Bosgarrenez da Ekuadorren Iraide Donaire Hidalgo (Durango, 1993). Azkenekoz iazko udan joan zen eta han segituko du beste urtebetez. Misiolari laiko durangarrak urte biko konpromisoa hartu zuen Aguarikoko (Ekuadorreko Amazonia) bikariotzarekin. Coca hiri inguruetako zabortegiaren kudeaketa txarra eta petrolio-enpresek dituzten tximinia kutsakorrak bistaratzeko kanpainan ari da laguntzen eta emakumeen etxean ere aritzen da hango haur eta emakumeekin.
Atzera ere Ekuadorren!
Bai, baina leku berri batean. Oihanean ez naiz inoiz egon aurretik! Klima ere berria, kostatu zitzaidan ohitzea. Urtebeteko formazio prozesua egin nuen etorri aurretik. Formazioak laguntzen dizu lurra hartzen, ohartzen nola manipulatzen gaituzten eta laguntzen dizu hona iritsitakoan nolabaiteko ezagutza bat izaten.
Pandemiak harrapatu zaitu Ekuadorren; hartutako konpromisoetan nola eragin dizu?
Nahiko kaotikoa izaten ari da. Jendeak lanik egiten ez badu ez du jatekorik. Udala bikariotzarekin ere antolatu da janaria banatzeko, beste hainbat elkarterekin, baina zaila da asmatzea nola jarraitu bizitzen. Gobernuak hartzen dituen neurriak betikoei eragiten die, askotan bezala; protestak eta manifestazioak egon dira. Hortaz, ezin gara komunitateetara joan eta gauzak lehen bezala egin.
Nola moldatzen zarete orduan?
Telematikoki ari gara bilerak egiten, baina oso gaitza da. Casa Paulan, esaterako, indarkeria jasan duten emakumeei eta adin txikikoei harrera egiteko etxebizitza batean umeekin eta emakumeekin ekintzak egitera joateari utzi diot pandemiagatik. Eurek eskatuta jaunartzea, bataioa eta sendotzea egin nahi zuten, baina guretzako formazio hori oso bizipenari loturikoa denez, itxaroten gabiltza aurrez aurre egin ahal izateko. Bitartean, haurrentzako ipuin-kontaketa saioak grabatu ditut, kontaktua ez eteteko.
Badago aukerarik lan horiek berrartzeko?
Taldea sortu genuen hainbat elkarte eta gobernuz kanpoko erakunderekin elikadura, higienea eta osasun beharrak dituztenentzako eta larrialdi egoeran daudenentzako laguntza koordinatzeko. Bikariotzatik dagoeneko banatu dizkigute babes-neurriak auzoetara joan ahal izateko, baina bakarrik premia larriak dituzten pertsonei banatzen zaie laguntza: aniztasun funtzionala dutelako laguntza bonorik jasotzen ez duten pertsonei, edo egunean bizi diren pertsonei eta lanera joan ezinik geratu direnei.
Ingurumena zaintzeko mugimenduekin ere aritzen zara Ekuadorren.
Bai, hori ere gizarte pastoralaren barruan. Nahiko konprometituta gaude horrekin. Adibidez, hemengo zabortegian ez dago trataera teknikorik; ustez, lixibatuak garbitzeko badira putzu moduko batzuk, baina askotan ikusi izan dugu ur-bonba apurtuta edo bestelako akatsak. Lau komunitateri eragiten die zabortegiak zuzenean eta eurekin aritzen gara borrokan, akonpainamendua egiten dugu. Eta metxeroen mugimenduarekin ere bagabiltza.
Metxeroen mugimendua?
Petrolio-enpresek darabilten tximinietako suak gas oso kutsakorra botatzen du, arnasketa arazoak, minbizia eta beste hainbat gaitz eragiten ditu. “Eliminen los mecheros, enciendan la vida” (Deuseztatu itzazue metxeroak, piztu ezazue bizia) kanpaina sustatu dute herritarrek eta guk petrolio-enpresen praktika txarrak salatzeko parte hartzen dugu. Ez gaude enpresa horien aurka ze jende pilo batek lan egiten du hor, baina langileei eta euren familiei eragiten die enpresa horien jarduerak. Esplotazioa larregikoa da. Apirilaren 7an, esaterako, petrolio-isurketa egon zen Coca eta Napo ibaietara eta indigena komunitate mordo batengan izan du eragina. Bikariotzak denuntzia jarri du salatuz petrolio-konpainiek ez dutela kontuan izan istripu batek inguruko komunitateen bizimoduan eragin dezakeen kaltea. Beste denuntzia batekin ere egin genuen bat: haurrek, batez ere neskek, jarritakoa. Zeren, estatistikoki, emakumeei eragiten die gehien gas horrek, obarioetako minbizia eragiten duelako.
Elizaren misio batean parte hartzen ari zara. Zelan uztartzen dituzu ekintza sozial horiek eta Elizaren agindua?
Niretzat Eliza gara denok, pertsonak. Hori da nire begirada. Jakina desberdina dela misiolari moduan edo kooperante moduan etortzea! Balore erlijiosoak daude hemen. Jesusen mezua zabaltzen dugu bai, baina niretzat “berri ona ematera nator” esatea ez da pulpitu batetik aritzea. Niretzat da hemen egotea, altxatzen naizenetik lotara joan arte nire egoteko era da, nire konpromisoa gizartearekin. Egiten dudan guztia begirada horretatik egiten dut. Elizak alde batera utziko balitu gizartean dauden borrokak, niretzat ez luke zentzurik izango.
Ez dut zure hautua ezbaian jarri nahi, baina gazte batek misiolari izatea aukeratzea deigarria egiten zait.
Bai, jendeari bitxia egiten zaio, baina nik oso natural bizi dut. Asko kostatu zait nire tokia topatzea eta hemen ez da dena erraza. Nik pentsamendu oso irekia daukat, bizi dugun errealitateari dagokiona, eta hemen ere asko borrokatu behar izaten dut, baina beti esaten diet: Jesus mundu guztiarekin egon zen, ez zuen inor diskriminatu! Bibliaren egungo irakurketa egin behar da, eta aldaketak barrutik egin. Nire ustez denok daukagu espiritualitatea, modu batekoa edo bestekoa. Beste espiritualitate edo sinesmenak dituztenekin elkarbizitzen jakiteak aberasten zaitu.