Hiru hilabete ere ez dira Euskal Herriko hainbat kulturgilek greba digitalerako deia egin geniola gure jendarteari. Astebetean 1.169 atxikimendu jaso genituen www.kulturgintzan.eus web-orriaren bitartez, norbanakoenak , gehienak, zein taldekakoak. Web-orriaren bitartez ez bestela deialdiari atxikimendua adierazi ziotenen kopuruak eta aniztasunak zer pentsatua eman zigun. Euren sare sozialen bitartez zein bestelako komunikazio iturriak erabiliz gure proposamenekin bat egiten zutela adierazi zuten, besteak beste, Gure Esku Dagok, Bilgune Feministak, Udalbiltzak, UEUk, EHEk, ESKk, LABek, Ernaik, EH Bilduk, Elkarrekin-Podemosek, Equo-Berdeakek, Galdakao, Usurbil, Oñati, Ataun eta Villabonako udalek, Geltokik, Askorak,
"Akaso euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dutenei dei egiteaz gain, gaur egun elkarrekin bizitzeko modu hau eraldatu nahi duten eragileei ere dei egin beharko genieke"
Elizalde Herri eskolak, Haurtzaro ikastolak, Kirikiño Atseden taldeak, Aberrigintzanek, Araba Euskarazek, Txatxilipurdik, Garabidek, Topaguneak, Kontseiluak. Uler liteke jatorriz, izaeraz, funtzioz, helburuz ezberdinak diren gizarte eragile guztiok kulturgintza oro har eta beren beregi euskarazkoa euren lehentasunezkotzat izan nahi dituztela? Ondoriozta genezake elkar elikatuz, elkar babestuz, elkar zainduz, helburu komunak erdiesteko dinamikak abiarazi genitzakeela? Greba digitalerako deialdian zehaztu genituen helburuetatik hirugarrenak zera zioen: “Euskal Herri osoko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztioi dei egitea larrialdi egoerak ahalbidetzen digunean mahai/bilera/topaketa... bat gauzatu dezagun euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko”. Deialdi hau ez da berria. 2014an, Guk Geure Kulturaz izeneko ekimena burutu genuen. Bi batzar zabaletan, kulturgintzaren ekosistemako 300etik gora kulturgile elkartu eta premiazko neurrien zerrenda adostu genuen (https://geuk14.wordpress.com/ ). Neurri horietatik ez da bakar bat ere gauzatu, batetik eskumena duten erakunde publikoen ardura izan duten alderdi politikoek gutxietsi egin dituztelako eskariok eta bestetik, guk ez dugulako boteregunerik irabazi. Sei urteren ondoren, hartzaile berberari egin diogu dei. Akaso horretan ez dugu asmatu. Akaso euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dutenei dei egiteaz gain, gaur egun elkarrekin bizitzeko modu hau eraldatu nahi duten eragileei ere dei egin beharko genieke. Akaso paradigma, eredua, patroia aldatuko badugu, gainontzeko gizarte mugimendu eraldatzaileekin elkartuta lortuko dugu.