argia.eus
INPRIMATU
Itxaropenaren bila
Joxi Ubeda Goikoetxea 2020ko irailaren 16a
'Hutsaren hatsa' diskoa egin du Aguxtin Alkhatek. Berak sortutako Hutsaren hatsa zigiluaren bidez eman du argitara.
'Hutsaren hatsa' diskoa egin du Aguxtin Alkhatek. Berak sortutako Hutsaren hatsa zigiluaren bidez eman du argitara.

Kanta politak eta hunkigarriak entzun daitezke Aguxtin Alkhaten lan berrian. Hitzak, melodiak, moldaketak eta xehetasun guztiak arretaz zaindu ditu, eta disko ederra egin du.

Abesteko eta kantak egiteko modu berezia du Alkhatek, berea, eta pop, rock, folk eta blues kutsuko doinuekin osatu ditu bere disko berriko kantak. Batzuk biziak dira, beste batzuk lasaiak, baina denek intentsitatea eta grina transmititzen dute.

Izenburuak berak dioen bezala, hutsetik kemena atera baitaiteke. Horrela, bere bizipenetan oinarrituta, bere egoera pertsonaletik abiatuta sortu ditu diskoko kantak. Hain zuzen ere, harentzat samurrak izan ez diren garaietan, bere bakardadean, kantak egitea izan du gogoaren beheraldia gainditzeko terapia, gauza onak aurkitzen saiatzeko, zerbait berria eta hobea sortzen ahalegintzeko.

Oroitzapenetatik ikasi eta aurrera begiratu. “Diskoa minaren ondorengo biziberritze bat da, zauriak erabat sendaturik indartsu iristen den ahots bat”, egilearen hitzetan.

Kantetan iluntasuna antzeman daitekeen arren, itxaropenezko mezu bat ere sumatzen da, itxaropenaren bilaketa. Garairik ilunenetan ere beti ikus baitaitezke argi izpi batzuk, diskoari izenburua ematen dion kantan dioen bezala: “Ilunpe uneetan, doinu bat entzun du, gauaren atean argia ikusi du ta haruntz joan nahi du”.

Nafarroa Behereko Armendaritze herrikoa da Alkhat. Bakarlari gisa hasi aurretik, Inhala folk taldean aritzen zen. Aguxtin Alkhat bezala, Hutsaren hatsa lana kaleratu aurretik hiru disko hauek egin ditu: Ihes Egin (2013, Usopop), Elkar Estudioa Sesioak (2014, Elkar) eta Haizeen Meneko (2015, Elkar).

Hutsaren hatsa bere kabuz argitaratu du, eta horretarako Hutsaren hatsa zigilua sortu du. CD eta LP batez osaturik dago, beraz, kantak bi euskarrietan entzun daitezke, digitalean eta biniloan. Aguxtin Alkhatek berak sortu ditu doinuak eta hitzak, eta diskoa osatzeko harekin aritu direnen lana ere aipagarria da: Julien Labat (gitarrak), Xan Bidegain (baxua), Pierre Sangla (bateria eta teklatuak), Kamila Zubeldia (ahotsak), Kiki Graciet (aho-soinua), Johannes Buff eta Iñigo Irazoki (grabazioa eta nahasketak), Jonan Ordorika (masterizazioa) eta Klara Alberdi (azala).