argia.eus
INPRIMATU
Normaltasun zaharra
Eneko Olasagasti @enekoOlasagasti 2020ko uztailaren 20a

Ez dira inorentzat garai samurrak izan azken hilabeteak, ez eta Euskal Aktoreen Batasunean (EAB) lan egiten dugunontzat, are gehiago aktore beraientzat, baina batez ere gure lankide abokatuarentzat. Inoiz baino lan karga gehiagorekin ibili gara. Izan ere, aurretik generamatzan bazterkeriari ahanztura mingarriak gehitu izan behar baitizkiogu. ABEE delakoetatik kanpo gelditu baikinen.

Gure ofizioan lan egiten dugun egunetan bakarrik ematen zaigu alta Gizarte Segurantzan eta hori ezinbesteko baldintza zen ABEE batean sartu ahal izateko. Zer gertatzen da? Alarma egoera ezarri zenerako bai antzezlanak bai ikus-entzunezkoek

"Kultura eta kulturgileak babesteaz ari gara,
baina ez zerbait berezia bagina bezala baizik eta edozein langile eta lanbide motak dauzkan eskubide berak aitortuz, besterik ez"

euren jarduna etena zeukaten, beraz ia inork ez zuen altan egotearen baldintza betetzen, kontratua izan arren. Borroka latza izan da aktoreek, gainontzeko langileen antzera, eskubide hori zutela onartzea. Ez zuen inork garbi ikusten, ez konpainiak ez erakundeak ez aholkulari fiskalak ez administrazioak. Zenbat lan berriz ere, lanbide zahar honen bereizgarritasuna ulertzeko. Gurean lanbide bezala hain zaharra ez bada ere. Horrexegatik agian ulertezintasun asko eta asko. Egia osoa esan behar bada Kultura Saileko pertsona batzuk, kostata izan bazen ere, ulertu zuten eta horrek bere alde hitz egiten du. Eskerrak eman behar dizkiegu. Azkenean hainbat txosten onartu egin ziren. Baina gure abokatuaren egoskortasunagatik ez balitz aktore asko eta asko eskupekoen menpe egongo lirateke orain. Horixe izan baita gainontzean lortu dena bai Madrileko bai Gasteizko administrazioetatik. Eta guk ez ditugu eskupekoak nahi, gainontzeko langileek dituzten eskubide berak baizik.
Eta honek pandemiaren aurreko errebindikazioetara garamatza. Agian batzuei ezaguna egingo zaizue Artistaren Estatutua delako bat bozkatu zela Espainiako Diputatuen Kongresuan, alderdi guztiek aho batez onartuta eta era berean guztiek ahaztu zutena. Estatutu horretan arestian azaldutako antzeko egoerei erantzun eta konponbide bat emateko pausoak eman behar zirela esaten zen. Europako beste herrialde batzuetan dagoeneko emanda daudenak. Azken batean kultura eta kulturgileak babesteaz ari gara, baina ez zerbait berezia bagina bezala baizik eta edozein langile eta lanbide motak dauzkan eskubide berdinak aitortuz, besterik ez.

Ez dakit zerbait irakatsiko digun bizitakoak. Ez naiz oso optimista. Batzuk normaltasun berrian murgiltzen diren bitartean gure arloan normaltasun zaharrera itzuliko garela uste dut. Lehengo lepotik burua, alegia.