argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Bozkaleku baten agortze saiakera
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko uztailaren 14a

Data: 2020ko uztailaren 12a (igandea). Ordua: 13:00. Tokia: H. herriko bozkaleku nagusiko kanpoaldean dagoen banku bat. Eguraldia: orduak iraun dituen euri jasa baten azken tantak. Jende mugimendu etengabea atarian. Talde handirik ez. Gehienak banaka, binaka, trioren bat. Maskararekin batzuk. Boto papera eskuan zuhurrenak. Bi BMW. Hiru Audi. Autokarabana bat, demokraziaren festarekiko erabat axolagabe. Liburuzaina bizikletan, kaskorik ez. Lazo horiarekin gizon bat, modaz pasata egon arren. Gazte itxurako zahar bat. Atariko udaltzainaren guardia aldaketa. Gidari bat aparkatzeko zailtasunekin. Haurrak patinetean. Arraza definiturik gabeko zakur bat –niretzat zakur guztiak diren bezala, westyak izan ezik–. Ainhoa Perez, nigandik nahikoa urrun elkar agurtu ahal izateko. Hausnarketa atenporal bat: betaurrekorik ez banu, ezin izango nuke deskribatzen ari naizen hau guztia ikusi. Pausa.

Data: 2020ko uztailaren 12a (igandea oraindik). Ordua: 19:30. Tokia: H. herriko bozkaleku nagusiko kanpoaldean dagoen beste banku bat. Eguraldia: uztail beteko eguzkia, gogor jotzen du gauden ordurako. Jende mugimendu urria atarian. Gehienak tantaka. Maskarak, segun. Citroen, Peugeot, Renault bana. Goizeko autokarabana bera, demokraziaren festarekiko berdin axolagabe. Liburuzaina berriz bizikletan, kaskorik ez noski. Zahar itxurako gazte bat. Toallarekin emakume bat. Zakur pare bat –hauek ere ez dira westy–. Errealeko kamisetarik ez daraman haur bat. Pertsona bat –atezaina?– atariko udaltzainarekin hizketan. Ainhoa Perez, agurtzera joan natzaionean konturatu naiz ez zela bera –maskaren albo-kalteak–. Hausnarketa atenporal bat: betaurrekoak eramateak ez zaitu gauzak gaizki ikustetik libratzen. Azken orduko boto emaileak, presati. Atariko udaltzaina atariko argibideak desmuntatzen. Pertsona bat –atezaina!– atea ixten. Gazte bat liburu batekin: Mundu hobe baten bila, Karl Popper.