Etorkizun beltza iragarriko lioke askok Erdialdeko Amerikako herrialde txikienari. Azken ehun urtean apenas ezagutu dute bakerik El Salvadorren, armak hartu eta azala tatuatzea da gazte askoren irtenbide bakarra. Bide horrek, ordea, kartzelara edo lurrera bueltan eramaten du asko, aurpegian zimurrak atera aurretik. Ez da horrela Segundo Montes komunitatean, Argiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan duenez.
2019ak argi izpiren bati sartzen utzi dio, azken 29 urteetako baketsuena izan baita, baina pandillen indarkeriaren arazoa errealitate gordina da oraindik herrialdean. Hala ere, bada etorkizun horri ihes egiterik lortu dion jendarterik, indarkeriari hezkuntzaz eta antolakuntzaz erantzun dionik, herrialdeko ekialdean, Morazango departamenduan. Bada lurralde bat horri muzin egin diona: Segundo Montes komunitatea. Asterix eta Obelix bezala, etsaiak inguratuta daude herritarrak; baina bereari eusten jarraitzen dute.
Tropikoetan tropikoena dirudi Segundo Montes komunitateak. Bi udalerriko lurretan eraikia, 8.000 biztanle inguru bizi dira bere mendi magaletan. Adobezko etxeen eta kafe sailen artean, antzinakoen bizimodu berdina dute oraingoek ere, eguzkia irten bezain pronto dira kalean, lurra lantzen; eta eguzkia sartu orduko, eguneko euria bota eta gero, ohean dira berriz, parrandarako gogoa duten gazte batzuk kenduta.
Segundo Montes komunitatea salbuespena da El Salvadorren; mararik gabeko lurralde izendatu dute. Eta horretara heltzeko bi tresna ezinbesteko erabili ditu; hezkuntza eta antolakuntza
Txikia da El Salvador, eta txikia bere oihartzuna. Irakurle euskaldun askori zaila egingo zaio Atlantikoaren beste aldean dauden lurraldeak mapan kokatzea. Ziurrenik atzamarrak Guatemalara, Nikaraguara edo Hondurasera egingo lioke ihes. Baina estatu artean galduta dagoen lurralde horrek badu zerikusia Euskal Herriarekin, duela urte asko zabaldu zen lotura bat Atlantikoaz gaindi.
Pakito Arriaran, Miren Odriozola eta beste izan ziren lehenengo, artean gerra pizturik zegoela. Erakundeak eta elkarte internazionalistak etorri ziren gero, gerrak utzitako sarraskitik ateratzen laguntzeko. Horien artean dago Euskal Fondoa, bertan garapeneko proiektuak landu dituena. EHUko ikasleei bertaratzeko aukera ere eskaini die, proiektuak beste ertz batzuetatik lantzeko asmoz; hain zuzen, lerrook idatzi dituen kazetariak ere parte hartu zuen programa horretan, eta erreportaje honetako adierazpenak bertan jasotakoak dira. 30 urte baino gehiagoko historiak batzen ditu bi herriak, eta ohikoak dira Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarriak bota eta Txoriak txori abesten duten salvadortarrak. Batez ere Segundo Montes komunitatean.
Komunitateak, bere horretan, ez du ezer berezirik; ezta bertakoen bizimoduak ere. Herrialdeko beste edozein komunitate izan liteke. Hala ere, salbuespena da herrialdeko errealitatean. Izan ere, mararik edo pandillarik gabeko lurralde izendatu dute. Eta gobernuak ez bezala, indarkeriarik erabili gabe heldu dira horretara.
Eskarmentuz ikasiak
Jendez lepo heltzen dira autobusak Segundo Montes komunitatera. Departamenduko hiriburutik datoz gehienak, merkatuan erosketak egitetik. Metro gutxiro egiten ditu geldialdiak autobusak, norbaitek txistu egiten duenero; eta poltsa mordoa duten emakumeak jaisten dira, autobuseko eta kaleko beroagatik izerdi patsetan.
Ez da denbora luzea pasatu bide bera militarrek egiten zutenetik. Bertakoa ez denak zaila izango luke duela 30 urteko argazkietan komunitatearen zantzurik aurkitzea; ezerk pistarik ematekotan oraindik zenbait etxeren izkinetan dauden bandera gorriak izango lirateke. Izan ere, 1980 eta 1992 urteen artean komunitatea goitik behera suntsitu zuen gerra zibil odoltsuak.
Morazango departamenduan, urte luzez militarren jazarpenak jasandako landa eremu txiroa izaki, gerrillariak ziren nagusi. Leku subertsibo bilakatu zen armadaren begietara, eta bertakoek gogotik ordaindu zuten beren haserrea. Lurraldea hustu egin zen; gerran zuzenean parte hartzen ez zuten horiek Hondurasera egin zuten ihes, bake bila.
Beren sorterritik 30 kilometro eskasera jarri zituzten dendak, Honduraseko lurretan. Eraman zituzten gauza apurrekin ekin zioten bederatzi urtez beren etxe bilakatuko zen kanpalekua atontzeari. Ezinbestekoa izan zen bertakoen arteko lankidetza. Orduantxe hasi zuen bere bidea etorkizuneko Segundo Montes komunitateak.
Derrigorrak eraman zituen Hondurasera, eta beharrizanak derrigortu zituen etsai komunari elkarrekin aurre egitera. Lantegi komunitarioak eratu zituzten, familia bakoitzari zegozkion irabaziak errazionamendu txartel bidez banatuz. Asanbladak eratu zituzten, eta kanpalekuetan hartzen ziren erabaki guztiak handik pasatzen ziren.
Dena den, bertakoen apustua ez zen lanaren aldekoa izan soilik. Hezkuntza kanpalekuetako zutabe nagusietakoa zen. Hara heldu zirenean, 1980an, biztanleen % 80 inguru analfabetoa zen; beren jatorrizko herrialdean bizi zuten egoera tamalgarriaren adierazle. Bederatzi urte horietan datu horri buelta ematea lortu zuten, eta 1989rako, El Salvadorrera bueltatu zirenerako, alfabetatuta zeuden komunitateko hamar biztanletik zortzi.
Herri irakasleak izan ziren horren arduradunak. Beren ikasleak baino urte gutxi zaharragoak ziren haur eta nerabeen esku geratu zen gazteenak alfabetatzeko eta hezteko ardura. Ez zen edonolako lana, jakin bazekiten parean zituzten haurretako askok urte gutxira armak hartu eta frontera joan beharko zuela. Eta gainera, ez zen edonolako hezkuntza. Haurren kontzientziazioa zuen helburu, errealitatea ezagutu eta etorkizunagatik borrokan egin zezaten. Esaterako, bokalak erakusteko orduan Errefuxiatu hitza erabiltzen zuten, gaztelerazko hitzaren genero maskulinoak bost bokalak baititu (Refugiado).
Herri irakasle horiek arduratu ziren hurrengo belaunaldien hezkuntzaz El Salvadorrera bueltatutakoan, artean klaseak emateko zuhaitz gerizpea besterik ez zutenean. Borroka egin behar izan zuten gobernuak irakasle bezala onar zitzan, hezkuntzako diplomek komunitatetik kanpora baliorik ez zutelako. Baina ohi duten modura, komunitate guztiaren parte hartzearen eta nazioarteko lankidetzaren bidez lortu zuten aldarria egikaritzea.
Orduko haziak, gaurko loreak
Ordutik hona komunitatearen egoerak izan du aldaketarik. Gerra irekirik ez dagoen arren, indarkeriak hurbiletik jarraitzen du komunitateko gazte oro. Alfabetizazioa orokortuta dago, baina ikasketak amaitu eta gero langabezia izaten du zain askok eta askok. Gatazkaren mehatxua dute etengabe inguruan eta badakite zein den hori ekiditeko era.
“Komunitatea bizimodua da, antolakuntza, eraldaketa, batasuna, bizitzan aurrera egiteko era bat”, dio Nory Hernandez Segundo Montes komunitatean bizi den kazetaritza ikasleak. Hondurasen egon zen familietako baten ondorengoa da Hernandez, alfabetatua izanik eta eskutan armarik izan ez badu ere, errealitate horren parte da. Komunitateko biztanle gehienen zuhaitz genealogikoak gerrillaren bandera gorria besarkatu zutenen aurpegiekin beteta daude, horietako askok bizia ere horren alde eman zuen.
Komunitateko beste hainbat gaztek eta ez hain gaztek bezala, Hernandezek ere bertako taldeetan antolatzeari ekin zion gaztetatik. Eta hori agerikoa da 8.000 biztanle eskaseko komunitateak bere historian izan dituen antolakunde kopurua ikusita: gazte erakundeak, poesia eta antzerki taldeak, komunikatzaile sareak, hondamendi naturalek eragindako kalteak konpontzeko taldeak eta beste hainbeste taldetan antolatu izan dira bertakoak.
Errealitate hori ez da batere ohikoa herrialdean. “El Salvador herrialde indibidualista da. Indibidualismoaren gurtza egiten da hemen”, dio Roberto Valencia herrialdean finkatutako kazetari euskal herritarrak. Herrialdean ia 20 urtez bizi eta gero, argi du zein den pandillen fenomenoari aurre egiteko giltza: gizarte-sareak. Segundo Montesen bidea, hain zuzen ere.
Segundo Monteskoa ez da komunitate aberatsa, herrialdeko departamendu txiro eta azpigaratuenean kokatuta dago; biztanleriaren erdia baino gehiago pobrezian bizi da. Herrialdeko pobreziaren bataz bestekoaren gainetik dago. Eta hala ere, egoera kaxkar horri indarkeriaz erantzutea baztertu dute bertakoek.
“Pobreziak indarkeria sortzen duela dioen teoria, hemen behintzat, ez da egia. Nik argi dut herrialde honetako indarkeria bazterketa sozialaren ondorioa dela. Hezkuntza edo osasun sarbiderik ez izateak indarkeria sortzen du. Eta bazterketaren arrail horretan egin behar dugu lan udalok, gure herrietako biztanleria pobreak kalitatezko hezkuntza izan dezan egin behar dugu lan”, dio Fray Arriazak. Komunitatea osatzen duten bi udalerrietako bat da Jocoaitique eta Arriaza da alkatea.
Horrelaxe egin dute gizarte mugimenduetatik zein udaletatik. Gazteek ikasten jarrai dezaten bekak eman dituzte udalek, hizkuntzetako eta kiroletako ikastaroak antolatu gazte erakundeek. Beren arbasoek bezalaxe, hezkuntza jarri dute jomugan, gazte heziak behar dituztela jakitun, komunitatea aurrera ateratzeko. Era berean, kontzientziazio kanpainak ere abiatu dituzte; ekologismoa, genero-indarkeria edota memoria historikoa landuz; burua okupatuta duten gazte konprometituek indarkeriarako denborarik izango ez dutela argudiatuz.
Komunitatean ezer argirik badute hori da lehengora bueltatu nahi ez dutela; gerrillari ohiek ez dituzte beren ondorengoak armak eskuetan ikusi nahi, gazteek ez dute beren gurasoek eta aiton-amonek pasatakoa bizi nahi. Hala ere, 30 urte pasa ostean, komunitateko egiturak instituzionalizatu eta gerraren mehatxua desagertu ahala, gazteen engaiamendua ahuldu da. Horren aurrean komunitate izaerari eusteko erronka dutela dio Jocoaitiqueko alkate ohi eta herri irakasle ohi Walter Clarosek: “Herrialde honetako burujabetza-prozesuek aldaketa garrantzitsuak ekarri dituzte. Gazteak izan ziren hemengo diktadura garaitu zutenak, gazteek eraldatu zuten herrialde hau, demokratizatu egin zuten. Prozesu horietan akats handiak izan dira, baina ezin dugu dena negatiboa izan zenik esan. Orain, esku artean dugun erronka ikuspegi kolektibo hori bultzatzen jarraitzea da”.
Segundo montesdarrek badakite nondik datozen, badakite zer testuingurutan dauden eta badakite nora joan nahi duten. Indarkeriak ez du lekurik hor, aktiboki egin dutelako horren aurka borroka, ez dago beste erarik. Nory Hernandezek argi du: “1989an komunitatearen egoera eta gaur egungoa alderatuz gero, jendeak borroka egin zuela ikusten da. Komunitatea eta antolakuntza banaezinak dira”.
Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]
Hauteskundeen emaitzak ez du inor sorpresaz hartu El Salvadorren: azken bost urteetan presidente izan dutenak horretan jarraituko du gainontzeko bostetan ere. Berrautaketa lortu duen herrialdeko lehen presidentea da; besteak beste, konstituzioak debekatzen duelako. Baina, botere... [+]
"Gizarteari eragindako kaltea konpontzeko", egunean 3.000 preso ingururi ezartzen dizkiete era guztietako lan behartuak, ordaindu gabe. Gero eta lanordu gehiago bete, orduan eta lehenago aterako dituzte espetxetik.
“Amerikako kartzelarik handiena” sortu du Bukele presidenteak, bandakideak sartzeko. Banda guztietakoak egongo dira nahastuta, 2020tik egin moduan. Giza eskubideen aldeko taldeek kartzeletako egoera salatu dute, eta ohartarazi bandak nahasteak hilketak eta matxinadak... [+]
Sabino Arana saria jaso zuen urtarrilean Amaiurko Gaztelu Elkarteak. Herriko zinpeko alkate eta elkarteko kide Isabel Alemanek jaso zuen garaikurra. 1982an, gazteluak ageri duen monumentua jaso zutenean, hantxe zen Isabel, jakile eta lekuko zuzen.
Herritarren nahiaren kontra eginez eta nazioarteko finantza instituzioen aholkuei bizkarra erakutsiz, bere nahia gauzatu du Nayib Bukele presidenteak: El Salvadorreko moneta ofiziala bihurtu da bitcoin izeneko diru birtuala. Estatuek kontrolatuko ez zuten moneta zuten amets... [+]
Herritarren nahiaren kontra eginez eta nazioarteko finantza instituzioen aholkuei bizkarra erakutsiz, bere nahia gauzatu du Nayib Bukele presidenteak: El Salvadorreko moneta ofiziala bihurtu da bitcoin izeneko diru birtuala. Estatuek kontrolatuko ez zuten moneta zuten amets... [+]
El Salvadorreko 2019ko hauteskunde presidentzialak Nayib Bukele-k irabazi zituen lehenengo itzulian botoen %53,1arekin. Presidente berriak 37 urte zituen enpresaria zen, bere publizitate agentzia hamabi urtez aritu zen FMLNren komunikazio eta propaganda kudeatzen eta alderdi... [+]
Koronabirusak eragin duen krisiari askotariko erantzunak eman dizkiete gobernuek, baina gehienek etxean geratzera derrigortu dituzte herritarrak. Zenbait gobernuk erabili duten hizkera belikoari jarraiki, “etsaia” kanpoan dago, eta norbere burua babesteko erarik... [+]