argia.eus
INPRIMATU
Jainkoaren izenean
Ruben Sánchez Bakaikoa @arlotea 2020ko irailaren 16a

Apal-apalik: Benetan? (Jakinik ere EAJri botoa ema(te)n diozuenak asko zaretela, eta autokritika eta apaltasuna arrunt ezohikoa dela gainerako politikari gehienen artean ere). Baina benetan, Iñigo, Apal-apalik?

Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean: Jainkorik ez dago, kopon! Dagoena da asmatu, eraiki eta gainean ezarri diguten gizonezko-bizardun-zuri-hetero-kristau-pekatubanatzaile bat. Eta gauzak horrela, lehendakaria Haren ordezkaria Lurrean dirudi. Bestalde, Jaungoikoaren atzean jarritako gizarteak gehiago dirudi jaungoikoaren existentzia eta gorentasunaren atzizki bat demokraziaren oinarria baino.

"Jaungoikoaren atzean jarritako gizarteak gehiago dirudi jaungoikoaren existentzia eta gorentasunaren atzizki bat demokraziaren oinarria baino"

Eusko-lur gainean zutunik: tumatxa zen “zutunik” hura niretzat, ze tamala, domaia eta pena. Eusko-lur antzinako eta gotor horrek eutsi dio makurtu gabe behintzat. Hik eutsiok indartsu, Iñigo.

Eta Gernikako haritzaren azpian: txiolari batek esan du lurralde oreka bilatu duela Urkulluk gobernu osaketan: sailburuetarik 6 bizkaitar, 4 gipuzkoar, arabar 1 eta madrildar 1. Beraz, lurralde orekan, uste dut itsasodun probintziez ari zela. Azkenean derby-derby-a hori da. Arabarrok han gaude, beti gisan, sagardotegira goazenean bezala: gabatxo eta madrildarren tropelean, inoiz ez digute kupel onik irekitzen.

Asaben gomutaz: Seguru, baina seguru-seguru super seguru, arbasoek Gernikako arbolan parrandak ere egingo zituztela bilkuren ondoren. Aiii asabek burua altxatuko balute... A ze asperra! Egungo gazte gaixoak pandemia zabaltzearen errudun, Murga sailburu ohiak abisu emanik txertoa etorrita ere lehen bezala bizitzerik ez pentsatzeko...
Herri-ordezkari zareten zuen aurrean: Bai, baina herriaren %49k ez zien ordezkari horiei botorik eman. Ez dakit, beharbada, herri-ordezkari hitza ordezkatu beharko genuke. Erdi-ordezkari?

Nire agintea zintzo beteko dudala zin dagit: Hona gasteiztar ekarpen demasako bat, Gasteizko Aihotz plazako zina, plazan bertan harrian zizelkaturik dagoena: “Lehendakariak herri honen auzi, eskubide, salbuespen eta askatasunak oro defendituko ditu, eta hala ez balegi, hitza beteko ez balu, burua moztu diezaiotela Gasteizko aihotzaren zorrotzaz”.

Badakit ustelkeriaren aurkako neurri gogor samartxoa dela, tira, legealdi batean aproba egin genezake, ea zenbat buru saskiratzen ditugun.

God bless Euzkadi.

Munduko zilborrik pelusarik gabekoenetik,

omen.