argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza: eskubidea edo pribilegioa?
Haizea Nuñez Palacio @haizea_nunez 2020ko irailaren 30a

Bigarren Mundu Gerra ostean Mendebaldeko hainbat herrialdetan garatu zen ongizatearen estatuaren marko kontzeptualetik edan dute Euskal Herria zapaltzen duten Frantziako eta Espainiako estatuek “etxebizitza eskubidea” euren zuzenbide sisteman txertatzeko. Lehenengo kasuan, nahiz eta 1958ko konstituzioan idatzita ez topatu, jurisprudentzia konstituzionalaren arabera “pertsona guztiok etxebizitza bat erabiltzeko aukera estatuak lortu behar duen helburu konstituzionala da”. Aldiz, Espainiako Estatuko konstituzioaren 47. artikuluan hitzez-hitz aurki dezakegu: “Espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dute. Botere publikoek beharrezkoak diren inguruabarrak bultzatu eta bidezko arauak ezarriko dituzte, eskubide hori eragingarria izan dadin; eta, espekulazioa desagerrarazteko, interes orokorraren arabera arautuko dute lurraren erabilera. Erakunde publikoen hirigintza-jarduerak gainbalioa sortzen badu, gizarteak horietan parte hartuko du”.

"Pertsona guztiok ez daukagu etxebizitza bat erabiltzeko aukerarik, denok behar dugun arren. Beraz, nortzuk gaude prest errealitate hau aldatzeko?"

Hego Euskal Herrian, marko autonomikoa erabiliz, aurreko hamarkadan bi parlamentuek egindako “Etxebizitza legea” eta “Etxebizitza eskubidearen Lege Forala” indarrean daude hurrenez hurren. Bietan, etxebizitza eskubidea duen subjektua lurraldean erroldatuta dagoena da. Hauxe da, legea eskuetan, gaur egun indarrez estatu egiturek defendatu beharreko etxebizitza eskubidearen esanahia.

Egunerokotasunean herritarrok ikusten dugun panoramak, ordea, etxebizitza eskubidea derogatuta dagoela erakusten digu edo, are gehiago, haren aplikazioan pribilegio tankera duen eskubidea bera zalantzan jartzera eraman ahal gaitu. Etxebizitza eskubidea bada, zergatik epaileek bidaltzen dute Polizia jendea euren etxetik botatzera bestelako alternatibarik eskaini gabe? Etxebizitza eskubidea bada, zergatik onartzen da alokairuekin eta salerosketekin aberasteko negozioa egitea? Etxebizitza eskubidea bada, zergatik batzuek bizitza osoa ordaintzen egon behar dute eta beste batzuek, jaio diren familian jaio direlako, aukera dute etxe bat dohainik edo oso gutxi ordainduta erabiltzeko? Etxebizitza eskubidea bada, zergatik daude etxerik gabeko pertsonak eta pertsonarik gabeko etxeak?

Eskubidea ala pribilegioa den eztabaidatzea intelektualki erakargarria izan arren, ez digu laguntzen arazoaren muinari heltzen: gaur egun pertsona guztiok ez daukagu etxebizitza bat erabiltzeko aukera, denok behar dugun arren. Beraz, nortzuk gaude prest errealitate hau aldatzeko?