Duela mende erdi, 1970eko abenduan, Burgosko Auziak sekulako indarra eman zion Euskal Herriaren alde eta Francoren diktaduraren kontra ETAk piztutako borrokari. Europako agenda politikoan sartu zuen euskal auzia, tartean uztailaren 28an 93 urterekin hil den Gisèle Halimi abokatuaren lanari esker. Aitzindaria izan da defenditzen Magrebeko askapen gerran eroritakoak, kolonialistek torturatuak, abortua egindako emakume kriminalizatuak…
Iñaki Egañak Gara-n gogora ekarri du nola Miguel Castells abokatuak deituta azaldu zen Burgosen 1970eko abendu ilun hartan Gisèle Halimi, han militarrek epaitu behar zituzten ETAko militante gazteen auzian. Giza Eskubideen Frantziako Ligaren behatzaile lanak egingo zituen Halimik, legelari europar batentzako hain osagai bitxi bezain eskandalagarriz betetako epaiketan, zeinaren amaieran jujatutako hamasei gazteen artean banatuko baitzituzten sei heriotza-zigor –nazioarteko presioak ezabatzea lortuko zituenak– eta urte luzeetarako kartzelaldizko kondenak.
Miguel Castellsek ARGIAn kontatu zuen Halimiri zein bitxia egiten zitzaizkion Espainiako justiziaren manera zaharkituak: “Burgosko auzira etorri zenean, algaraka hasten zen Gisèle Halimi abokatu frantsesa ‘con la venia, Señor presidente’ entzuten zuenean, Felipe II.aren garaian bageunde bezala ari ginela zioen”. Baina broma gutxi Burgosen justizia militarra ezarri behar zutenekin. Epaituetako batek, Xabier Larenak, kontatua du epai-mahaiaren burua zen Ordovás zalditeriako koronelak bere pena ahots ozenez haizatzen zuela zaldietako bat gaixorik zeukalako. Hurbil zeukan Halimik aurre egin omen zion: “Zure eskuetan dago sei pertsonari bizia kentzea eta zure zaldiez zaude kezkatan!”.
Burgosen ikusi eta ikasitakoekin idatziko zuen Halimik Le Procès de Burgos, frantsesez Gallimardek argitaratuko zuena eta espainolez Venezuelako Monte Avila argitaletxeak. Jean-Paul Sartrek egin zion Europako ezkerrean sona handia edukiko zuen hitzaurrea; Armiarma webean irakur daiteke Markos Zapiainek itzulirik. Gisèle Halimiren kronika xehean bilduta geratu zen nola amaitu zen auzia, epaile militarrak presoei azken hitza esatea ukatuta, Mario Onandiak “Gora Euskadi Askatuta!” oihu egin eta auzipetuak hasi zirela Eusko Gudariak kantatzen: “Zutitu eta ukabila jasorik hasi dira askatasunari kantari. Panikoa auzitegian! Epaileek beren ezpatak atera dituzte, guardiek beren pistolak…” Epaiketa amaituta berehala, poliziak atxilotu eta Espainiatik kanpo eman zuen behatzailea.
Euskaldun ekintzaileen abokatuek bazekiten nori eskatzen zioten laguntza. Gisèle Halimi Europan ezaguna zen 1960an defenditu zuenetik Djamila Boupacha 22 urteko militante aljeriarra, soldadu frantsesek Aljerren atxilotu, bortxatu eta torturatu ostean heriotza zigorra arriskatzen zuena. Halimik Boupacharen sostengu taldera bildu zituen Jean Paul Sartre, Simone de Beauvoir eta puntako beste hainbat intelektual. Ez zuen lortu epaiketa irabaztea; heriotza zigorra ezarri zioten gazteari baina presidentearen indultoz salbatu eta Evianeko akordioen ostean aterako zen espetxetik. Kasuaz Halimik idatzitako liburuaren azala Pablo Picassok marraztu zuen, Djamilari egindako erretratuarekin.
Aljerretik Afrique-Asie kazetak oroitarazi duenez, De Beauvoir eta Halimiren lanak metropoliko jendeen begien bistan utzi zuen Frantziak zein era basatian jokatzen zuen Aljerian, tortura eta hilketak naharo erabiliz eta horien arrasto guztiak ezkutaraziz. “Ez ziren nekatzen lanean. Justiziaren kateko arduradun bakoitzari idatzi zioten, militarretatik hasita De Gaulle jeneraleraino, denak bisitatu zituzten banan-banan, nahiz eta hauek gogo txarrez errezibitu. Eta lortu zuten epaituaren aldeko gutunak idaztea humanista handiek, idazleek, akademikoek, medikuek, baita frantsesek Aljerian torturatu eta asesinatutako Maurice Audin matematika irakaslearen alargunak ere, edo De Bollardière jeneralak, Aljeriako paratxutisten komandante izanik torturaren erabileragatik protesta egiteko dimisioa emana zuenak”.
Tortura, abortua, bortxaketa
Zeiza Gisèle Elise Taïeb 1927an sortu zen Tunisen –orduan kolonia frantsesa zen– eta oso txikitatik harreman latzak izan zituen aita bereberrarekin eta ama juduarekin, biak ere txit tradizionalistak, Laranjondoaren esnea autobiografian kontatua duenez. Neska izateagatik diskriminatua, etxeko lanak egin eta anaien neskame izatera derrigortzen zuten, mutikoei nahi zutena egiten utziaz. Oldarkorra atera zitzaien, ordea, neskatoa: 11 urterekin gose greba egin zuen ere anaiek bezala ikasketak egin ahal izatea lortzeko. 16 urterekin familien artean adostutako gizon batekin ezkonarazi nahi zuten arren, neskatoak lortu zuen horri uko egin eta Frantziara joatea zuzenbide ikasketak egitera. 1949an itzuliko zen Tunisera, abokatu titulua sakelean eta militante bilakatua.
Borroka antikolonialean ari ziren militanteen defentsaz gain –bere lanagatik atxilotu zuten paraxutistek, Aljeriatik kanporatu...– 1960ko hamarkadatik feminismoan asko inplikatua zen Gisèle Halimi, sarritan Simone de Beauvoirrekin elkarlanean. 1972an bulegoan laguntza eske azaldu zitzaizkion Mari-Claire Chevalier 16 urteko neska eta bere ama, langile komunista: alaba epaitu behar zuten abortatzeagatik eta ama hari lagundu izanagatik. Halimik Bobignyko Auzia erabili nahi izan zuen ama-alaben defenditzeko bezainbeste abortuaren despenalizazioan jurisprudentzia sortzeko. Hizlari bikaina, emakumeen zanpaketa klase borrokarekin lotuz bazterrak inarrosi zituen. Azken hitzartzean esan zion epaimahaiari: “Beti klase bera aurkitzen dugu zigortua, emakume txiro eta ekonomikoki bezala sozialki zaurgarriena. Hogei urte daramatzat abokatutzan, jaun-andereok, eta gauza bera galdetzen dut beti. Ez dut inoiz defenditu behar izan estatuaren goi-funtzionario baten emazterik, edo mediku famatu baten edo enpresaburu batenik, ezta horien maitalerik ere. Non dago, beraz, arazoa, auzitegi honetan ala beste nonbait? Beti zigortzen dituzue berdinak!”.
Torturaz adina kezkatu zen betidanik bortxaketaz. Eta 1978an egokitu zitzaion Aix-en-Provencen bortxaketa delitua dela defenditzeko aukera. Mediterraneoko itsas bazterrean kanpin egiten zuten bi neska gazte belgikar bortxatuak zituzten hiru gizonek lau urte lehenago. Ez zen goxoki pasatu auzia, abokatuak eta akusatzaileek atarian zain zeuzkaten hainbat jende irainka eta bultzaka hartu zituztenak. “Bortxatzaileek argudiatu zuten –kontatu zuen abokatuak– bi neskek onartua zela. Eta lesbianak zirenez, bazirudien haien onerako eta dena izan behar zuela, ‘horrela ikasiko dute’!”. Baina auzia irabazi zuten eta bi urte beranduago Frantziako Estatuak legez ezarri zuen delitutzat bortxaketa.
Frakaso handi batek ematen zion pena Halimiri zahartuta ere, 2005ko elkarrizketa batean aitortu zuenez: Vilmorin hazi konpainia auzitara eraman zuen emazte ingeniari baten izenean, bere diploma eta curriculum berdintsuekin enpresak erabaki zuelako lehentasuna ematea gizon bati. Apelazio guztiak eginda ere, auzia galdu zuten.
“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]
Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]
Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]
Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.
Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea erabakitzen... [+]
Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
“Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.