“Nahikoa da ume bakar baten eskaera, hari euskarazko plaza emateko”

  • Sistema publikoak euskarazko plazarik gabe utzitako familiei zerbitzua emateko, ikasturte berriarekin batera jarriko da martxan Iruñeko herri haur eskola, Berriozargo lokal batean. Erakundeei egindako eskaerek ez dute erantzunik jaso, eta ondorioz, aukera hori lehenetsi dute HE Gurasoak plataformakoek. Hiltzeko jaio nahi dute ordea, helburua sistema publikora lehenbailehen bueltatzea baita. Iruñeko Udalak hiriko haur eskoletako euskarazko plazetan egindako murrizketa dago auziaren abiapuntuan.

"Ez da bakarrik haur eskola sortzea, baizik eta presioa egiten jarraitzea, gero sistema publikora bueltatzeko" (Argazkia: Josu Santesteban)

Zein murrizketaz ari gara?

Euskarazko plazetan, %36tik %12ra pasako da eskaintza, baina pixkanaka joango da aplikatzen. Aurten, lehenengo sektorekoekin, txikienekin, hasten direnekin, abiatu dute murrizketa. Plana gauzatzen bada %12an geldituko litzateke eskaintza.

Zenbat haur utziko lituzke horrek kanpoan?

Zehazki ez dakit, baina adibidez, aurten, bularreko haurrentzat 20 plaza bakarrik eskaini dituzte Iruñea osoan, beste urte batzuetan 50 behintzat bazirenean.

Zein da murrizketa horretarako arrazoiketa?  

Navarra Sumak berak, egia esan, aitortu du eskaintza oso eskasa dela, eta ez dela eskarira egokitzen. Horretan bat datoz haiek ere. Esaten dutena da epaia [2016an udalak eskaintzan egindako aldaketak atzera botatzen dituena] aplikatu behar izan dutela, eta horregatik gelditu dela horrela kontua. Baina epaiak ez du eskatzen aurreko egoerara bueltatzea. Egin zezaketen moldaketa bat, eta ez dute egin.

Zer esaten du epai horrek?

2016ko aldaketa ez zela ongi burutu. Orduan salaketa jarri zuten gurasoei arrazoia ematen die, baina ez du udala derrigortzen halako buelta bat ematera. Interpretazio kontuak dira, haiek baietz diote, eta guk ezetz.

Argazkia: Josu Santesteban

Hau, dena dela, ez da eskaria-eskaintza auzi huts bat. Harago doala diozue.

Guk beti hartzen diogu aurre eztabaida horri, komunikabidetan beti inposatzen delako parametro horien araberako neurketa. Guk esaten duguna da euskara eskubide gisa ulertu behar dela, eta nahikoa dela ume bakar baten eskaera hari euskarazko plaza emateko.

Agortuta dago bide politikoa?

Guk ikasturte honetarako udalarekin geneukan bidea da agortutzat ematen duguna. Zeozer egiteko eskatu genion: lokalen bat uztea, hezitzaileak bere kargu hartzea, diru laguntzaren bat, zeozer. Eta ezetz esan ziguten. Aldi berean, Nafarroako Gobernuarengana ere jo genuen; gure balantzan biak daude, udala eta gobernua. Nafarroako Gobernuak bost haur eskola publiko ditu Iruñean, eta bost horietatik bi erdi bakarrik dira euskarazkoak: bi zentrotan dago euskarazko lerroa, baina ez da murgiltze eredurik.

Beraz, aurrera eginen duzue zuen ekimenarekin. Herri haur eskola sortzera zoazte.

Azkeneko asteetan interesa duten familiekin aritu gara, bilerak izan ditugu, lokalak bisitatu ditugu eta hirigintza arauekin gora eta behera aritu gara. Prozesu horretan 70 familiarekin aritu gara, eta inkesta bat luzatu genien, aukeratutako hainbat lokaletatik umeak zeinetara eramango lituzketen jakiteko. Emaitza horrekin badugu lagin bat, lokal bat hautatzeko. [Elkarrizketa hau egin berritan iragarri zuten herri haur eskolarako hautatutako kokalekua, Berriozarren, eta aurrematrikula epea ere ireki zuten]. Guk jendea animatzen dugu sistema publikora joan dadin, baina kanpoan gelditzen direnendako da herri haur eskola. Hori bai, gure kode etikoa onartzea eskatu diegu familia guztiei, ez delako bakarrik haur eskola sortzea, baizik eta presioa egiten jarraitzea, gero sistema publikora bueltatzeko.

Asmo horrek apurtzen du publiko-pribatu dikotomia.

Guk berehala kentzen dugu dikotomia hori gainetik. Sistema publikotik bota gaituzte. Guk animatzen dugu jende guztia sistema publikoan aurrematrikula egitera, 12. udal haur eskola simulatu nahi dugu, edo Nafarroako Gobernuaren seigarren haur eskola; bai baremazioan, bai ildo pedagogikoan, bai tarifetan, bai plan nutrizionalean, denean. Beraz, ez zaigu egoki iruditzen guri “pribatu” esatea. Iraungitze data daukagu, eta presioa egiten jarraituko dugu Gobernuak eta Udalak haur eskola gehiago ireki ditzaten. Joan eta etorriko gauza bat da gurea.

Kezkatzen zaitu betikotzeko arriskuak?

Bai, eztabaida hori izan dugu, bada arrisku eta kezka bat. Gure ekintzek esango dute. Guregana datozen familia guztiei argi eta garbi uzten diegu hau ezin dela izan euskaltzaleen elkartasunez dirua jaso eta eroso egoteko toki bat. Mugitu beharko gara gauzak aldatzeko. Iruñeko haur eskolen organismoan bilera bat izango da udazkenean: haur eskola berri bat dago auzo berri batean, denek onartzen dute euskarazko eskaintza eskasa dela, eta organismo horretan oposizioak du gehiengoa. Beraz, tira, badira baldintza batzuk baikor izateko. Hori bai, haiek jo dute kolpea, eta inkesta soziolinguistikoa erabilita saiatzen ari dira euskarazko eskaintzari langa jartzen, %22aren inguruan. Indartsu aritu beharko gara, gorago igotzeko. Argi dugu ez garela eskaintza-eskaera parametrotan sartuko, baina eskubideak aldarrikatuko ditugu, eta behetik gora joan.

Honek denak ikastolen sorrerako garaira garamatza. Bada halako deja vu sentsazio bat.

Gurasoen artean bagaude batzuk aspaldiko Herri Ikastolan ibilitakoak, gure gurasoek mugitu zuten hori guztia. Orain, denbora pila pasata, antzeko baldintzetan gaude, beraz bai, denontzako da halako deja vu bat. Baina begira haiek zer lortu zuten: Herri Ikastola sortu eta gerora etorri ziren Udal Ikastolak. Hor garaipen txiki bat izan zen, agian sekula ospatu ez zena, eta horretaz gogoratu beharko genuke.

Lehengo borrokari lekukoa
“Iruñekoa naiz, lehenengo Udal Ikastoletan ibilitakoa, eta oroimen horretatik ailegatu naiz hona. Orain ez dut seme-alabarik haur eskolarako adinean, baina badut lau urteko ume bat, azken hiru urteak haur eskola bateko euskarazko lerroan eman dituena. Hori eduki eta gozatu ahal izan dugu. Gaur egun, ume askok txiki-txikitatik dute euskara, askok euskaraz egiten dute etxean eta hori transmititzen ari da, eta ez dugu galera hori sentitu nahi. Horrek mugitzen nau ni”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
Famili'on egonaldi ibiltaria aurkeztu dute lehendabizikoz Baionan

Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete antolakundeak Baionan elkartu dira Famili'on egonaldi ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko. Hizkuntza mailaren arabera eskaintza bat edo beste egongo da eta haur zein gurasoentzat izango da udaberrian.


Lizarrako kultur teknikari izateko nahitaezkoa da euskara Administrazio Auzitegiaren arabera

Administrazio Epaitegiak arrazoia eman dio EH Bilduk Lizarrako plantilla organikoaren hizkutnz profilen aurka jarritako helegiteari.


“Euskarazko murgiltzea erasotzen ari dira PAI ereduaren zabalkundearekin”

Ingelera orduak handitu eta euskarazkoak murrizteko foru aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du STEILAS sindikatuak. “Murgiltzea ataka larrian jartzen ari dira” salatu dute.


Lizarrako UPNk eskoletako bertsolaritza programa eten du

Lizarraldean euskara sustatzeko lana egiten duen Bagara elkarteak egin du salaketa: "Sorkuntzarako gaitasuna bultzatzen da eta pentsamendua kritikoa lantzen, hori guztia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta".


‘Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara’ leloa erabiliko du Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko kanpainan

Haurrak dituzten familiei egiten diete deia, bereziki. Seme-alabentzat onena nahi dugulako, etorkizunerako aukerak zabaltzea litzateke euskara ematea. "Eleaniztasunaren aldeko hautua egiteko gonbidapena da, euskara ematea batzea delako", esan du Ana Ollo Euskara... [+]


Nafarroako zubiak betetzera deitu du Sorionekuak mugimenduak maiatzaren 10erako, euskararen alde

"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


Euskara sustatzeko planaren oinarriak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak

Urtea amaitu baino lehen gehiengo politikoaren oniritzia lortu nahi du udalak


2024-12-13 | ARGIA
Euskarabideak 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, iaz baino %9,7 gehiago

Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari

Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-10-22 | Julene Flamarique
Antzinaroko euskaraz idatzita egon litekeen inskripzioa aurkitu dute Lantzeko meategi batean

“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]


Eguneraketa berriak daude