argia.eus
INPRIMATU
Puy du Fou: historia berrikusten ez duen historia-parkea
  • "Toledoren ametsa"  ikuskizunean musulmanen konkista Florinda La Cava-ren kondairaren bidez azaltzen du. Puy de Fou Toledoko historia-parkeak, musulmanak eta emakumeak gaiztotzat edo arazoen kausatzat eta bisigodoak zein gizonak beren apetak kontrolatu ezin dituzten biktimatzat jotzen dituen kondaira hori aukeratu du, garai hartako aldaketa sakonen piztailea irudikatzeko.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko irailaren 30a

Guadalete ibaia (Betika), 711. Guadeleteko guduan musulmanek bisigodoak mendean hartu zituzten. Roderiko Iberiar penintsulako azken errege bisigodoa hil zen eta musulmanen agintaldia abiatu zen horrenbestez. Eta, kondairaren arabera, Septemeko (egungo Ceuta) Don Julian kondearen alaba Florinda La Cava-k eragina izan zuen gertakizun horretan.

Egun batez, Toledoko gortean, Florindak bainua hartzea erabaki zuen bere dontzeilekin, Roderiko hari begira zegoela konturatu gabe. Erregeak burua galdu omen zuen eta, Florindarekin obsesionatuta, azkenean, bortxatu egin zuen. Beste bertsio batzuen arabera, Florindak berak trikimailu maltzurrez seduzitu omen zuen Roderiko (La Cava-k “emakume txarra” edo “prostituta” esan nahi du). Bertsioak bertsio, Florindak aitari desohorearen berri eman zionean, Don Julianek, musulmanekin bat egitea eta bisigodoen aurka borrokatzea erabaki omen zuen.

Hori guztia benetan gertatu zen frogarik ez dute aurkitu historialariek, eta bisigodoen gainbehera azaltzeko kontakizun moralizatzailetzat dute. Baina Toledoko Puy du Fou historia-parkeak, garai hartako aldaketa sakonen piztailea irudikatzeko, musulmanak eta emakumeak gaiztotzat edo arazoen kausatzat eta bisigodoak zein gizonak beren apetak kontrolatu ezin dituzten biktimatzat jotzen dituen kondaira hori aukeratu du.

Puy du Fou historiari buruzko parke tematikoa 1978an abiatu zen Frantziako Loirerrian, izen bereko gazteluaren inguruan. Enpresa hori beste parke bat egiten ari da Toledon, ateak 2021ean zabalduko dituena. Baina, aurrerapen moduan, lehen ikuskizuna abian da. “Toledoren ametsa” izenburupean, hiriaren eta, orokorrean, Iberiar penintsularen 1.500 urteko historiari egiten zaio errepasoa. Eta, esan bezala, musulmanen konkista Florinda La Cava-ren kondairaren bidez azaltzen du.

Iraganeko gertakizunen erreferentziaz josita daude toki askotako hainbat tradizio eta festa, oinarri historiko zalantzazkoa duten edota zenbait kolektibo gutxiesten dituzten elementuak barne. 2008an, esaterako, Antzuolako Mairuaren Alardea egokitu zuten, musulmanak umiliatzen zituzten elementuak kenduta, baina oinarri historikoari eutsiz. Eta emakumeek iraganeko gertakizunetan zein egungo ospakizunetan duten parte-hartzea ezbaian dago han eta hemen. Baina historia oinarri duen Puy de Fou proiektu berri erraldoian ez.

2019ko maiatzean proiektua aurkeztu zutenean, Puy du Fouko kontseilari ordezkari Erwan de Villeon-ek esan zuen kontakizunean irizpide historikoak kontuan hartzen dituztela, baina narratiboak eta emozionalak ere bai. “Ez gara historialariak” gaineratu zuen. Baina historia saltzen dute, eta bisitari gehienen historiari buruzko ezagutzan eragin handiagoa eta zuzenagoa izango dute edozein historialarik baino.

...eta ingurumen arauak ere betetzen ez dituena

Puy de Fou enpresak eredu ekonomikoa berezia du: %100 autofinantzatua dago eta ez du dirulaguntza publikorik jasotzen. Eta ingurumenari garrantzi handia ematen dio: CO2 igorpenak gutxitzeko eta ur zikinak berrerabiltzeko ahalegina egiten du. Baina, Espainiako proiektuan behintzat, baldintza horiek erabat ez direla betetzen salatu dute Toledoko hainbat elkarte eta talde ekologistek, Queremos Saber la Verdad del Puy du Fou (Puy de Fouri buruz egia jakin nahi dugu) mugimenduan bat eginda.

Dirulaguntza zuzenik ez, baina Gaztela-Mantxako Gobernuak proiektuari arauz kontrako baimen publikoak eman dizkiotela diote. Tajo ibai ertzeko eremu hori legez babestuta dago, daukan balio natural eta arkeologikoagatik. Bestalde, proiektua onartzeko interes bereziko proiektuen araua erabiltzea konstituzioaren kontrakoa dela salatu dute. Eta, gainera, lehen ikuskizuna martxan jarri denean ikusi dute suziriek eta argiek ere ingurumena babesteko arauak hausten dituztela: suteen kontrako legeak ez dituzte betetzen eta espezie babestuei kalte egiten dien argi eta soinu kutsadura eragiten dute.