argia.eus
INPRIMATU
Tertzioak usteldu egin ziren
  • Ardenak (Frantzia), 1643ko maiatzaren 19a. Espainiako tertzioak menperatu zituzten Rocroiko guduan. Azken mendean Europan nagusitu zen infanteria eredua gainbehera etorri zen eta, azkenean, 1704an Filipe V.a erregeak ofizialki desegin zituen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko uztailaren 24a
'Rocroi, azken tertzioa', 2011 (xehetasuna).

Tertzioak XVI. mendearen lehen erdian sortu ziren, baina historialariak ez datoz bat data zehaztean. Eta ez datoz bat infanteria baliosterakoan ere. Espainiako historiografiak tertzioen lana goraipatu izan du beti: Europako lehen ejertzito profesional modernotzat dute, eta gizon haien ohorea, erregearekiko leialtasuna eta fede katoliko sutsua nabarmendu izan dute. Soldaduak ondo prestatuta eta ordainduta zeuden eta, gainera, taktika militar berritzaileek gidatuta. “Tertzioetako infanteriaren eraginkortasun izugarria arma zuriak (pikak eta ezpatak) eta suzko armak (arkabuzak eta mosketeak) konbinatzean zetzan” idatzi zuten 2006an Martínez Lainez eta Sánchez de Toca y Catalá historialariek Tercios de España. Una Infantería legendaria lanean. Augusto Ferrer-Dalmau margolariak –goiko koadroaren egileak–, porrotean ere loriatzen ditu: “Rocroiko guduak egiaztatzen du ejertzito handien balioa porrotaren bidez ere idazten dela”. Hitzok kutsu zaharra izan arren, 2011koak dira.

Historialari frantziar, anglosaxoi eta herbeheretarrek, aldiz, tertzioen inguruan legenda beltza zabaldu zuten, batez ere Filipe II.aren erregealditik aurrera: tertzioek konkistatutako lurraldeak eta jendeak gupidagabe arpilatu eta suntsitzen zituzten. Espainiarren ikuspegitik, garaituen kexak ziren horiek, Espainiaren irudi politikoa zikintzea bilatzen zutenak. Orduan, Filipe V.ak zergatik erabaki zuen 1704an ejertzito garaitezin hura erreformatzea, horretarako Frantzia edota Prusiako armak eredu hartuta, hau da, arerio menperatu bekaiztiak eredu hartuta?

Espainiar inperioaren gainbehera orokorrak, jakina, tertzioei ere eragin zien. Baina, nagusiki, barruko ustelkeriak jan zituen pixkanaka. Tertzioen buru ziren kapitainek soldaduei ordaintzeko diru-kutxetan eskua sartzen zuten ahal zuten guztietan. Hala, teorian hain ondo ordaindutako soldaduak soldatak jasotzeko 30 hilabeteko atzerapena izatera iritsi ziren. Zenbaitetan matxinatu egin ziren; gehienetan, armadak ordaintzen ez ziena arpilatzeen bidez jasotzen ahalegintzen ziren. Eta soldaduen jarreran ez ezik, kopuruan ere eragin zuen ustelkeriak. Kapitainek ez zuten ofizialki hildako edo desertatutako soldaduen berri ematen, haiei zegozkien soldatak eskuratzeko. Hala, tertzioak osatzen zituzten benetako soldadu kopuruak ezin dira jakin. Baina ejertzitoko ordenantzetan praktika hauen aurkako arauak ugaritzeak adierazten du arazoa geroz eta larriagoa zela. Rocroiko guduan, ofizialki, tertzioetako 22.000 soldaduk hartu omen zuten parte, baina, zenbat izan ziren benetan?

1704an ofizialki desegin arren, gurean, adibidez, “baskongadetako tertzioak” esan zitzaien 1860an Espainia-Maroko gerran eta 1868an Kubako Gerran parte hartzeko errekrutatutako taldeei. Gaur egun, oraindik, Espainiako Legioan 4 “tertzio” daude, garai hartako lau buruzagiren izena dutenak: Juan de Austria, Alejandro Farnesio, Gran Capitán eta Duque de Alba. Eta VOXeko Javier Ortega Smithek, esaterako, bere hitzaldi eta ekitaldietan behin baino gehiagotan erabili du Flandriako Tertzioen topa: “Espainiari traizio egiten dionak ez dezala barkamenik izan”.