Londres, 1970eko uztaila. Abbey Road eta Trident estudioetan No Dice izeneko bigarren diskoko kantak grabatu zituen Badfinger talde galestarrak, tartean Without You balada akustikoa.
Abestiaren hitzak eta estrofak Pete Ham taldekideak sortu zituen, baina ez zeukan errepikarik. Tom Evans kideak, aldiz, errepika indartsu bat sortua zuen eta bi zatiak batzea erabaki zuten. Gerora Richard Perry ekoizelak zera esango zuen: “Abesti desberdina zen garai hartan, erritmo oso markatua zeukan balada bikain bat. Orduz geroztik artista askok konposatu dituzte antzeko lanak, baina ordura arte ez zuen inork halakorik egin”. Lana urte hartako azaroan kaleratu zuten, baina ez diskoa ez abestia ez ziren bereziki nabarmendu.
Harry Nilsson musikari estatubatuarrak grabazioa festa batean entzun zuen arte. Nahastuta, abestia The Beatles taldearena zela pentsatu zuen hasieran, baina Badfinger talde ezezagunarena zela jakin zuenean, bertsio bat grabatzea erabaki zuen. 1971ko urrian kaleratu zen eta sekulako arrakasta lortu zuen. AEBetako zerrendetan lehen postuan egon zen hainbat astez eta singlearen 800.000 kopia saldu ziren soilik Erresuma Batuan. Nilssoni esker Badfingerrek ere ospea eta diskoetxeekin baldintza hobeak lortzeko aukera eskuratu zituen.
Without Youren egile eskubideak tarteko, eta Stan Polley agentearen eskutik, 1975ean Warner Bros Records etxearekin kontratu hobetua sinatu zuten. Baina Polleyk diskoetxeak aurreratutako dirua hartu zuen eta desagertu egin zen. Lur jota, Pete Hamek bere buruaz beste egin zuen apirilaren 24an, 28 urte bete baino hiru egun lehenago –eta hala, gutxigatik, 27koen klubean sartu zen–. Hainbat arrazoik bultzatuko zuten horretara, baina bere agur gutunean garbi utzi zuen agenteak egindakoak pisu handia izan zuela, bere azken hitzak hari eskaini baitzizkion: “P.D. Stan Polley sasikume bat da”.
Abestiaren beste egileak, Tom Evansek, bide bera hartu zuen urte batzuk geroago, 1983an. Joey Molland taldeko gitarristak kontatu zuenez, telefonoz Without Youren egile eskubideei buruzko eztabaida garratza izan ondoren, bere etxeko lorategiko zuhaitz batean urkatu zuen bere burua Evansek.
Harry Nilsson, berriz, 1994ko urtarrilean hil zen, bihotzekoak jota, eta handik astebetera, Without Youren beste bertsio bat merkaturatu zen, Mariah Carey abeslariarena. AEBetan Nilssonen bertsioak adina arrakasta izan zuen ia, baina Europan nabarmendu zen bereziki. Soilik urte hartan, Careyren singleak 500.000 dolarretik gorako sarrerak eragin zituen egile eskubidetan. Zati bat Ham eta Evansen familiek jaso zuten, baina oraindik luzaroan jarraituko zuten epaitegietan egile eskubideen banaketagatik borrokan.
Mende erdia bete berri duen balada ederrak lasai bizitzeko aukera eman ziezaiekeen bi egileei, eta, aldiz, heriotza ekarri zien.