argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Brontë
Aritz Galarraga 2020ko irailaren 08a

Nerabe garaiko irakurketa ia erabat ahaztuta, Irungo karrika nagusiko 16.enean eskuratu nuen Irene Aldasororen itzulpen bikaina den Gailur ekaiztsuak. Bereziki inspiratuta ez nengoen egun batean izan zen, zerbait nahi baina zehazki zer nahi duzun ez dakizun egun horietako batean. Irribarre egin zidan Yleniak, “liburu hori erosten bukatzeko behar izan duzu ordubete?” esan nahi izan balit bezala, “zergatik uste duzu jarri diodala izen hau nire liburu-dendari?”; baina esan, egiaz, “aukeraketa ona egin duzu” esan zidan, egonarririk galdu gabe. Handik gutxira irabazi zuen Aldasororenak Euskarazko Literatura Itzulpenaren Euskadi saria.

Iaz itxi zuten Hondarribiko Olearso liburu-denda ere. Brontëren aldean, beste gauza bat zen Olearso –ni ateratzen nintzen alarde matxistako konpainia ere bai, baina hurrengorako utziko dugu hori–. Bigarren gerra karlistatik bizirik atera ziren bi ahizpek zeramaten, eta, negozioa aurrera ateratzeko prentsaz gain, 80ko hamarkadan pilatutako liburu fondo bat zeukaten, hantxe kieto hauts hartzen. Horregatik maite genuen hain zuzen, orduak pasa genitzakeen bertan harribitxien bila –behin kargu hartu ziguten, hainbeste denbora; espioitzan ari ginela pentsatuko zuten, katalogoa kopiatu nahian–. Atxagaren Etiopia poema bildumaren lehen edizio bat eskuratu nuen hala, merkezurrean. Sirène izeneko arropa denda bat dago egun liburu denda zenaren lekuan –eta gaitz erdi, izen horrekin, frantsesen kolonizazioaren lehen zantzua balitz–.

Olearso iaz, aurten Brontë, liburu-denda independenterik gabe geratu da, ez bakarrik Bidasoaldea, Txingudi osoa, 100.000 biztanleko eurohiria. Gertuen geratzen zaiguna orain Donibane Lohitzuneko Le 5ème art da. Jarraituko dugu ordea brontëlagun izaten, brontëlagun isil, uzkur, herabe. Hain herabe, ez baitiot Yleniari hiru urtez liburu-denda independente bati eusteagatik eskerrik eman. Gaur arte.