PPkoa lehena. Estatu-Nazio gehienetan, ingurumen politikak ministerio edo gobernu sail batetik gidatzea azken hamarkadetako borroka ekologistei lotutako aldaketa politiko bat izan da. PPko Isabel Tocino kantauriarra, Espainiako lehenengo Ingurumen ministroa izan zen, 1996an, Aznarren lehen gobernuan. Bere CV-an: Espainiako Sozietate Nuklearreko partaidea, Banco Pastorreko burua eta ENCE eta ENAGAS enpresen kontseilukidea ere. PSOEk ez zuen ausardia hori izan aurretik eta Josep Borrellek, adibidez, “Herri Lanak, Garraioak eta Ingurumena” gidatu zuen, dena batera, baina ez da gauza bera. Ingurumena baino lehen beste lehentasunak zituen, azpiegitura erraldoiak esaterako, berak
"Arriola eta Tapiaren tandemak, aurreko gobernuan bezala baina kartak trukaturik, Abiadura Handiko Trenaren proiektuari lehentasuna eta dirutza emango dizkio berriz ere"
bultzatutako Plan Hidrologikoarekin erakutsi zuen moduan. Orain, alemaniar eta frantsesei jarraituz, Trantsizio Ekologikorako ministro sozialista dugu, Teresa Ribera. Kurioso bada ere, ingurumen ministroen artean, hemen eta kanpoan emakumeak dira nagusi. Zer dela eta?
Victor Manuel Toledo badoa. Ekologo eta ekologista ospetsuak 15 soilik hilabete eman ditu gobernu mexikarrean. Ingurumenaren arduradun nagusi bezala, politika osasuntsuak martxan jarri nahi izan zituen agroekologian edota infernu sozio-ekologikoen aferatan (enpresa kutsakorrak, auzo eta hiri gaixotuak...). Ongi zekien bere gobernuan bertan politika neoliberal eta toxikoen aldeko ministroak bazirela, eta publikoki salatu “Laugarren Eraldaketaren” gobernua ez dela ezkertiarra. “Glifosato” herbizidaren debekua abian jartzea ez diote barkatu eta bere etxean sartu, dokumentazioa lapurtu, dena hankaz gora utzi eta glifosatoa botatzearekin batera, mehatxu kriminalak egin zizkioten. Bere agurrak ez du gehiegi kezkatu López Obrador presidentea. Azken batean bere gobernuan “garbantzu” ekologista diskordantea baino ez zen. Jende askorentzat aldiz, itxaropenaren sinboloa.
Arantxa Tapia badator. EAEn ere ingurumen “ministro” berria dugu, PSEko Iñaki Arriolari testigua hartuko diona. Zaldibarreko hondamendia eta eskandalua ez da nahikoa izan Eibarko alkate ohia gobernutik apartatzeko. Arantxak aldiz eskarmentu eta indar handia izan ditu gobernuan eta “Garapen Ekonomikoa, Iraunkortasuna eta Ingurumena” bataiatu dute sail berria. Hazkunde ekonomikoa, beti lehena. Bion artean, Arriola eta Tapiaren tandemak, aurreko gobernuan bezala baina kartak trukaturik, Abiadura Handiko Trenaren proiektuari lehentasuna eta dirutza emango dizkio berriz ere (1.994 milioi euro aurreratuko dute). Beti ingurumenaren alde noski!