Agroindustriaren presioaren parean, kolektiboki antolatu dira kazetari bretoiak

  • Agroindustriaren sektoreaz informatzeko orduan, “benetako omertà” egoeran kausitzen dira kazetari bretoiak. Inork ez du hitz egin nahi eta hitz eginez gero presioak, mehatxuak, auzibideak zein zentsurak dituzte ordainean. Sektore indartsua delako agroindustriarena Bretainian; diruaren eta irabazitako kargu politiko zein sindikalen bidez hitza kontrolatzen dabilena. Hori horrela, Kelaouiñ kolektiboa osatu dute kazetari batzuk, alarma gorria pizteko baita ere, nola ez, haien buruak babesteko eta informazio-eskubidea defenditzeko.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Kelaouiñ –“informatu” bretoieraz– horra kolektiboari jarri dioten izena. Elkartu, indarrak batu eta informazio-eskubidea errespetarazteko behar gorria sentitu dute Bretainiako hainbat kazetarik. Errealitate bati buruzko galderak luzatzerakoan gutxi direlako erantzutera ausartzen, justuki erantzunez gero arazoak hasten direlako. Errealitate hau agroindustriarena da, Bretainian pisu handia duena: bigarren sektoreko enpleguen %42 honetan dira, urtean 19,5 miliar euroko negozioa dakar, hots, lurraldea pobreziatik aterarazi zuen sektorea da. Eta, pisua botere bilakaturik du diruaren zein kargu sindikal eta politikoen bidez. “Omertà” egoera salatzen du Kelaouiñ kolektiboak: “Debekatua zaigun leku izaten segitzen du agroindustriak”.
Ereduaren sustatzaile kartsuak –FNSEA nekazari sindikatua, honen esku izan ohi diren laborantza ganberak eta sektoreko enpresak– kazetaritza bideratzen dabiltza, nahi edo ez. “Agroindustriaz idazten baduzu, badakizu zuzendaritzak xeheki berriz irakurriko zaituela. Kontra direnei ematen bazaie hitza, bai ala bai tokia eman beharko zaie FNSEA, laborantza gabera edota agro-industriaren ordezkariei –toki gehiago gainera–. Alderantziz, agroindustriako proiektu berri bati buruzko artikulu batean ez duzu usu kausituko aurkakoen hitzik”, dio anonimotasuna atxiki nahi izan duen kazetari batek Mediapart komunikabideari. Lehen sektorean garaturiko aktibitate intentsiboez informatzeko orduan mehatxuak, presioak, zentsurak zein auzibideak kausitu ohi dituztelako. “Laborantza ganbera batetik SMS bat errezibitu nuen abisatuz salaketa jarri nahi zutela. Ondotik ikerketa laboratorio batek bidali zidan email bat fake news-ak idatzi nituela erranez eta zuzenketak argitaratzea eskatuz, gehituz errefusatzen banuen auzitara joko zutela, difamazioagatik”, kontatzen dio Mediapart-i kazetari bretoi batek. Anonimotasuna atxikitzeko beharra sentitzen du honek ere –funtsean, “Omertà apurtu: agroindustriaren parean kazetari bretoiak baturik” (Briser l’omerta: des journalistes bretons s’unissent face aux pressions de l’agro-industrie) erreportajean izen-abizenak gordez hitz egiten dutenen kopuruak anitz dio presioaren heinaz–. Egoeraren larritasuna ikusirik, prentsa askatasunaren eskualde mailako behatokiaren sorrera exijitzen die Kelaouiñ-ek instituzioei. Nola ez egitura independentea litzateke, inolako lanjer eta presiorik gabe ikerketa lana egin ahal izateko baldintzak segurtatzeko helburuari segi osaturikoa.

Ines Leraudek azaleratua

Bretainiako kostetan zabalduriko alga berde toxikoen errealitatea argitzeagatik ezagun egin da azken urteetan Ines Leraud kazetaria. Eta gaitz erdi, ikerketa lan horrengatik jasandako presioei esker ukan dugu agroindustriaren jukutrien berri –hots, agroindustriaren errealitateaz informatzeko eskubidea oztopatu nahian dabiltzanak ez direla soilik Hegoko herrialdeetan, eta gurean ere ditugula izua sortuz kazetariak isilarazteko logikan dabiltzanak–. 2015az geroztik Bretainian bizi da eta agroindustriaren boterea ikertzen dabil, France Culture zein Disclose komunikabideentzako besteak beste. “Alga berdeak: historia debekatua” (Algues vertes: l´histoire interdite) komikiari esker nekazaritza eredu horren ondorio ekologikoak ere plazaratu zituen 2019an.
70eko hamarkadaz geroztik Bretainiako hondartzak estaltzen dituzten alga berdeen, hondartza horietan izandako heriotz misteriotsuen –hiru lagun eta berrogei bat animalia hilik– eta algek hazteko ezinbesteko duten nitratoaren arteko lotura frogatu du –nitratoaren oinarrian laborantza intentsiboa kokatuz–. Oztopoak gaindituz frogatu du heriotzen oinarria: idortzerakoan alga berdeek zabaldu gasa biziki toxikoa da eta arnastuz gero heriotza ekar dezake. Uren kutsadura eta alga berdeen presentzia emendatu dira nekazaritza intentsifikatu den arau: 1960an bataz beste 5 mg/litro heina ez zuen gainditzen nitrato kantitateak Bretainiako uretan eta gaur egun 33 mg/litro da (2000 inguruan, hau da, heriotzen garaian 50 mg/litro zen). Laster difamazio auzi bat abiarazi zuten kazetariaren kontra, azkenean epaiketa hasi aitzineko egunetan salaketa ezeztatuz. Leraudek argi du: “Salaketa hauek intimidazio saiakerak dira, isilarazi nahi gaituzte, bai ni, baita hitz egiteko ausardia duten lekukoak ere”. Ez da presio bakarra izan: “Eskaera politiko baten harira” Quintineko liburu azokan egitekoa zuen aurkezpena ezeztatu zioten, baita komikia bretoieraz plazaratzeko kontratua ere bai. Zentsura horien berri eman zuen Le Canard Enchainé ikerketa-kazetaritza egiten dabilen komunikabide ezagunak.
Skol Vreizh argitaletxe ttipiak aitortzen du: “Dirulaguntzetan izan zitezkeen ondorioez beldur ginen, Eskualdeko Kontseiluan laborantzaren eskumena duenak eragin handia duelako”. Hori horrela, dirulaguntzarik ez jasotzeko mehatxupean, auto-zentsura gertatzen da.
Instituzioetan lekuak hartzeko estrategia ez dute gordetzen FNSEAko ordezkari bretoiek: “Lekuak ez baditugu hartzen, gure kontra dabiltzanek dituzte hartuko!” erranez luzatu zien herriko bozetan aurkezteko deia laborariei tokiko FNSEAko presidenteak. Instituzioetatik erabakiak bideratzeaz gain, komunikabideak kontrolatzeko aukera ere dutelako dirulaguntzen bidez: “Orri batzuk erostea norabide editorialean eragitea da”. Enpresa pribatuak ere dabiltza horretan. Triskalia, D´aucy, Doux, Chéritel... anitz dira iragarkietara diru zama bat bideratzeko hautu politikoa egina duten enpresa bretoiak.
Leraudek argi du: “Presioen eta zentsuren ondorioz jendea ez da gehiago mintzo, Bretainiako agroindustriari buruzko hitzartzerik ez da gehiago”. Ohar horrek balio du komunikabideentzat, baita herritar, hautetsi zein laborari askorentzat ere.
Hitza giltzapeturik atxiki nahian dabil sektorea eta hein handi batean lortzen ere du. Kazetariez gain, “omertà” egoerarekin bukatzeko deia luzaturik dute 41.000 herritarrek ere, “Bretainian bezala edonon, agro-elikagaiaz informatzeko askatasunaren alde” petizioa izenpeturik. Lerauden aldeko sostengu-komite bat ere dabil lanean. Sostengua beharko duelako geroan ere: epailearen aitzinetik pasa beharko du 2021eko urtarrilean. Chéritel Trégor Légumes agroindustrialak du salaketa jarri, BastaMag-en plazaratu erreportaje baten harira, aldi honetan ere “difamazioaz” akusaturik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


2024-11-27 | ARGIA
Gaur banatuko dituzte Rikardo Arregi Sariak

Kazetaritza arloko zortzi finalisten artean dago June Fernández, ARGIAn argitaratutako Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajeagatik. Sari banaketa ekitaldia Andoainen egingo dute.


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-15 | Sustatu
The Guardian eta La Vanguardia egunkariek X/Twitter utzi dute

The Guardian egunkari britainiarrak lehenbizi eta La Vanguardia katalanak (espainolez argitaratzen du edizio zabalduago bat, baina katalanezko bertsioa ere badu) erabakia jakinarazi zuten atzo X/Twitter sare soziala uzten dutela, desinformazioaren ukuilua bihurtu delakoan.


'Barraka' saioa
Apustua ETBk, baina bigarren planoan

Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.


Elixabete Garmendia Lasa
“Aukera eta erronka modura bizi izan dut euskarazko kazetaritza lantzea”

Elixabete Garmendia Lasa ormaiztegiarra emakume aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan. 70eko hamarkadan 'Zeruko Argia' aldizkarian lanean hasi zenetik egindako ibilbide oparoari buruz mintzatzeko aukera izan dugu.


2024-11-07 | June Fernández
Jarek bere sexu-erasoaren kontaketa zabaldu nahi du

Bilboko Udalak eta zenbait hedabidek neska batek gaugiroan bizitako bortxaketaren berri eman zuten, biktimaren baimenik gabe eta modu sentsazionalistan. Emakumeak sare sozialetan bilatu zituen bestelako aliantzak, berbiktimizazioari aurre egiteko. Bere testigantza harilkatu dugu... [+]


2024-11-06 | Julene Flamarique
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien zortzi finalistak iragarri ditu epaimahaiak

Kazetaritza Saria eta Komunikazio Saria banatuko dituzte antolatzaileek. Epaimahaiak launa finalista aukeratu ditu sari bakoitzeko. June Fernández Kazetaritza sariko finalistetako bat da ARGIAn argitaratutako “Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa?”... [+]


Eguneraketa berriak daude