argia.eus
INPRIMATU
Omenaldia Bixentikori
  • Ekainaren hasieran hil zen Iruñean Bixente Serrano Izko, irakasle, historialari, idazle eta politikaria,   eta joan den irailaren 11n egin zioten omenaldia Iruñeko Katakrak aretoan, Geronimo de Ustariz historia institutua, Eusko Kultur Fundazioa eta Pamiela argitaletxearen eskutik.

Xabier Letona Biteri @xletona 2020ko urriaren 08a
Eskerretik eskuinera Nerea Perez, Josu Chueca, Amaia Alvarez eta Pello Elzaburu. (Arg.: X. Letona)
Eskerretik eskuinera Nerea Perez, Josu Chueca, Amaia Alvarez eta Pello Elzaburu. (Arg.: X. Letona)

Historialaria, irakaslea eta sortzailea izan zen eta esparru horietan ezagutu zuten Josu Chueca historialariak, Amaia Alvarezek (Eusko Kultur) eta Pello Elzaburuk (Pamiela) aletu zituzten Serrano Izkok horietan egindakoak, Nerea Perez Ibarrola Geronimoko lehendakariaren gidaritzapean.

Euskaraz egin zen ekitaldi osoa, zehaztu zenez, Izkok alor horiek euskaraz jorratu zituelako. 1987an ekin zion Nafarroako eskola publikoan irakasle egindako ibilbideari eta mahaian zeuden bi emakumezkoen irakaslea izan zen: "Izaera pedagogikoa zuen, dibulgatzailea eta irakasle gisa oso gertukoa zen", aipatu zuen Alvarezek. Perezen irakaslea ere izan zen Batxillergoan: "Inoiz ez nuen pentsatuko gaur hemen mahai honetan egon nintekeenik, eta horretan Bixentek ere bere harri koxkorra jarri zuen". Eusko Kultureko historia ikastaroaz arduratzen zen Bixente eta Alvarezi lekukoa nola pasatu zion kontatu zuen honek.

"Ez genion Bixentiko deitzen txikia zelako bakarrik –esan zuen Chuecak– afektiboki, pertsona gisa, oso atsegina zelako ere bai". Eta gogorarazi zuen ez zela historialaria bakarrik izan, diktadura garaian ETAko militantziarekin eta ondoren izandako jarduera politikoarekin protagonista ere izan zela: "Nolabait bi bide artean mugitzen zen: historia landu eta irakasten zuen, baina berak argi zioen historiak ez duela determinatu behar izan nahi duguna".

Bixentek idatzitako liburuei errepaso ederra eman zien Elzaburuk: "Gizon ona zen, zentzu machadianoan". 2004-2013 artean Zelaia Sariko epaimahaikidea ere izan zela gogoratu zuen. Liburu egile eta erosle ere bazela azpimarratu zuen: "Bixente ez zen etxe batean bizi, liburutegi bat diseinatu zuen han bizitzeko". Liburu ondare handia zuela eta harekin dokumentazio funts bat sortzea proposatu zuen. Urduritasunean, bere isilune luzeez ere mintzatu zen, haren ironiaz, umoreaz...  

Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan baso-erditan ikustea ere ez zen ezohikoa eta, publikotik, alor hori ere ekarri zuen aretora Fernando Mendiola historialariak: "Garazin, Tokin... ordu txikietan ere ikasi eta gozatzen zuen".

Historia dibulgatzaile ona zen eta, lan ugari argitaratu zituen prentsan, besteak beste aldizkari honetan eta Berria-n. Horrexegatik ere, lerro hauetatik gure omenaldi xumea egin nahi izan diogu Argiaren komunitateko kide izandako kolaboratzaile finari. Adiorik ez Bixentiko!