argia.eus
INPRIMATU
Txingarrak
Uxue Apaolaza Larrea 2020ko abuztuaren 04a

Haurtxo zuri bat balkoian marrubiak jaten, koronabirusagatiko itxialdian. Nire balkoia izan zitekeen, eta marrubien truke dirua eman dugunez, guk ordaindu ditugula iruditzen zaigu. Baina produktuaren trazabilitateari erreparatuta, haurtxo zuri hori jaten ari zena marrubiak baino gehiago zen. Egunotan, adibidez, errautsa litzakete, Lepeko sasoikako langileen asentamendukoa, haien arroparena, haien paperena, haien... Sistema honek haurrik errugabeena zapaltzaile egiten du.

Idatzi nahi nuke “suak asko asaldatu gaitu, zer zegoen ordea su horren aurretik?” edo horrelako zerbait, baina, berez, suak ere ez digu amorru ozenegirik sortu. Nabarmena da erre badituzte, erre zitzaketelako izan dela. Eta txingarrak ez dira Voxek paraje haietan lortutako boto zaparradara mugatzen.

Lagun batek esan dit (eta lagun jartzea ausarkeria da, bion arteko amildegiak berdinen artekoa behar lukeen edozein hitz kutsatzen baitu), kontratu bat lortzen ez badu hilabete honetan, paperik gabe geldituko dela. Hiritartasuna galduko du. Txingarrak sumatu ditut oin azpian, errautsa eztarrian eta zerbait erretzeko gogoa.