Hasiak gara kargutzen normaltasun berria, batez ere, beste krisi ekonomiko bat izango dela, aurrekoa baino globalagoa eta, agidanez, lehengoa baino latzagoa. Musukoak, edukiera eta distantzia soziala, azken batez, zerbait koiunturala izango da, arinago edo beranduago pasa egingo dena.
Errezeta zaharrak hasi dira muturra berriro tiraderatik ateratzen, zizare moduan. Baina izainak aplikatzea, inorentzat onuragarria baldin bada, odolaz asetzen diren animalia horiexentzat besterik ez da, bai eta, akaso, erremedioa agintzen duten petrikiloentzat ere. Hil dadila gaixoa, hiletara poltsikoak beteta heltzen baldin bagara.
Espainiako Estatuko aberatsenak %16 aberatsagotu dira, martxotik hona. Ez dago besterik gehitu beharrik.
Normaltasun berria terminoa hemen, gurean, jende gehienarentzat berritasuna da, oraintsu entzundako zerbait. Hala ere, ez da gaurko esamoldea; azken urteotan erabilia izan da, aldaketa klimatikoari lotuta, batik bat.
"Zer ez ote dute ekarriko hurrengo urteek? Zer eskasia maila ez ote dute ekarriko hondamendi naturalen segidak, ur faltak, ozeanoen azidifikazioak, lur eta itsasoen ahidurak, osasun publikoaren hurrengo krisiek?"
Adibidez, Kaliforniako gobernadoreak halaxe azaldu zien bere gobernatuei ezagutzen zuten normalitatea berriro itzuliko ez zela. Suteak, lantzean behingo ezbeharrak izatetik, eguneroko ogi bihurtu behar zirela. Suteak eta gerora datozen lubizi eta basa-erauntsiak eta komunikabideen, azpiegituren eta abarren suntsiketa eta heriotzak eta galera materialak eta milaka milioi dolarretako faktura estatalak...
1983ko Bilboko uriolak iruditeri kolektiboaren parte dira, hain izan ziren latzak, hain izan ziren ustekabekoak, hain izan ziren ondorio gogorretakoak. Baina eta zer gertatuko da lantzean behin, usu, halako batek jotzen gaituenean? Edo, Climate Centerrek ohartarazi bezala, hiru hamarkada barru Barakaldo gainez egindako erreken arteko irla bihurtzen denean? Eta plisti-plasta biziko den Kantauri isurialdetik beherago, desertifikazio prozesuan sartutako Nafarroa idorra. Hori dena, zerbait gogoangarria izatetik, gure eguneroko ohiko anormaltasun bihurtuko da.
Bide ezezagunetatik goaz aurrera. Bilakaeraren proiekzioak egin daitezke, baina hainbat interakziok izan ditzaketen ondorioak ez dira gauza segurua. Baina ez dut esango “ahal” edo “baliteke” edo “akaso”. Ez. Martxan dago honezkero. Zalantza bakarra, ze tamaina hartuko duen. Indizeak jaisteko deiek ez dute bilatzen gelditzea, aldaketa klimatikoa maneiagarri egitea baino.
Eta gu lapikoan sartutako igelak gara: bota igel bat bor-borrean dagoen eltzera eta atoan egingo du salto kanporantz; sartu apurka berotzen ari den beste batera eta apurka amaituko du egosita.
Ikusten ari gara zelan ari den birus bat, gaixotasun bat, sekulako krisi ekonomikoa sorrarazten. Zer ez ote dute ekarriko hurrengo urteek? Zer eskasia maila ez ote dute ekarriko hondamendi naturalen segidak, ur faltak, ozeanoen azidifikazioak, lur eta itsasoen ahidurak, osasun publikoaren hurrengo krisiek?
Hazkunde ekonomikoa ez da sekula normaltasuna izan historian zehar, baina gure begirada miopeak, gehienez, industrializazio sasoia hartzen du barne. Eta, bai, baliteke, batez ere gerrek ekarritako atzeraldiak gorabehera, hazkundea araua izan izana. Baina hemendik aurrera ohitu beharko gara hazkunde sasoiak (dezimatan neurtuak) salbuespena izatera.
Eta hala ohitu beharko gara, batera zein bestera: bide beretik jarraituz gero, zalantzarik gabe; helburua, hazkunde ekonomiko mitifikatuaren gainetik, bizitza baizik ez dela inoiz, behingoz, konturatu eta horren arabera jokatzen hasten bagara, zorionez.