argia.eus
INPRIMATU
Eskuineko eta ezkerreko politikak daude
  • Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak eta bere alderdiak hauteskunde kanpainan esan dutenez, “ezkerrekoak eta eskuinekoak jada ez dira existitzen”. Gaur egun EAEn nagusi den politikaren alternatibarik existituko ez balitz bezala, hau da, ez balego bezala eskuinekoak izanik egungo sistema kapitalistari eusten dion alderdiaren ordezkorik.

Juan Mari Arregi 2020ko uztailaren 15
Iñigo Urkullu hauteskunde kanpainako une batean (arg.: EAJ)
Iñigo Urkullu hauteskunde kanpainako une batean (arg.: EAJ)

Arlo ekonomikoan ikusten dira argiago eskuineko eta ezkerreko politiken ondorioak. Adibide komun batzuk jartzearren, eskuineko zein ezkerreko talde politikoek eskainitakoaren artean, osasungintzari, zerga erreformari eta pentsioei erreparatuko diegu.

 Osasungintza hobetzea zertan datza? Zerbitzuak pribatizatzea? Zaharren egoitzak boterean dagoen alderdiaren lagun diren enpresa pribatuen edo funts putreen esku uztea? Edo sare publikoan integratzea? Osasun zerbitzuak –oinarrizko arreta barne– nola hobetu daitezke, enplegu prekarioarekin edo finkoarekin? Urkulluk osasunaren arloan agindutako 4.000 lanpostuak nolakoak izango ote dira? Administrazio publikoan bezalakoak? Egiturazko milaka lanpostu daude sektore horretan, baina aldi baterakoak dira eta erretiroa hartu arte urteak irauten dituzte.

Bestalde, erreforma fiskala nola egin? Zergak jaitsiz? Edo gehien dutenei –hots, aberatsei, enpresei eta multinazionalei– igoz? Eta pentsioak nola bermatu? Publikoak direnak gutxieneko duinarekin indartuz, edo aseguru pribatuen alde eginez?

Hauteskundeen ondoren ezarriko diren politikekin ikusiko dugu hori guztia... Bai eskuinetik kapitalaren zerbitzura ezarriko diren politikekin, eta baita ezker alternatibotik horiei erantzun eta aldarazteko izango den gaitasunarekin. Izan ere, gezurra da eskuindarrik eta ezkertiarrik ez dagoela dioen tesi hori. Bai, jakina badaudela eskuineko eta ezkerreko politikak. Galde diezaietela zaharrei, langabeei, gazteei edo emakumeei.