Ikasle mugimenduan eta etxebizitza eskubideen aldeko borrokan aritua da azken urteetan Àlex Francès (Alacant, Herrialde Katalanak, 1984). 2017az geroztik Kataluniako Sindicat de Llogateres maizterren sindikatuko kidea da, eta egun plataformako bozeramaileetako bat da. Kataluniako Parlamentuak alokairuen prezioak erregulatzeko lege proposamena onartzea lortu dute aurki.
Zer gertatu da alokairuekin Bartzelonan?
Milaka familia etxerik gabe gelditzen ari dira eta ez dira hilabete bukaerara iristen. Azken bost urteotan alokairuen prezioak %45eko gorakada izan du, soldatak kasik bere horretan mantendu diren bitartean. Are gehiago, osasun krisiaren ondorioz, gogor erori dira. Familia anitzek diru sarreren %50a alokairura bideratzen du, Nazio Batuen Erakundearen arabera gehienez ere %30a izan beharko lukeen arren. Katalunian, 2019an, 12.500 etxegabetze gauzatu dira, eta horietako %67,5 alokairuak ez ordaintzeagatik agindu dute.
Eskubide urraketa hori salatzeko sortu zen Sindicat de Llogateres?
Bai, alokairuen gorakadak markatutako urte mordoaren ondotik, jende dezente arduratzen hasia zen, alokairua ezin ordaintzeagatik euren etxetik botatzen zutelako. 2016aren hondarrean talde sustatzaile bat lanean hasi zen eta 2017ko maiatzean aurkezpen publikoa egin zuen. Pixkanaka-pixkanaka handitzen joan ginen, asanblada irekien bitartez jendea batu zelako gure sindikatura.
Zein da zuen lan dinamika?
Horizontalki lan egiten dugu. Gure espaziorik garrantzitsuena maizterren asanblada da: etxebizitzarekin arazoak dituzten hiritarrekin biltzen baikara, modu kolektiboan irtenbideak bilatzeko. Horretaz aparte, lan komisio gehiago dugu, hala nola, koordinazioa, osoko bilera eta afiliatuen asanblada. Garrantzitsuena da espazio erabat irekia garela, gure ateak irekita daude interesa duen edonorentzat. Bilatzen dugu sindikatua auto-antolaketa lanabesa izatea, eta bertan parte hartzen duen jendearen artean, euren arazoetatik harago jo eta elkartasun zein anaitasun loturak sustatzea.
Irailaren 9an Kataluniako Parlamentuak onartu zuen hainbertze aldarrikatu duzuen lege proposamena: alokairuen prezioak erregularizatzeko legea.
Mugarri historikoa izan da, duela lau urte pentsaezina zen prezioen erregularizazioaz hitz egitea. Borroka eta lan urte anitz izan dira lagun anitzentzat, eta merezi izan du. Hori bai, lege hau minimoen erregulazioa da eta borrokak jarraitu behar du etxebizitza guztion eskubidea izan dadin.
Zein izan da legea onartzeko gakoa?
Momentu politikoaren irakurketa egokia egin dela uste dut. Urte anitz daramagu borrokan, kalera ateratzen, jabeekin negoziatzen eta alokairuen gorakada neurrigabeak salatzen. Horrek indarra eman digu funtsezkoak ziren aldaketa legegileak sustatzeko.
Orain arte ez al zegoen maizterren eskubideak babesteko erregulaziorik?
Katalunian etxebizitza eskubideen aldeko mugimenduek historikoki izan duten indarrari esker, tartean Hipotekek Kaltetuen Plataformak, Espainiako Estatuko legerik bermatzaileenak ditugu etxebizitza eskubideari dagokionez. Horien bitartez, adibidez, hamabost etxebizitza alokatuta dituzten enpresek funtsezkoa dute zaurgarritasun egoeran dauden familiei alokairu soziala bermatzea, eraikin berean. Baina hagitz garrantzitsua den lege horrek kanpoan uzten zituen, ahultasun egoeran bizi gabe ere, hilero-hilero euren etxebizitza eskubidea arriskuan ikusten zuten milaka familia.
Sare sozialetan sekulako eztanda izan du zuen kanpainak.
Egia esan hagitz pozik gaude azken asteetan erregulazioaren alde milaka eta milaka pertsonen aldetik jaso dugun babesarekin. Sare sozialetako zaparradak agerian utzi du gizarteko sektore anitzei eragiten diela alokairuen burbuilak eta, testuinguru horretan, politikariek erabaki behar izan dute gehiengo sozialen edo errentadunen alde zeuden.
Legea onartuta, zeintzuk dira aurrerantzean errentadunek gurutzatu ezingo dituzten marra gorriak?
Legea Kataluniako Generalitateko Egunkari Ofizialean (DOGC) publikatu eta indarrean sartzen denetik jabeen gehiengoak ezingo ditu maizterren alokairuak igo. Erregulazio honen bitartez muga bikoitza bermatzen dugu: batetik, sinatzen den kontratu berri orok aurrekoaren prezio berdina mantendu beharko du, igoera neurrigabeak saihestuz; bertzetik, Generalitateko alokairuaren prezio adierazleekin alderatuta aurreko kontratuaren prezioa altuegia balitz, kontratu berrian prezioa jaitsi beharko da.
Bartzelonan aplikatuko da bakarrik?
Azken urteetako alokairuen gorakada ez da Bartzelonan bakarrik gertatu. Legea aplikatu ahal izango da zehaztu diren Kataluniako 60 udalerritan. Ez hori bakarrik, legea indarrean sartzen denetik, legeak ezarritako baldintzak betetzen dituen udalerri orok eskatu dezake legea aplikatzeko eskumena.
Zein erronka duzue aurrerakoan?
Lege hau onartzea aurrerapauso garrantzitsua den arren, adi egon beharko dugu adostutakoa bete dadin, eta legea betetzen ez duten jabeak salatu daitezen. Horregatik, maizterrei sindikatura batzeko deialdia egiten jarraitzen dugu, modurik hoberena izango baita geure eskubideak babesteko. Era berean, lanean jarraitzen dugu etxe kaleratzeak amai daitezen, etxebizitza eskubidea guztion eskura egon dadin eta etxebizitza publikoaren parkea handitu dadin. Lege hau ez da gure borrokaren amaiera.