuna duen jendea batu asmoz eta zigilu diskografiko ez komertzial bat sortzea amets eman zituzten lehen pausoak: “Pintxadetan faltan botatzen genituen euskarazko abestiak, eta egun Euskal Herrian reggae kultura oso anitza eta indartsua denez, beharrezko ikusten genuen euskaraz egindako reggaea plazaratzea, gehien gustatzen zaigun formatuan: biniloan”. Alabaina, lehen helburuak gauzatu ahala anbizio handiagoko xedeak joan zitzaizkien mamitzen, eta zigiluaren atzetik mahai gaineratu zuten musika estudioa egiteko aukera. Behin Gelboe’s estudioa beren kabuz eraikita, behar eta nahi berriak azaleratu zaizkie bata bestearen ondotik, eta hala joan dira gorpuzten, besteren artean, Pagasarri All Stars backing band-a edota Sua Industry azpi-zigilua ere. Guzti horrez gain, Pantx Official Selectors ere badute, disko jartzaileen taldea.
“Jamaikako eredua islatu dugu. Han egiten dena hona ekarri dugu, geure erara moldatuz. Prozesu guztia guk kudeatzen dugu gainera, eta garrantzitsua deritzogu horri. Jamaikan musika estudioak dituzte banda propio eta guzti, bada guk sortu dugu Gelboe’s eta estudio horren banda den Errementarians, baita zuzenekoetarako backing band-a den Pagasarri All Stars ere; han, estudioan sortzen diren diskoak festan aurkezten zituzten, eta guk ere gauza bera egiten dugu; eta azpi-zigiluen kontuarekin berdin, Jamaikan azpi-zigilu asko dituzte, eta guk ere badugu geurea, Sua Industry”, azaldu dute.
Sua Industryrekin atea ireki diete bestelako doinuei ere, “ez baitira reggaezaleak gure lagun guztiak”. Hainbat talde hurbiltzen zitzaien diskoa ateratzea gustatuko litzaiekela esanez, eta horiei esku bat botatzearen aldeko apustua egin zuten. “Dagoeneko baditugu Bilboko taldeen bospasei erreferentzia”, azpimarratu dute.
Zigilua, azpi-zigilua, disko jartzaileak, estudioa, backing-band-a… Ardatz horiekin guztiekin gutxi ez, eta beste baten eraikuntza fasean daudela aurreratu dute: argitaletxea. Ildo horretan, orain artean Bilbo Reggae Skins fanzinea argitaratu izan dute, eta Run Together fanzinea Rodríguezek. Baina pauso bat gehiago eman eta liburua dute esku artean orain, Eguberrien bueltan argitaratu nahi dutena.
Linton Kwesi Johnson LKJ jamaikar poetaren antologia osatu dute euskaraz, Fernándezek egindako marrazki eta guzti. “Poeta hau oso garrantzitsua da guretzat, oso politikoa da, reggaearen munduan ohikoa ez den bezala; rastafarismoak duen kutsu erlijiosotik ere aldentzen da. Dub poetry deitzen dena egiten du, reggae baseen gainean errezitatzen ditu poesiak”, diote. Azaldu dute Pantera Beltzetako kide izandakoa dela, eta aldarri politikoz, faxismoaren aurkako mezuz jositako poemak errezitatu izan dituela, Jamaikako kreoleraz. “Jamaican english-a zerabilen ingelesen inperialismoaren aurka, eta hori horrela, guretzat bereziki interesgarria zen liburu hori euskarara itzultzea”, azpimarratu dute. Liburuarekin batera laberatu dute gurari berririk ere. Aitortu dutenez, “berarekin zerbait egin ahal izatea ametsa litzateke guretzat”.
Jamaikar kultura bultzatzeko xedea duen kolektiboa izanik, ezinbestean galdegin diegu eszenak gurean bizi duen egoerari buruz. Diotenez, bai beraiek zein belaunaldi nagusiagoek inoiz ikusi gabeko indarra hartu du jamaikar kulturaren bueltako Euskal Herriko eszenak.
“Sortu dira kolektibo zein irratsaio berriak, jendeak sekulako gogoak ditu gauzak egiteko. ‘Zuretzako Mezua’ Gasteizen, ‘Iruñerria Jamaica Clash’ Iruñean, ‘Basque Reggae Kultur Elkartea’ Donostian… hainbat kolektibo ari dira jaiotzen”. Kimu berriak ez ezik, euskal reggaearen tradizio historikoan aurrekari izan dituztenak ere aipatu dituzte: “Guk, bere momentuan, Sustraian Records izan genituen erreferentziatzat”.
Eszena indartsu egoteaz gain, osasuntsu dagoela ere azpimarratu nahi izan dute. Euskal Herrian barrena egiten diren Reggae Train jaialdiak adibidetzat hartuta, horietan bizi den giro sanoa nabarmendu dute. Kanpotik jasotako kritikek ere hala dela berretsi die. “Baliteke hemengo kaskamotzen munduan gailendu izana harropuzkeria edota testosterona giroa”, egin dute irakurketa, ondokoa gehitzeko: “Gu eszena maitekorragoa egiten saiatzen ari gara”.
Jamaikar kulturarekin bakarrik ez, hainbat kausarekin dago konprometiturik Pantx. Posizionamendu politiko argia dauka kolektiboak, eta hori garbi islatzen da beren egitura horizontalean, funtzionatzeko modu asanbleario eta autogestionatuan, eta zirkulu komertzialetik at jarduteko motibazioan.
Auzoarekiko duten konpromisoak berebiziko garrantzia du zentzu horretan. Bilbo Zaharrak badu gainontzeko auzoetatik ezberdintzen duen ezaugarririk: atzerritik etorritako pertsona asko bizi da bertan. Aberastasun faktore behar lukeena, baina, diskriminazio motibo izan ohi da eta arrazakeria maiz azaleratzen da kaleetan: “Konfinamenduan, adibidez, ikusi dugu poliziaren jarrera nazkagarria, nola grinatu diren pertsona arrazializatuekin; guk kolektibo horri babesa erakusten diogu”. Hala da, arrazakeriaren aurkako jarrerak badu pisua egiten dituzten ekimenen artean, aski sonatua baita antolatzen duten Mundialito Mixto Antiarrazista futbol txapelketa.
Bizipen batek bultzatu zituen ekimena martxan jartzera: “Behin bi lagun gindoazen Santutxutik Iralara, eta kontainerretan baloi puskatu bat aurkitu genuen. Hasi ginen bidean aurrera baloiari ostikoka, eta San Frantsizko kaletik igarotzean pertsona mordoa hasi zen baloiarekin jolasean. Etnia guztietako jendea nahastu zen elkarrekin”. Argi utzi dute: mundialitoaren helburua futbola lehen lerroan jartzetik oso urruti dago. “Kirol hori darabilgu narru zati batek baduelako ikaragarrizko gaitasuna jendea batzeko”, diote. Eta bai asmatu ere formularekin: azken edizioan 30 talde baino gehiagok parte hartu zuen, eta ateratako dirua harrera taldeetara edota Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformara bideratu izan dute. Hori guztia, nola ez, ostikoei jamaikar erritmodun soinu banda jarri bitartean. Ezin zitekeen bestela izan.
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]
Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]
Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024
------------------------------------------
Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]