argia.eus
INPRIMATU
'Lemoiz gelditu' murala
Herri mugimenduarentzat sortutakoa, herritarren esku
  • Euskal Herrian eraiki nahi zituzten lau zentral nuklearren aurkako borroka babesteko, Jose Luis Zumetak, Karlos Zabala Arrastalu-k eta Bixente Ameztoik Lemoiz gelditu horma-irudia sortu zuten 1980an. Duela gutxi, Bilboko Arte Ederren Museoari eman diotela argitaratu zuen prentsak eta eztabaida piztu da: norena da herri mugimenduarentzat sortutako artelan honen jabetza?

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko uztailaren 16a
1980an egin zuten 'Lemoiz gelditu' murala Zumetak, Zabalak eta Ameztoik.
1980an egin zuten 'Lemoiz gelditu' murala Zumetak, Zabalak eta Ameztoik.

Urte bizi-bizia da 1980.a mugimendu antinuklearrarentzat. Euskal Herrian eraiki nahi dituzten zentral nuklearren aurka antolatu diren herritarrak ekintzaz beteriko hilabeteen ondoren iritsi dira azaroaren 8ko eta 9ko Bilboko Erakustazokako “Lemoiz gelditu” jaialdi erraldoira. Zer da hura: 40.000 lagun baino gehiago pasako dira, denetik entzun eta ikusiko da bi egunez, musikariak, bertsolariak, 50 film proiekzio baino gehiago... Eta mugimenduak antolatutako ekintzen artean, Jose Luis Zumetak, Karlos Zabala Arrastalu-k eta Bixente Ameztoik elkarlanean margotuko duten horma-irudia.

Artisten artean harreman “kuriosoa” sortu zela dio Karmelo Landa historialariak, margotu bitartean obrak nolakoa izan behar zuen eztabaidatzen ikusi zituela, “amaituko ote dute?” galdetzen ziola bere buruari. Eta amaitu, amaitu zuten, Zabala pixka bat lehenago joan bazen ere –eztabaiden eraginez? Beste arrazoiren batengatik?–. Kontua da 8x5 metroko tamaina daukan koadroari hiruren sinadura jarri ziotela eta, sortu zen testuingurua kontuan hartuta, egileek mugimendu antinuklearraren esku utzi zutela.

Karlos Zabala (erdian) eta Jose Luis Zumeta (eskuinean), euren lanaren erreplikaren parean, Ean.

Berrogei urte geroago, prentsaren bidez jakin dute mugimendu hartan buru-belarri ibilitako askok koadroa Bilboko Arte Ederren Museoaren esku utzi dutela Otxandioko Udalak eta Andikona elkarteak. Landak esplikatu du artelanak zer nolako bidaia egin duen Bilboko Erakustazokatik gaur arte: jardunaldi antinuklearrak bukatuta, koadroa osatzen zuten zatiak “herri erakunde baten lonjan” gordeta egon zirela azaldu du. Birritan ikusi ahal izan zuen publikoak 80az geroztik antolatutako erakusketetan, baina gainontzean, lokal hartan egon zen gordeta, baldintza ez bereziki onetan. Margoa degradatzen ari zela ikusita, Jose Luis Zumetaren tailerrera eraman eta zaharberritu zuten. Ondoren, Otxandioko kiroldegian egon da gordeta, herri horretako udalari gordailuan utzi ondoren.

Eta azken asteetan artelana Bilboko Arte Ederren Museoaren esku geratzekoa dela dioten albisteek debatea ireki dute: obra herri mugimenduarentzat sortu bazen, nuklearren aurkako kolektiboek jarri bazituzten hura egiteko bitartekoak; eta egileek, behin amaituta, mugimendu horri eman bazioten... nork dauka zilegitasuna obra museoari dohaintzan emateko? Beste osagai bat ere kontuan izan behar da gainera: mugimendu horretako partaideak ez dira desagertu, lanean jarraitzen dute. Nuklearren aurkako mugimenduaren memoria jasotzeko eta orduko lana gaur egungo erronka klimatikoaren aurrean ere baliagarria izan dadin, Enaden Begiak fundazioa sortu zuten 2018an Ean –zentral nuklearrak eraikitzeko asmoez Gabriel Arestik idatzitako poema batetik hartua da izena–.

Bizkaiko kostaldeko herrian Zumeta, Zabala eta Ameztoiren koadroaren kalitate handiko erreplika ere egina dute, bizirik zeuden margolan originalaren egileak bertan izan ziren fundazioa aurkeztu zenean eta Landak azaldu duenez, Zumetak esan zuen originalak Ean egon behar lukeela. “Murala jabego publikokoa da. Sorreratik egon da herri mugimenduari lotuta eta kudeaketa ere hari dagokio. Baita sorreratik izan duen dimentsio sozial eta politikoa ezagutaraztea ere”.

Gaiak sare sozialetan zeresana eman du eta joan den astean museoko ordezkariekin bildu ziren Enaden Begiak fundazioko kideak, zenbaki hau ixten ari garenean jakin dugunez. Hiru ordu baino gehiago iraun zuen bileraren ostean, Bilboko Arte Ederren Museoak onartu du obraren jabetza herri mugimenduarena dela, herri-eragileek adierazi behar dutela nolako erabilera eman; baita margolana sortu zen testuinguru sozio-politikoa nabarmendu ahal izatea ere. Ondo bidean, aste honetan sinatuko da hori jasotzen duen akordioa.