argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Vita activa
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko irailaren 29a

Hannah Arendt da autore bat nahi baino gutxiago irakurri dudana. Baina, irakurri dudan gutxi hori, egin zaidana oso jakingarria: 1906an Alemanian sortua, hazia, hezia, 1933tik zortzi urtez Frantzian erbesteratua, 1975ean hil arte Estatu Batuetan laketua. Nazien erruz aberrigabe, gizabanako judutar femini generis gisa definitzen zuen bere burua. Eta, inoiz aitortu zuenez, bizitza osoan zehar ez zuen maite izan herri edo kolektibitaterik, izan aleman, izan frantses, izan estatubatuarrik, ez eta langile klase edo bestelakorik ere. Izan ere, soilik lagunak maite zituela zioen, eta bestelako maitasun motarik ezagutzeko ezgauza zela.

Euskaraz haren liburu bakarra daukagu, Eichmann Jerusalemen, obra nagusietakoa. The New Yorker aldizkariko berriemaile gisa joan zen Arendt Jerusalemera, 1961. urtean, nazien goi-kargu izandako Adolf Eichmannen epaiketa jarraitzera. Eskandalua sortu zuen liburuak, bertan esaten baitzen naziak ez zirela deabrua, gehientsuenek aginduak bete baino ez zutela egiten, gutxi-asko gizabanako orok egingo lukeen, are egiten duen gisara. Noski, hori idatzi eta gero, bera bilakatu zen deabru judutar ez gutxiren begietara. Outsider bat izan zen Arendt, baita pentsamenduari dagokionean ere.

Pentsalari independente, ezein kategoria klasikotan sartzen ez zena, etengabeko mugimenduan beti, pluraltasuna defendatu zuen, judutarrak palestinarrekin nahastu behar zirela, boterea komunean aritzea, jardutea, ekitea dela, egiten dugunaren gainean idatzi beharra dagoela. Horrek guztiak kitzikatuta hasi naiz irakurtzen Vita activa lan ezaguna. Nahiz izenburuak egiten duen talka frontalki nire bizi proiektuarekin, gehiago baita vita contemplativa. Baina ez ote dira, hain zuzen, deseroso sentiarazten dizuten testuak, autoreak, gehien pentsarazten dizutenak? Eta, Arendtek esan zigun, ez dago pentsamendu arriskutsurik. Arriskutsua dena, benetan, ez pentsatzea da.