argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Hizki baten berebizikotasuna
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko uztailaren 21

Pentsa une batez albistegia lasai asko ikusten ari zarela, eta, tupustean, zure heriotzaren berri ematen dutela –fantasia bezala ez dago gaizki, zure hiletan jendeak zutaz zer esango duen imajinatzea bezala; baina ez esan ez denik era berean durduzagarria–. Bada halako zerbait gertatu zitzaion jende ez gutxiri orain ez asko, baina beren heriotzarekin baino, eutsi gogor, neronenarekin. Antza nire izen-abizen bereko pertsona baten heriotzaren berri eman zuten hedabideek, antza helikopteroarekin izandako istripu baten ondorioz. Nire izen-abizen bereko esan dut, diferentzia batekin: hizki bat, hatxe bat, Aritz izan partez Haritz baitzen zendutakoa. Eskerrak eman nahi dizkiet publikoki euskara batuaren hastapenetan hatxearen alde egin zutenei. Bizitza salbatu didazuela esan daiteke.

Jendeak ez zion detaileari erreparatu –edo detailea erreparaezina zen, adibidez ahozko hedabideetan–, eta egun hori pasa behar izan nuen nire heriotza ezeztatzen –baten bat ez zen gehiegi poztu ezeztapenarekin–. Sentsazio arraroa izan zen, eta atsegina, bizirik nago, behin eta berriro errepikatu behar izatea –azkenerako ia nire buruari sinestarazteraino–. Ez da noski izen-abizenekin izan dudan lehen gaizki ulertua. Beste behin, kazetari gisa dei bat egin behar izan nuen, eta telefonoaren bestaldean zegoenak, nire aurkezpena entzun bezain pronto, ea Segiko buruetako bat –oximoron?– nintzen galdetu zidan, ezagutzen ninduela. Erantzun nion ezetz, bistan da, ia berdin deitzen zen beste tipo bat nintzela, bizitza hain kitzikagarririk ez zeramana, baina insistitzen zuen, beldurtzera ere iritsi nintzen, ea polizia ote zen, eta telefonoa eskegi nion.

Orain arteko kalaka hau: hizki baten, gauza txikien, itxuraz ezdeusak direnen berebizikotasuna aldarrikatzeko, kartzelan denboralditxo bat pasatzetik, bizitza bera salbatzera irits daitezke eta; ordainetan bizitza anodino bat eskaintzen badizute ere.