argia.eus
INPRIMATU
Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez
Bizitza iruditan
  • Badira erakusketa madarikatuak. Horietako bat izan zitekeen Nestor Basterretxeari Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan eskaintzen zaiona, inauguratu eta handik astebetera itxi behar izan baitzituen ateak. Ekainaren hasieratik urrira bitartean baina, berriz da zabalik Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez erakusketa, Basterretxea artistaren iruditegi amaiezinera hurbiltzeko proposamen berria.

Jone Alaitz Uriarte 2020ko irailaren 24a
Argazkia: Juantxo Egaña.
Argazkia: Juantxo Egaña.

Proiektua, Basterretxearen argazki-funts zabalean egindako ikerketaren emaitza da eta 60ko eta 70eko hamarkaden artean sortutako argazki eta ikus-entzunezko material ugari bildu eta lehen aldiz aurkeztu dira erakusketa honetan. Peio Aguirre komisario eta kritikoak sinatu du erakusketa. 2013. urtean Bilboko Arte Ederren Museoan ere atzera-begirako bat komisariatu zion Basterretxeari Forma y universo izenburupean artista oraindik bizirik zela. Ordutik lanean jarraitu du Basterretxearen ekoizpen anitzean arakatzen eta oraingo honetan artistak Hondarribiko Idurmendieta baserrian zuen argazki artxiboan –edo ez-artxiboan– jarri du fokua. Aztergai izan ditu bertan –kaxetan, karpetetan, etxeko hainbat lekutan– sakabanaturik zeuden negatibo, diapositiba, argazki eta –neurri txikiago batean– apunte eta metrajeak. Aguirrek, irudiak eskaneatu, sailkatu, multzokatu eta intuizioa lagun, aukeratu eta argitara ekarri ditu uneoro Basterretxea familiaren konplizitatea eta eskuzabaltasuna lagun izan dituela. Argazki horietako batzuk, dotore inprimatuta eta multzoka zintzilik ikusiko ditugu hormetan; beste batzuk ordea, dokumental baten material bilakatuta aurkituko ditugu.

Erakusketan, batez ere, 1960-74 urte bitartean egindako argazkiak daude, multzo ezberdinetan sailkatuta –folklorea, natura eta natura hilak, rayogramak, intimitatea, eskultura…–. Hauetan, Basterretxearen begirada artistikoa bere senitarteko, bere eskultura, proiektu eta etxeko bazter ugaritan pausatzen da. Irunen Oteizarekin batera zuen estudio-tailerrean egindako argazkiak dira gehienak, plano itxikoak eta argiztapen zainduarekin egindakoak, horietako askotan argi eta itzalen kontraste handia ikusten dela. Erretratu ederrak ere badira, tradizio piktorikoaren influentzia antzematen da. Bere familia eta gertuko ingurunea maiz izan zituen argazki kameraren objektiboan, maitasun eta afektu handiko irudiak dira. Artistaren autoerretratu bat baino gehiago ere aurkituko dugu ibilbide osoan. Argazki hauen bitartez, badirudi, une batez bada ere, eskultorearen esfera pribatuenera sartzeko lizentzia ematen zaigula, behatxuloaz bestalde zer dagoen begiratzeko baimena. Intimitate tonu hori izango da erakusketa guztian gailenduko dena eta poliki-poliki Basterretxearen biografiara gerturatuko gaituena.

Basterretxearen begirada artistikoa bere senitarteko, bere eskultura, proiektu eta etxeko bazter ugaritan pausatzen da erakusketa honetan

Intentzionalitate guztiz artistikoa duten argazki horiek, asmo dokumentalagoa duten beste batzuekin bizikidetzan daude erakusketan. Beheko solairuko espazioaren erdigunean, kubo beltz itxurako gelatxoa kokatu dute, zine areto txiki bat bailitzan. N.B.-ren erretratu bat (24’, kolorea, soinua) izenburua duen doku-entsegu bat aurkezten zaigu bertan, erakusketa honetako harribitxia izango dena. Dokumentalak, Idurmendieta baserrian eskuratutako argazkiak edo irudi-dokumentuak hartzen ditu abiapuntutzat eta horien bitartez Basterretxearen ahalezko erretratu bat osatzen du. Irudi finkoen muntaia zainduak, aipuek, soinu ezberdinek, oroitzapen pusketek eta batez ere narratzailearen off-ahotsak trazatzen duen memoriaz osatutako ibilbide poetikoa da. Bizitza bat irudietan.

Dokumentalari Maider Oleaga zinegileak jartzen dio ahotsa, lehen pertsonak dakarren hurbiltasunaz eskutitz baten tonu eta erritmoa antzeman daiteke bere hitzetan, hurbileko lagun min bati eskaintzen zaizkion berbak dirudite. Intentsitatez bizitako bizitza baten pasarteak ikusiko ditugu dokumentalean, Basterretxearen egonaldiak eta bidaiak –Argentina, Ameriketako Estatu Batuak eta Europako hiriburuak–, erakusketak –1960. urtean Madrilgo Sala Negra aretoan Oteizarekin batera egindakoa, adibidez– eta bere proiektu enblematikoenetako batzuk –besteak beste, Pio Barojari omenaldia (1972) eta Omenaldia hiru Pasaia artean, itsasoan hildako seme-alaben oroimenez (1972) eskulturak–. Baina batez ere, oroitzapen eta instanteez jositako storytelling bat da eskaintzen zaiguna, partziala eta zatikatua, subjektiboa eta intimoa; ez al dira hala gure oroitzapenak? 

Harrijasotzaile. Nestor Basterretxeak argazkilari gisa sortutako lanak ezagutzeko aukera paregabea da Donostian ikus daitekeen erakusketa (irudia: VEGAP).

Modernitatearen oinordeko bezala, Basterretxeak etengabe gurutzatu zituen diziplinen arteko mugak. Marrazkiak, margolanak, eskulturak, altzarien diseinua, arkitekturarako forma ezinezkoak eta filmak –ezagunenak Operación H (1963), Pelotari (1964) eta Amalur (1968), azken bi hauek Fernando Larrukertekin batera egindakoak– egin zituen bere ibilbide profesional oparoan zehar. Horrela, Arteguneko lehen solairuan, hamasei milimetrotako proiektore batean hiru minutu irauten duen eskultura-bizia dago ikusgai, Basterretxeak egindako ebakin, collage eta argazki-muntaketekin Super 8 kameran bertan muntatutako filma. Aldameneko beira-arasa batean collage guzti horiek daude ikusgai, artistak berak egindako apunte eta notekin, eta karpeta urdin baten azpian irakur daiteke: Film, película o lo que sea. Super 8 kameraz Basterretxeak berak grabatutako bidaien eta familia pasarteen metrajeak ere badaude ikusgai, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleek ikuskatu, aukeratu eta muntatutako filmak dira. 

Dudarik gabe, Nestor Basterretxearen alderdi ezezagunago batean murgiltzeko aukera ematen digu bere argazkigintzan oinarritutako gerturatze honek. Bizitza bateko irudiak ardatz hartuta, gizon baten erretratua osatzeko saiakera dugu, zeinean oroimenak eta bizipenak, bizitzako une iheskor horiek, bizitza-pusketak, material garrantzitsuena bilakatzen diren.