argia.eus
INPRIMATU
Txute kritikoa
Ibai Atutxa OrdeƱana 2020ko irailaren 30a
Euskal matxinada. Genealogia eta egungo eztabaidak | Andoni Olariaga | Txalaparta, 2020.
Euskal matxinada. Genealogia eta egungo eztabaidak | Andoni Olariaga | Txalaparta, 2020.

Espero dut liburu honek ekarriko duela eztabaida. Euskal Matxinadaz ari naiz. Liburuarekin Iparrorratza bilduma hasi du Txalapartak eta diot espero dudala eztabaida ekarriko duela, izan ere, aho bilorik gabe hitz egiten du Andoni Olariagak orrietan zehar: “sankristo guztiak erabili [zuen biolentzia] beraien helburu politikoetarako”, ezin ukatu baieztapenaren egiazkotasuna.

Itxuragatik, Anagramaren Nuevos cuadernos kolekzioa dakar gogora bildumak, baita Katakrakek “01” zenbakiarekin hasi zuena eta “02”aren zain gabiltzana. Itxuraz gain, elkarbanatzen dute beste zerbait saiakera laburren liburuek, hau da, pentsamendu kritikoaren txute bat direla, arratsalde bakarrean irenstekoak eta presarik gabe prozesatzekoak, adikzio puntu bat ere sor dezaketenak. Hala ere, Olariagaren liburu honekin Txalapartaren kolekzioak zerbait ezberdina dakar, alegia gurean kokatzen du irensteko eginda dagoen pentsamendu kritikoaren diskurtsoa.

Jarraian azalduko ditut liburura engantxatu nauten bi hari. Lehenengoa da euskal gatazka birpentsatzen duen elkarrizketan parte hartzeko modua. Bigarrena da klaseari ala nazioari buruzko eztabaidan hartutako kokalekua.

Euskal matxinadaren ideiak laguntzen du ulertzen ETArekin ez zela euskal gatazka bukatu. Bidegabekeriaren aurka egin zuten, egun diharduten, eta egingo duten askotariko eragileez osatuta legoke euskal matxinada. Balio dezala kontrapuntu gisa Patria bezalakoen mundu ikuskera manikeoek HBOren eskutik pantailak monopolizatu baino lehenago (oxigeno pixka bat).

“Marmotaren eguna dirudi” egiten du purrust liburuak klaseari ala nazioari buruzko eztabaidez jardutean. Eta egiatan hala dirudi. Liburuak erakusten du 60ko hamarkadatik hona eztabaida behin eta berriro eman dela gurean, eta agian garrantzitsuagoa dena, behin eta berriro askatu dela korapiloa. Egindakotik ikasteko balioko al du.

Guztiarekin, liburua aglutinatzailea da. Testua gurutzatzen duen galdera da nola txirikordatu euskal matxinada berria zapalkuntzen aurka egiten duten herri mugimenduekin. Nola? Ekarri dezala liburuak eztabaida.