Microsoftek eta bereziki Googlek ikasgelak konkistatu dituzte, eta gero eta gehiago dira hezkuntzarako haien zerbitzuak erabiltzen dituzten irakasle eta ikasleak. Konfinamendu garaiko tele-i(ra)kaskuntza gainera pagotxa izan da multinazional hauentzat, eskoletako erabiltzaileen datuak salduz negozio itzela egiten baitute. Ikasgeletan sartzeko zirrikitu bikoitza aurkitu dute: batetik, Euskal Herriko administrazioek ez dute inongo estrategiarik gai honetan; bestetik, ikastetxe askotan teknologiarekiko dagoen kontzientzia faltak –teknologia bat edo bestea erabiltzea neutrala balitz bezala– eta baliabide gabeziak alfonbra gorria jarri diete Microsoft eta Googleri, ez bada ikastetxe jakin batean gauzak aldatzeko ezagutza eta borondatea dituen irakasleren bat dagoela. Egon badira, baina, teknologia burujabe eta askeago baten aldeko apustua egin duten ikastetxeak, eta adibidea ekarri dugu hona. Pandemia garaiotan gaitasun digitalek duten garrantziaz, teknologia hezitzailearen bidea urratzeko beharraz eta arlo honetan hezkuntza komunitateak duen rolaz ere solastu gara Iñigo Balerdi, Diana Franco eta Txabi Perezekin.
Oro har, zein da panorama Euskal Herriko ikastetxeetan? Ze gailu eta aplikazio darabilte ikasgeletan?
Iñigo Balerdi: Nik ezagutzen dudana da Lanbide Heziketaren errealitatea EAEn: autonomia finantzarioa du ikastetxeak eta erabakia ere ikastetxe bakoitzarena da, ez da goitik etortzen zaigun agindua, zer erosi: Google Chromebook, edo eramangarria, edo mahai gaineko ordenagailua…
Txabi Perez: Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, administrazioaren rola pasiboa denez eta Eskola 2.0ak ekarri zuen ordenagailu uholdeaz geroztik estrategia finkorik ez dagoenez, gehienetan ikastetxeak merkatuaren menpe geratzen dira. Hor Googlen zerbitzuek lortu dute ikastetxeetan arrakastatsu sartzea, doakoak eta erabilerrazak direlako hezkuntzarako, Chromebookak merkeak eta finantzazio errazekoak direlako… Ikastetxean baldin badago gaia kontrolatzen duen norbait eta orduak sartzeko prest dagoena, bestelakoa da errealitatea, baina halakorik ez dagoenean soluzio errazena da Googlera jotzea, enpresa batek hornitzea gailuz ikastetxea.
Diana Franco: 1970eko hamarkadan, sistema-eragileen borrokan sartuta zeuden Apple eta Windows, eta orduan hasi ziren forma hartzen gure lan egiteko moduak inguru digitalean. Microsoft enpresarena den Windowsek sistema-eragile pertsonalizatuak garatu zituen, enpresentzako baliabide aproposekin (ofimatika). Eta hezkuntzara ere halaxe transmititu zen, horregatik izan zen Microsoft Suite Office hezkuntzan sartzen lehena eta horregatik, beste sistema-eragile batzuen gaineko ezagutza eta formazio falta tarteko, arraro egiten zaigu adibidez LibreOfficeko dokumentu editatzailea erabiltzea, Windowsen Word bertsio orokortua beharrean. Gure ohiturak ikasleei transmititzen dizkiegu.
Gaur egun, Googlek Google Suite paketea eskaintzen du hezkuntzan, eta irakasleei erakargarria eta erosoa zaie, ez dutelako ezer instalatu ez eguneratu behar. Erabili eta kito. Gainera, Google Chromebookak sortu dituzte, Googlen zuzenean sartzeko, ordenagailuaren antza duen gailuaren bidez.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak harreman historikoa du Microsoftekin, Microsoften paketeak sartzen saiatzen da, orain arte ongi etorri zaiolako. Nafarroako Gobernuak berriz, Googlekin du hitzarmena, beraz pentsatzekoa da Google Chromebookak eta Google Suite paketeak lehenetsiko dituela.
Iñigo Balerdi: "Pandemiak egin duena da agerian utzi zer nolako gabezia zuen hezkuntzak gaitasun digitaletan. Nik esaterako, Moodle sistema libreari buruz prestakuntza eman dut irakasleen artean, horretarako ere balio izan du pandemiak"
Baina Eusko Jaurlaritzak esana da beraiek jarritako ordenagailuek abiatze duala dutela (Linux sistema-eragile askea batetik, Windows bestetik) eta erabakia ikastetxearena dela.
T. Perez: Ez da zehatza. Hasteko, pandemia aurretik agindu zuten ordenagailu berri horiek erosiko zituztela, baina oraindik ez dira iritsi. Jaurlaritzak galdetu zien ikastetxeei: zer nahi duzue, Chromebook ala ordenagailua? Eta ikastetxe batzuek erantzun zuten ordenagailua nahi dutela, Linux sistema-eragilearekin. Horiei Jaurlaritzak esan die kasu horretan duala izango dela abiatzea, Microsoften Windows bai ala bai eramango dutelako ordenagailuek. Egia baita Microsoft lobbyak indar handia izan duela beti Eusko Jaurlaritzan, administrazioan Microsoft erabiltzen da denerako eta hezkuntzara ere hedatu dute joera. Bi indarren artean daude ikastetxeak: goitik, administraziotik, Microsoft eskaintzen zaie, eta behetik, merkatutik, Google sartu da (etxeetan ere Android eta Googlen zerbitzuetara ohitu gara…).
D. Franco: Eta zaila du Microsoftek, Google hezkuntzan espezializatu delako eta suite oso bat egin duelako hezkuntzarako, erosoa eta erakargarria. Emaila, artxiboak gordetzeko hodei oso handi bat, klaseak emateko aplikazio eta baliabideak (Classroom gisakoak) eta bideo-konferentziak egiteko Hungout-ak, dena doan eskaintzen du. Nolabait, Googlek arazo teknikoak gainetik kentzen dizkio irakasleari, eta hori oso erakargarria da. Ez dute zerbitzaria mantendu behar, instalaziorik ez da egin behar, ez dute antibirusik sartu behar… baina atzealdea begiratu behar dugu: ekonomikoki doan da, bai, baina kostua handia da, eta hor jarri behar dugu fokua: Google erabiltzearen kostua zein den garbi azaldu behar da, eta horretarako ulertu behar dugu Googlek etekinak eskuratzen dituela ikasleek bere zerbitzuak erabilita. Nola? Hirugarren enpresei ikasleen jokabideen datu agregatuak salduz (Amazon, Facebook, Apple… eta enparauek egiten duten gisan).
Hain juxtu, Hezkuntzan Ere Librezale mugimenduak salatu du eskolan enpresa pribatuen aplikazio eta zerbitzuak erabiltzeak dakarrela, besteak beste, ikasle eta irakasleen pribatutasuna urratzea.
T. Perez: Googlek esaten du ezetz, berak ez dituela hezkuntzarako ematen dituen zerbitzuetako datuak erabiltzen eta pribatutasuna bermatzen duela (Nafarroako Gobernuarekin sinatu duen dokumentu batean nik neuk irakurri dut), baina datu agregatuak eta ezagutza bai saltzen ditu. Ez dute ikaslearen izena emango, baina ikasle horrek utzitako arrasto guztia bai.
D. Franco: Zergatik interesatzen zaizkio Googleri hainbeste haur eta gazteen datuak? Oso moldagarriak direlako, eta marketina, publizitatea, jokabideak lantzen dituzten enpresentzat lehengai aproposa direlako (politikarientzat, enpresa komertzialentzat…). Gure datuen ustiaketa lehengai bezala erabiltzen duen enpresa baten esku jarri ditugu gure haurrak. Eta ikusi ez dugun Troyako zaldia izan da, orain ari gara konturatzen.
I. Balerdi: Ez da bakarrik gure ikasleen datu pertsonalak multinazionalen esku geratzen direla, baita gure ezagutza eta ezagutza horren kudeaketa ere. Gure ikastetxean, software librearen aldeko apustuaren abiapuntua izan zen erabakitzea gure informazioa eta ezagutza aktibo estrategikoak direla, eta hortik eratorri zen gainerako guztia: zein aplikazio erabili informazioa gure artean partekatzeko, datuak non bildu (alegia, gure hodeian, ez Googlen hodeian)… Duela hamabost urte hasi genuen bide hori, baina uste dut administrazioak izan beharko lukeela Euskal Herrian sortutako ezagutza aktibo estrategikotzat hartu eta bide berari ekin beharko liokeena.
Eta azpimarratuko nuke hezkuntzaz ari garela. Imajinatzen dugu eskolako jangela bat non Nestlék erabakitzen duen menua? Ez, nahi dugu bertako elikadura osasungarria sustatuko duen jangela, hezkuntzari lotutako arloetan eredugarri izan nahi dugulako; zergatik ez gaitasun digitaletan? Eskolak eredugarri izan behar du erreminta digitalak hautatzerakoan ere, eta azaldu behar du zergatik hautatzen duen bat eta ez bestea.
T. Perez: Horri guztiari gehitu behar diogu bezeroak sortzen ari garela beraientzat, etorkizuneko kontsumitzaileak. Google eta multinazional pribatuekiko menpekotasuna sortzen ari garela ikasleen artean. Adibidez, lehen aipatu da tresna eroso eta erakargarriak dituela Googlek, baina Google Classroom pedagogikoki atzerapausoa da, kontua da tresnak berak lotzen zaituela.
D. Franco: Subiranotasuna galtzen ari gara, multinazionalen esku dagoelako azpiegitura. Sistema hau guztia mantentzen, txinatarrak alde batera utzita, bost enpresa daude munduan, eta bosten azpiegitura AEBetan dago. Itsaspetik datorren kable bidez konektatzen gara eta AEBetako zerbitzari-biltegietan gordetzen da dena. Googlen gabiltzan bakoitzean, ez gaude Euskal Herrian, AEBetan gaude, AEBetako legeen menpe. Ikusi Trump nola asaldatu den Tik-Tok aplikazioarekin. Zergatik? Datu horiek Txinara joango direlako. Eta berak badaki zein den datuen ustiaketaren potentziala jokabideak bideratzeko, horrela heldu baitzen AEBetako presidente izatera.
Diana Franco: "Zergatik interesatzen zaizkio Googleri hainbeste haur eta gazteen datuak? Moldagarriak direlako, eta marketina, publizitatea, jokabideak lantzen dituzten enpresentzat lehengai aproposa direlako"
Eremu erakargarria bihurtzen ari al da hezkuntza, multinazionalen interesentzat? Pandemia garaian adibidez, sumatu al da multinazionalen presioa?
D. Franco: Pandemia hasi zenean pentsatu nuen, “zeinen pozik egongo diren Google, Amazon eta horiek guztiak”. Pentsa, pandemian sekulako inbertsioak egin dituzte duten potentzia mantentzeko, etxean konfinatuta egonik gainjarri egin direlako herrialde ezberdinetako orduak, eta une berean AEBetako eta Europako herritarrak egon zitezkeen Netflix kontsumitzen edo bideo-konferentzia bat egiten; hori ez mozteko inbertsioa handia izan da. Eta lortu dute zerbitzuak ez etetea. Mezua argia izan da hezkuntza munduarentzat: “Gurekin ez duzue arazo teknikorik”. Aldi berean, eta kontrako norabidean, subiranotasun galerari egiten dion kalteaz ohartarazi dute hainbat eragilek: Hezkuntzan ere Librezale, Xnet, Shoshanna Zuboff, Inés Bebea…
T. Perez: Jakina multinazionalentzako eremu interesgarria dela hezkuntza. Eta Googlek oso ongi jokatu du partida: Google Suite paketeak adibidez boterea ematen dio administratzaileari, kasu honetan irakasleari; pare bat klik egin eta administratzaileak dena ikusi dezake, beste ikasle eta irakasleek idazten duten guztia. Baina konturatu behar gara botere hori hartzea aldi berean ardura handia dela.
Nola eragin dio tele-i(ra)kaskuntzak gaiari? Multinazionaletara jotzeko joera indartu da ala gogoetatzeko eta beste bide batzuk urratzeko baliatu da?
T. Perez: Konfinamendua bat-batean etorri zen, eta oro har ikusi dut irakasleek oso ongi erantzun diotela egoerari; aldiz, administrazio publikoaren erantzuna epela izan da eta ez du aparteko baliabiderik jarri gaitasun digitaletan irakasleak formatzeko. Berritzeguneetako aholkularien esku geratu da ardura hori, besterik gabe.
I. Balerdi: Pandemiak egin duena da agerian utzi zer nolako gabezia zuen hezkuntzak gaitasun digitaletan, kontzientzia hartu dugu zeinen garrantzitsua den gaitasun digitalak lantzea. Hezkuntza, finean, gehiago digitalizatu da, eta beraz, Google-eta indartu diren bezala, alternatibak ere indartu dira, beste maila batean. Nik esaterako, klase bat kudeatzeko erabiltzen den Moodle sistema libreari buruz prestakuntza eman dut Lanbide Heziketako irakasleen artean, eta erraminta hau lehen aldiz ezagutu dutenak konturatu dira zeinen baliagarria den; horretarako ere balio izan du pandemiak. Edo pandemia honetan, zeinek ez du Jitsi erabili? Software librea da, eta orain lehen aldiz ezagutu du askok.
D. Franco: 6 urteko alaba baten ama naiz eta konfinamenduan irakaslea oso arduratuta ikusi dut haurraren ikasketekin, bazirudielako hezkuntza sistema ezin zela gelditu, ezin zirela gauzak lasaiago hartu, eta presio guztia gurasoengana joan da. Nor zegoen etxean laguntzeko? Google eta halakoak.
Aldi berean, ordea, sumatu dut teknologiarekiko interesik ez zuen jende bat (esaterako hezkuntza eredu alternatiboak) pandemiarengatik gerturatu egin dela teknologiara eta ikuspegi kritikotik egin duela hurbilketa. Hezkuntza modu telematikoan planteatu behar bada, zein alternatiba dauden aztertu nahi duen jendea da.
Txabi Perez: "Google Suite paketeak boterea ematen dio administratzaileari, kasu honetan irakasleari; pare bat klik egin eta administratzaileak ikasle eta irakasleek idazten duten guztia ikus dezake. Baina konturatu behar gara botere hori
hartzea aldi berean ardura handia dela"
Herritar kritikoak hezi nahi ditugu. Teknologiarekiko, nola hezten dira ikasle kritikoak?
D. Franco: Eskola publikoko guraso bezala, hezkuntza kritikoa ezagutu dut: generoa, elikadura, ingurumena… jorratzen dituzte botere harremanak kontuan hartuz, baina teknologia neutrala bailitzan lantzen da, hor eztabaidarik ez balego bezala. Eta nire ustez hori gertatzen da hezkuntzak ez duelako mehatxu gisa ikusten aipatu dugun guztia, bestela kritikoa izango zela pentsatzen dut. Horregatik saiatzen gara Hezkuntzan Ere Librezaletik ikusarazten teknologia ez dela neutrala. Darabilgun teknologiaren atzean dagoena ulertzen ez badugu, ez dugu ezer egiteko beharrik ikusiko.
I. Balerdi: Hain zuzen neutrala ez delako inportantea da terminologia zaintzea: ohitura dago adibidez eskolan “testu bat idatzi” esan beharrean, “Word bat idatzi” esatekoa, edo “bidaliko dizut Gmail bat” esatekoa, emaila esan beharrean, “Excel bat egingo dut”, kalkulu orria esan beharrean…
T. Perez: Software librea gehiegitan lotu da software bat garatzearekin edo programatzearekin, eta gai konplexua dirudienez paso egiten du askok, baina kontua ez da programatzen jakitea, software librearen filosofia hezkuntzara ere eramatea baizik: egiten duzuna partekatzea, edukiak lankidetzan sortzea, berrerabiltzearen garrantzia… Kontzeptuak landu behar dira, haurrei berdin zaie horri software libre edo beste nolabait deitzen diozun.
I. Balerdi: Hori da, kontzeptuez eztabaidatu beharra dago. Guk esaterako jabetza intelektualaz hitz egiten dugu eskolan: gure edukietarako Copyright nahi dugu? Copyleft? Creative Commons? Euskaldunon komunitatearentzat, euskarazko edukiei Copyright jartzea da egokiena? Herri bezala ez al zaigu komeni edukiak askatzea?... Horretaz guztiaz hitz egiten baduzu, pixkanaka giro jakin bat eta kontzientzia jakin bat sortzen duzu ikasgelan.
D. Franco: Egun bizi dugun digitalizazioa eta automatizazioa ez da etengo; alderantziz, COVID-19ak bizkortu egin du prozesua eta pandemiak automatizazioa areagotzera bultzatuko ditu enpresa ugari. Eta gu zertan ari gara? Ezagutza hori guztia AEBetara bidaltzen. Eskola ez da enpresa, baina teknologiak nola funtzionatzen duen eskolan ulertzen du ikasleak, eta ikasgelan zer erabiltzen duen, hori barneratuko du. Software libreko zerbitzuak erabiltzeak ulertarazten dio hodeia ez dela gauza etereo bat, koste bat duen azpiegitura bat dela, eta azpiegitura hori kontrolatzeak boterea esan nahi duela. Neurri batean, garai digitalean munduak nola funtzionatzen duen ikasten du, teknologiaren ideia errealagoa ematen dio. Eta ideia errealago batetik hobeto eragin dezakezu errealitatean, fikzio batetik baino. Hori da jokoan dagoena.
Diana Franco: "Software libreko zerbitzuak erabiltzeak ikasleari ulertarazten dio hodeia ez dela gauza etereo bat, koste bat duen azpiegitura bat dela, eta azpiegitura hori kontrolatzeak boterea esan nahi duela. Garai digitalean munduak nola funtzionatzen duen ikasten du"
Iñigo, zuek urte asko daramatzazue ikastetxean software librea instalatzen eta ikastetxeko politikaren parte da dagoeneko. Zein bide egin duzue?
I. Balerdi: Duela hamabost bat urte, erabaki genuen softwareak-eta inplementatzen hasi aurretik ikastetxearen politika zehaztu behar genuela, inplementazioari zentzua eman eta estruktural bilakatu (irakasle batek ezin du bere kabuz kontrako norabidea hartu): erabaki genuen, aurretik azaldu dudan moduan, hezkuntza komunitatearen edo ikastetxearen ardura zela bertan sorturiko informazioa eta ezagutza kudeatzea, eta hortik hiru hanka eratorri ziren: konfidentzialtasuna (informazioa gure ikastetxeko hodeian lekututa, eta ez atzerriko zerbitzari batean, hobeto bermatzen da konfidentzialtasuna), osotasuna (eduki horien manipulazioa ere errazago saihesten da ikastetxeak berak gordetzen badu edukia) eta eskuragarritasuna. Azken puntu horrek lan handiagoa eman digu, Googlek dena eskura jartzen dizulako, eta sortu genuen Informazioaren Segurtasun Foroa. Foroan gaude zuzendaria, kalitate arduraduna, IKT sustatzailea, sare kudeatzailea eta idazkaria, ikuspegi ezberdinetatik informazioaren gestioaz gogoetatzeko. Ondoren klaustrora edo zuzendaritzara eramaten dira foroaren proposamenak, erabakiak hartzeko.
Gure helburuetarako, ikusi genuen software libreko hiru produktu nagusi zirela egokienak: posta (eta agenda eta abar) erabiltzeko, Zimbra; klasea kudeatzeko, Moodle; eta informazioa artxibatzeko hodei gisa, NextCloud. Eta NextCloudak aukera ematen du, adibidez, federatzeko: gure ikastetxean irakasleok gure NextCloud hodeia edo artxiboa dugu, ikasleak eurena izateko bidean dira, eta federatu egingo ditugu bi hodeiak, edukiak partekatzeko, berdin NextCloud darabilten beste ikastetxe batzuekin. Googleren hodeiak ez du federatzeko aukerarik ematen, dena zentralizatua duelako. NextCloudek, gainera, komunitate ikaragarria du atzean, besteak beste aplikazio txikiak garatzen dituena NextCloudarentzat.
Zimbra, Moodle eta NextCloud, hiruen arteko integrazioa lantzen ari gara ikastetxean, gure oinarriak direlako, eta horrek edota zerbitzaria gestionatzeak lana ematen digu, etengabeko ikasketa da, denbora eskatzen du, baina aldi berean ezagutza ere gure esku dago, indarra ematen digu. Hiru horiez gain, dena den, hezkuntzarako zerbitzu libre ugari dago. Proiektuak kudeatzeko Canva estiloko software librea badago, GoogleMaps beharrean OpenStreetMap aplikazioa erabili daiteke, Talk eta Jitsi zerbitzuak ere badira komunikatzeko…
Iñigo Balerdi: "Erabaki genuen ikastetxearen ardura zela bertan sorturiko informazioa eta ezagutza kudeatzea, aktibo estrategikoa direla, eta hortik eratorri zen gainerako guztia. Etengabeko ikasketa da, denbora eskatzen du, baina aldi berean ezagutza gure esku dago, indarra ematen digu"
Ikastetxearen politika da hortaz. Ongi egokitzen al dira ikastetxera iristen diren irakasle eta ikasle berriak?
I. Balerdi: Jende asko Googleko zerbitzuetara dago ohituta, ez dituzte guk erabiltzen ditugun zerbitzuak ezagutzen eta batzuetan borrokatu egin behar da, ulertarazi behar zaie Zimbra, Moodle eta NextCloud aplikazio nuklearrak direla gurean, ikastetxean erabiliko direnak. Berriei gaiaren inguruko ikastaroa ematen diegu eta batzuk ideologikoki prestuago datoz; kontzientziazio lana inportantea da. Esaten diegu: “Porruen antzera da, nire baratzean ereindakoak okertuta atera daitezke, dendan baino zikinago, eta lana emango dit garbitzeak, baina goxoagoak daude, nire porruak dira”.
Hori Lanbide Hezkiketan. Lehen eta Bigarren hezkuntzan ere software librearen aldeko apustu orokorra egitea posible litzateke?
T. Perez: Berritzeguneetatik gure erronka beti izan da Iñigok ongi azaldu duen ikuspegi orokor hori lantzea: ikastetxe gisa, talde bezala, zer nahi dugu? Eta horren arabera jokatzea. Lehen Hezkuntzako ikastetxe batean ez dira Iñigoren ikastetxea bezain urrutira ailegatuko, baina gutxienekoa egin dezakete, hausnartu zer eta zertarako egiten dituzten gauzak. Beharbada konturatuko dira ordenagailua hainbeste erabiltzea ere ez dela beharrezkoa, edo eskatu gabe ikastetxeak jaso duen arbel digital hori ez dutela behar… Beste arlo batzuetan curriculumak eta metodologiak ongi aztertzen diren moduan, hausnartu behar dugu konpetentzia digitalen inguruan, datorrena bere horretan hartu ordez.
Arazo handia dugu, ordea, gure hezkuntza sisteman: begira zer lan handia egin duzuen ikastetxean, Iñigo, eta beste ikastetxe askok ez dute horren berri. Edo gu Berritzegunean ari gara gai hauek lantzen, baina ez dugu erabakimen eskumenik, erabaki teknologikoak Hezkuntza Sailburuordetzan hartzen dira, eta hor ez dakit badakiten ume bat zer den ere. Ez dut esaten gutxiesteko, baina sistema ez da aldatu azken hogeita hamar urteotan. Jaurlaritzan ez dago talderik gai hauen gainean erabakiak hartzeko, ez delako apusturik egiten, ez dago perspektibarik ez estrategiarik. EAEko berritzeguneetan, duela 25 urte hogei IKT aholkulari ginen, eta orain, gertatu den iraultzaren ostean, hogei izaten jarraitzen dugu. Eta ikastetxeetara bagoaz, IKT arduradunaz hitz egiten da, bai, baina figura hori ez da existitzen! Ez dago horretara bideratutako ordurik ikastetxeetan, eta borondatea eta interesa duen irakasleren bat ez badago, jai du eskolak, zer eta IKT beharrak asko handitu diren garaiotan. Pentsa, Ibarretxe lehendakariaren sasoian iragarri zuten bat ez, bi IKT arduradun izango zituela ikastetxe bakoitzak, bat teknologiaren alde teknikoaren arduradun eta bestea teknologiaren alde pedagogikoa zaintzeko, bada lekutan gaude.
I. Balerdi: Lanbide Heziketan, EAEn 40 bat IKT pedagogo gaude, gaitasun digitalen inguruan gogoetatzeko.
Txabi Perez: "IKT arduradunaz hitz egiten da, bai, baina figura hori ez da existitzen! Ez dago horretara bideratutako ordurik ikastetxeetan, eta borondatea eta interesa duen irakasleren bat ez badago, jai du eskolak"
Ikastetxeetan IKT beharrak handitu direla aipatu duzue. Konfinamenduan gertatu zena ikusita, pentsatzekoa da etorkizun hurbilean ere beharrak handituko direla.
T. Perez: Ikastetxe bakoitzean COVID arduraduna iragarri du administrazioak, baina aurreikusten den panorama izanik tele-irakaskuntzan orduak sartu beharko direla maiz, nola ez da jarri aholkulari teknologiko bat ikastetxeetan? Nori eskatuko diote laguntza irakasleek, zein izango dute erreferente? Administrazioak, gainera, akats handi bat dauka: softwarea edo zerbitzaria edo dena delakoa instalatu eta gero ez du inongo jarraipenik egiten, instalatzearekin bakarrik nahikoa balitz bezala. Begira, duela urtebetetik prest genuen arren, orain atera du Amarauna zerbitzua Jaurlaritzak, irakasleek euren esperientziak, artxiboak eta ekarpenak partekatzeko, baina ez du baliabide bakar bat martxan jarri! Ez bultzatzeko, ez zabaltzeko, ez mantentzeko. Ni nago Amaraunaren administratzaile eta hor konpon, baina zerbitzu hau mantentzeko jende gehiago behar da.
Hori esanda, nabarmendu nahi dut ekimen oso interesgarriak aurkitu daitezkeela ikastetxeetan. Badago mugimendua, baina lehen aipaturikoa gertatzen da, esperientzia horiek sarri isolatuta geratzen direla, batzuetan ez dugulako elkarren berri.
D. Franco: Gurasooi ere presio egitea dagokigu, gauzak mugitzen has daitezen.
T. Perez: Gaur bertan etorri zait aita bat, esanez ikastetxean esan diotela halako Chromebooka erosi behar duela eta gailu ona al den galdetu dit, baina ez du erabakia auzitan jarri. Gainera, guraso bezala esan dezakezu ez duzula halakorik erosiko, baina bakarra bazara salduta zaude. Eta hori ere salagarria da, ikastetxeak eskatzea gurasoei seme-alabentzat ordenagailuak erosteko. Ikastetxe bezala erabaki baduzu ordenagailuak hezkuntza baliabideak direla, ikastetxeak berak jarri behar ditu baliabide horiek, administrazioari finantzazioa eskatuta.
D. Franco: Alaba oraindik txikia da eta ordenagailua erosteko ez didate eskatu, baina papertxo batekin iritsi zen etxera: “Hau da zure alabaren Gmail kontua”. Tira, badakit ez dagoela asmo txarrez egina, baina posta alternatiboak badirela aztertu ere ez du egin ikastetxeak? Susmoa dut teknologiarekiko hartzen ditugun erabaki asko erosotasunak gidatzen dituela, eta erosotasuna ez da beti erabakiak hartzeko irizpiderik onena.
T. Perez: Hori da, ez dago batere kontzientziarik. Seme-alabari argazki bat atera ahal izateko baimena eskatzen dizute, baina Gmail kontua irekitzeko ez.
MAHAIKIDEAK:
Iñigo Balerdi Urrestarazu, Tolosaldea Lanbide Heziketako IKT sustatzailea
1967an Alegian jaioa, Informatikan lizentziatua da. Urteak daramatza Lanbide Heziketan lan egiten eta urterik gehienak Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan. Informatika alorreko irakaslea eta ikastetxeko IKT sustatzailea da. Azken urteetan, pedagogo digital ere ari da, gaitasun digitalen bidez ikasleen ikaskuntza prozesua eraginkorragoa izan dadin. Bestalde, EAEko Lanbide Heziketak ikerketarako duen Tknika zentroan kolaboratzaile dihardu, IKT kontuetan. Gaitasun digitalen bidez ikaskuntza ereduak nola indartu eta hobetu lantzen du, hori gero Lanbide Heziketako ikastetxeetan sustatuz.
Diana Franco Eguren, Hezkuntzan Ere Librezale taldeko kidea
1977an Iurretan jaioa, Enpresen zuzendaritza eta kudeaketan lizentziatua da. 2012an Social Sound kooperatiba txikia martxan jartzen lagundu zuen. Tabakalerako Hirikilabs kultura digital eta teknologia laborategi hiritarraren garapenean parte hartu zuen, tartean bi argitalpenetan: Ikasgelatik laborategira eta Teknologien ahotsak. 2019an, Haritu, kultura digital eta teknologia laborategiaren prototipoa garatzen hartu zuen parte, Ede Fundazioko Suspergintza lantaldean. Durango Azokako Kabia ere koordinatzen du, eta Hezkuntzan ere Librezaleko kide da.
Txabi Perez Zabala, IKT aholkulari teknikoa EAEko Berritzegune Nagusian
1959an Bilbon jaioa, Kimika Zientzietan lizentziatu zen eta Matematikako irakaslea izan da hezkuntza publikoan. 1996az geroztik, hezitzaileei laguntzeko zerbitzuetan lan egiten du, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien aholkulari gisa. Irakasleen konpetentzia digitalak hobetzea helburu, haientzako prestakuntza antolatzeaz eta emateaz arduratzen da. Horrez gain, hezkuntzako webgune eta plataformak ere kudeatzen ditu, hala nola Moodle sistema edota hezkuntza-materialak partekatzeko eta irakasleen elkarlanerako ireki berri duten plataforma: Amarauna.
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]