argia.eus
INPRIMATU
Muga, poemak, doinuak eta irudiak
Joxi Ubeda Goikoetxea 2020ko irailaren 30
Muga taldeak AnfetamiƱa diskoa kaleratu zuen 2019an Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Argazkia: Juxe.
Muga taldeak AnfetamiƱa diskoa kaleratu zuen 2019an Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Argazkia: Juxe.

Alberto Gonzalezek, 6nemen9, Uler-600 eta Aterkings taldeetan ibilitako musikariak, Xabier Montoiaren Anfetamiña (Susa, 1983) poema liburuari musika jartzeko sortutako proiektua da Muga, taldea bainoago, proiektu musikala.

Iñigo Romera baxu jotzailearekin (Cancer Moon, Los Clavos, Cujo, El Inquilino Comunista, Basurita), Iñigo Egillor bateria jotzailearekin (Gringo Arana, Billy Bao) eta Itziar Beristain abeslariarekin batera osatu du, ohiko rock taldearen moldea gainditu eta proiektu multidiziplinar bat egiteko asmoz, izan ere, musikarekin eta hitzekin batera, irudiek garrantzi handia dute. Arlo horretaz, J.A. Areta Goñi Juxe argazkilaria arduratzen da, emanaldietan irudiak proiektatzen eta hitz bakoitza modu subjektiboan ilustratzen. Horrela, poesia, musika, irudiak eta ikus-entzunezkoak batzen dituen ekinaldi artistikoa egiten dute.

Xabier Montoiaren poemak rock doinu lasaiekin jantzi dituzte, pop kutsuko melodia politekin, eta ilun samarrak, enigmatikoak edo gazi-gezak diren giroekin. Izan ere, Gonzalezentzat erakargarriak dira poemek transmititzen dituzten giroak, eta haien tonuarekin bat eginda konposatu ditu kantak. Kanta laburrak dira, eta disko osoa berehala entzuten da, erraz eta arin.

Baxuak eta bateriak osatzen duten erritmo oinarri sendoarekin, eta teklatuek ongi babestuta, Gonzalezen gitarrak nabarmentzen dira. Gitarren marrazkiak, ukituak, punteoak, distortsioa, feedbackak, oihartzunak, efektuak, zaratatxoak. Ahotsak beren tokian daude. Beristainez gain Gonzalezek ere abesten du, eta biek ala biek ongi egiten dute, xume eta ongi, batere handinahikeriarik gabe. Horrekin guztiarekin, Mugak bere giroa sortzen du, berea den doinua.

Aipagarria da Fermin Muguruzaren parte hartzea. David Bowiek ilea moztu zuen egunean izeneko kantan errezitatu egiten du. Ziurrenik liburuko poemarik ezagunena da: “Batzuentzat / Jesukristo gurutzera / (lapurren artean) / igo zenean, / hasten da historia. / Beste batzuentzat, aldiz, / Leninek —txapela kenduz— / ‘Botere osoa sobieterako’ / deiadar egin zuenean,  / Finlandiako geltokian. / Niretzat / David Bowiek ilea moztu zuen egunean”.