argia.eus
INPRIMATU
Iraganaren argia
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2020ko irailaren 09a

Azken hamarkadetan zenbait izpiritu argik sail sozial eta ekonomikoetan aitzin-ikusi errakuntza, okerkeria eta lanjerrak herrialde aberatsetako biztanle guzien bistara agertu dira 2020 urte honetan, osasun krisiarekin batean. Mundializazioak neurriz goitiko merkataritza harremanak eragiten ditu, eta harreman horiek zuzentasunezko normatzat inposatu; indibidualismoak eta propietarismoak menderatu dituzte jendetasunezko eta elkartasunezko loturak; arrazionalismo hotza hedatu da arlo guzietan, sentimenduak, sentsualitatea eta irudimena zenbaki, estatistika ala eritasun bihurtuz. Errealitate birtual, zapaltzaile eta ero batean bizi gara.

Testuinguru horretan, hara ikasturte berria hasten dela, eta gogorki. Mundu edo Estatu mailako ibilmolde eta erabakiengatik, borroka dorpeak abiatuko dira. Gatazka geopolitiko larriek segitzen dute erresuma frankotan, eta berriak ere laster-laster sor daitezke. Irakaskuntzaren alorrean, gobernarien mespretxu, larderiakeria, gezur eta probokazioei aurre egin beharko zaie, gai guzietan: lan baldintza gero eta jasangaitzagoei begira, eraginkortasunik gabeko irakaskuntza metodoei eta eginbehar absurdo guziei begira, abertzaletasun frantsesa ikastetxeetan bortxaz sustatu nahi

"Denetan, prekaritatea azkartuko eta hedatuko da eta etsipena muinetaraino sartuko. Alabaina, tokian tokiko esperantzak sustatuko direla sinesten dut"

duen politika agresiboari begira (oroit Iparraldeko ikastetxe publikoetan Marseillaisearen errepika eta koplek afitxatuak behar dutela gela guzietan, haurren bistan, bai eta bandera frantsesa ere... aipatu gabe Anne Bisagni-Faure Bordeleko akademiako errektorearen deliberoa, hain zuzen murgiltze eredua debekatzen duela oraindik goiti ama-eskola publiko eta pribatuetan). Osasunaren arloan, berriz, hobekuntzarik ez da ikusi lan baldintzetan eta ahalbide materialetan, agintariek alta anitz hitzeman zutelarik izurriaren bigarren uhina saihesteko. Frantzian, kulturaren saila lagundua izanen da “aktibitate ekonomikoa” den heinean eta laborantzan, debekatuak ziren pestizida batzuk berriz baimenduko dira. Denetan, prekaritatea azkartuko eta hedatuko da eta etsipena muinetaraino sartuko.

Alabaina, tokian tokiko esperantzak sustatuko direla sinesten dut. Mundializazioak eta Estatuek herri eta herritarrei uzten diguten libertateaz baliatuko gara etorkizun hurbil eta ertaina hobetzeko. Elkarteei, bertako erakunde eta hedabideei esker, eta asmamen apur batekin, formakuntzak eta informazioak eskuratzen ahalko ditugu, gazteria babestu eta modu duinean loratzen lagundu; gure altxor material eta immaterialak zaintzen ahalko ditugu; geroari begira, hemengo gizakiarentzat eta naturarentzat hoberena zer den definitzen ahalko dugu.

Azken puntu hori, uztail-agorrilean gurutzatu dudan jendeak arrunt argi zuen. Lehenik, baketsuki baina fermuki iharduki behar zaiela goragotik eratorri erasoei. Bigarrenik, gureganatu behar dugula gazte hezkuntzaren eta osasun zaintzaren ardura, tokian tokiko behatokiak eta bultzadak akuilatuz. Hirugarrenik, guhaurk kudeatu behar dugula gure lurraldea biziarazten duen ekonomia. Laugarrenik, gure kultura ezagutu behar dugula, eta guretzat lehenik behar diogula eman balioa.

Ez dira gogoeta berriak, baina iruditzen zait behar horiek premiatsuak bihurtu direla azken hilabeteetan, preseski mundializazioaren ibilmoldea geldotu delako, eta errealitate birtuala utzita, jende eta naturaren errealitatera doi bat pasatu garelako. 2020. urteko azken lau hilabeteak emankor eta itxaropentsu izan dakizkigun, kuraia, kemen eta irudimen denoi!