argia.eus
INPRIMATU
Bidegurutzetik
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2020ko irailaren 09a

Makina bat aldiz galdetuko zidaten dagoeneko ea zergatik idazten ote dudan euskaraz. Sektore akademikotik etorri ohi zait galdera. Izan ere, gure ikerketa alorrak badu eredu linguistikoa: jakintza ingelesez transmititzen da, gutxienera ere gaztelaniaz edo frantsesez. Ez nuke zalantzan jarri nahi ikerketen emaitzen nazioartekotzeak duen garrantzia, izan bailezake maila globalean gizabanakoen garapena sustatzeko lankidetza helbururik. Baina norberaren hizkuntzan aritzeak dakarren plazeraz gain, ikerketak tokiko errealitatera gerturatzeko beharra ere ikusten dut, txikitasuna ere bai baita globalitatearen parte eta jakintzaren sorburu.

Globalizazioa kontzeptu zabal bezain konplexua da, eta oraindik ere, bere definizio, sorrera edota originaltasunaren inguruan askotariko ikuspuntuak aurki daitezke. Gaia jorratzean, ekonomiaren mundializazioaz jardun ohi gara, ekonomia desberdinen artean dagoen interdependentziaz alegia. Nolabaiteko adostasuna dago prozesu honek sortu dituen arazoak aipatzerakoan: migrazioak, finantza sistemaren deskontrola, giza eskubideen urratzea, desparekotasunak, ingurumenaren narriadura... Maila globalean ematen diren aldaketak ulertzea ia ezinezkoa da jendartearentzat, eta mesfidantza eta kontrolaezinak diren egoerei beldurra ere sortu izan ditu maiz. Arriskuaren gizartea modura definitu zuen fenomeno hau Ulrich Beck soziologo eta irakasleak.

"Norberaren hizkuntzan aritzeak dakarren plazeraz gain, ikerketak tokiko errealitatera gerturatzeko beharra ere ikusten dut, txikitasuna ere bai baita globalitatearen parte eta jakintzaren sorburu"

Paradoxikoa badirudi ere, arazo globalek ez dute oraindik erantzun eginkor globalik izan, eta bizi dugun estatuarteko sisteman oinarritutako kudeaketa ereduak ere, irtenbide eraginkorrak proposatzeko gabeziak erakutsi ditu. Hala ere, iritsezinak eta kaotikoak diruditen jazoera global hauek espazio fisiko konkretuetan gertatzen dira, hau da, jardunbide globalok tokiko espazioekin uztartzen dira bertako eragileek izan dezaketen garrantzia aitortuz. Hain justu ere mundu mailako tokiko hamaika espaziotatik erresistentziak plazaratu izan dira globalizazioaren jokamoldeen aurrean. Aldarrikapen hauetariko gehienak ikuspuntu ekonomikotik egindako proposamenak izan dira, hots, kapitalismo globalean lehiakorrak izateko espazio potentzialak eraikitzeko helburua izan dute. Hauekin batera izan da bestelako proposamenik ere: globalizazioko prozesu ekonomiko eta sozialek ekarri duten kultura homogeneizatzailearen aurrean aniztasun kulturalaren espresio gisa aurkeztu direnak, esaterako.

Euskal Herrian denetariko aldarrikapenak izan ditugu, bai lehiakortasun ekonomikoa oinarri izan dutenak, eta baita sorkuntza kulturala ardatz izan dutenak ere. Azken hauen artean, musika sorkuntza, bertsolaritza, auzoetako boluntario taldeak, dantza-taldeak, garapenerako lankidetza proiektuak, euskalgintza bera... Hainbatetan, eredu globalizatzaileak merkaturatu eta deshumanizatu nahi izan dituen baloreetara hurbiltzeko nahia izan dute.

Udako geldialdian Euskararen bidegurutzetik liburua irakurtzeko parada izan dut. Besteak beste, Kike Amonarrizek euskararen normalizaziora bidea egiteko gakoak biltzen ditu zehazkiro. Euskararen komunitatearentzat erreferentziazko lana izateaz gain, eremu zabalagoetara hedatu daitezkeen proposamenak plazaratzen dituela uste dut, egun bizi dugun ziurgabetasun eta beldurrak eragindako paralisi egoera honi argitasuna eman bailiezaiokete. Gizartearen aktibazioa, herrigintza, saretzea edota lankidetza bezalako baloreak azpimarratu nahiko nituzke irakurketatik, zinez uste baitut hausnarketa espazioak ez ezik, eginez ekingo diogula ezinari. Ez dadila haria eten.