Martxoaren zortziko feministak, umeak, oro har, eta bidaiderik gabeko atzerritarrak azkenean, ijitoak, etorkinak, gazteak, okupak, baita Madrilgo zenbait auzotako biztanleak ere... Horiek guztiak izan gara koronabirusa hedatzearen errudunak.
"Gure agintariek errieta ere egin behar izan digute, Murgak, Urkulluk… eta arrazoi izango dute gainera, gehiegi lasaitu gara; gure bizitzak ez gaitu batere kezkatzen, ezta ingurukoenak ere"
Desastrea gara, gure agintariek errieta ere egin behar izan digute, Murgak, Urkulluk… eta arrazoi izango dute gainera, gehiegi lasaitu gara; gure bizitzak ez gaitu batere kezkatzen, ezta ingurukoenak ere. Haurrak ikastolara eraman ditugu, lasai-lasai, lehen lerrora, agian gure bizitzarekiko estimu eskas hori azpimarratzen duen lantokira joateko presaren ondorioz. Hori, uda demokrazia eta ekonomia suspertzen eman ondoren, hauteskundeetan, gure bazterrak ezagutzen, bermutak hartzen eta hondartzak, ai, hondartzak… Eta txalo jo genien horiei pitzatuta baleude bezala begiratzen diegu, ez baitirudite lehen baino lasaiago, eta kontu berarekin beti, baliabideak, kontratazioak…
Vallecas aldean uste dut agertu dela bizitzarekiko atxikimendu sendoagoko jendea; ez diete ondo ulertu, antza. Gazte arduragabeak zirelakoan agian… horiei errietaz gain kolpe zentzagarriren bat ere eman baitiete. Egia da, gure bizitzak gehiago estimatuko bagenitu, gure agintariak ez leudeke dauden lekuan.