argia.eus
INPRIMATU
Hegemonia aldaketaren azken txanpa
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2020ko uztailaren 15a

Nazioarteko hegemonia lortzeko lehia elkarri eragiten dioten lau dimentsio kontrolatzeko borroka da: militarra, sozioekonomikoa, politikoa eta kulturala. Herrialde batek zenbat eta dimentsio gehiagotan hegemonia gradu handiagoa izan, orduan eta nagusitasun handiagoa izango du nazioartean.

Aspaldi AEBen inperialismo eta hegemoniaren garaia bizi dugu. Washingtonek nagusigoa lortu eta mantentzeko bi elementu konbinatu ditu: alde batetik, botere gogorra (bortxa militarra eta ekonomikoa) erabili du herrialdeak menderatu eta beldurtzeko; eta bestalde, botere biguna (pizgarri ekonomikoak eta dominazio politiko-kulturala) erabili du menderakuntza kontsolidatzeko.

Badakigu bortxaren bidez (botere gogorra) dimentsio guztiak kontrolatu daitezkeela: baliabide naturalak eta laneskua lapurtuz (‘lortuz’); gobernuak eta konstituzioak kenduz edota jarriz; eta herritarrei zer ikusi, entzun eta irakurri inposatuz. Arazoa da kostu handiak dituela bortxa bidezko menderakuntza soilak. Horregatik, hegemoniak ibilbide luzea izango badu botere biguna giltza da, bai dimentsio sozioekonomikoan (maileguak, inbertsioak, diru-laguntzak…) menekotasun politiko-ekonomikoa indartzeko, bai eta dimentsio kulturalean (hedabideak, unibertsitateak, entretenimenduaren industria…) menekotasun politiko-kulturala erdiesteko.

"Parasitoen antzera, diruak ekonomia oparoak bilatu, hauek gaixotu eta hil aurretik beste gorputz osasuntsu batera egiten du salto"

Azken urteetan AEBek botere gogorra lehenetsi du bigunaren aurrean arriskuan ikusi duelako bere posizio hegemonikoa. Dimentsio kulturalean hegemonia mantentzen dute epe luzeko ezaugarriak dituen borroka delako, baina halere, agortze-sintomak dituen geldialdi egoera batean dago, inbertsioaren gainbeheragatik (unibertsitate kooptaziotarako programak) eta lehiaren agerpenagatik (beste potentzia batzuen hedabideak esate baterako). Berriz, dimentsio sozioekonomikoan Beijing da botere bigunaren protagonista nagusia; AEBak erretretan dauden unean Txinak gogoz hartu du tresna hau bere hegemonia zabaltzeko estrategia zentral gisa, bortxari uko eginez.

Giovanni Arrighik hegemonia kapitalistaren historia hedapen produktibo-materialaren eta finantza hedapenen arteko alternantzia gisa azaldu zuen. Honen arabera, Genova, Herbehereak, Erresuma Batuak eta AEB izan dira herrialde hegemonikoak. Denek potentzia komertzial bilakatuz hasi zuten gorakada zikloa. Bigarren fase batean, kapital finantzarioa garatu eta honetatik ere dirua irabazten hasi ziren. Baina hirugarren fasean, igoera amaitu eta gainbehera hasten dute ekonomia espekulatiboa erreala baino handiagoa egiten denean: dirutik gehiago irabazten denean gauzak egitetik eta saltzetik baino. Laugarren fasean erorketak jarraitzen du eta azkenik, erabateko gainbehera gertatzen da kapital finantzarioak ihes egiten duenean herrialde produktiboetara. Parasitoen antzera, diruak ekonomia oparoak bilatu, hauek gaixotu eta hil aurretik beste gorputz osasuntsu batera egiten du salto.    

Laugarren fasean gaude, AEBek aspaldi daude diru gehiago irabazten dirutik produzitu eta saltzen dutenetik baino. Halere, ez da erraza izango AEBetako hegemonia zikloa ixtea bosgarren fasearekin (kapital finantzarioaren ihesa), izan ere, aurreko lau hegemonien arteko trantsizioak errazagoak izan ziren etxeko (Mendebaldeko) herrialdeen artekoa izan zelako. Oraingoan, berriz, zailagoa izango da hegemon berria ez delako izango Mendebaldeko herrialde liberal bat; Txina Ekialdeko kultura-zibilizazio bat da, sozialismoa eraikitzeko borondatea duena. Agertoki berri baten aurrean gaude.