argia.eus
INPRIMATU
Begiak mintzo
Edu Zelaieta Anta 2020ko irailaren 23a

Maiz gertatzen da zerbait (edo norbait) gordetzen denean, beste zerbait (edo norbait) agertzen dela. Maskara janzten dugunetik, ahantzixea zuen Marcos azpikomandantearen irudia etortzen zaio zenbaitetan gogora: kontrako terminoekin jostatuz, munduaren ikuskera zapatista azaldu nahi zuten hitzak ere ezusteko bisitan izan ditu hondar aldian. Ahots hura,

"Mirenek ez daki orain ikasgeletan ikusten dituen begi andana horiek heldearen preso gelditu ote diren, edo, hain zuzen ere, pandemia orojaletik salbu"

baina, aspaldi isildu zen, eta, orain, maskara erabili beharrak hatsa ebasten dio.

Xoxoaren kantu tradizionalean bezalatsu, desagertuz joan dira hortzak, ezpainak, kokotsak, masailak eta sudur puskak. Eta aurpegiko atal horiek gordetzean, beste batzuk ageri-agerian suertatu dira, hainbat belaunaldiren ikuspegitik, inoizko irailik konplexuena gertatzen ari den honetan. Mirenek ez daki orain ikasgeletan ikusten dituen begi andana horiek heldearen preso gelditu ote diren, edo, hain zuzen ere, pandemia orojaletik salbu. Zaila da, oso eta hagitz, bereiztea.

Gauza bakarra du argi: begiz bete dira bazterrak. Hitzetik hortzera solasean dabiltzanak; soinurik gabe, etenik gabe. Eginahaletan jarraitzen du irakasleak, protokoloetatik kanpo, kode berria deszifratzeko.