Sonatua izan zen joan den astean Voxek Sestaon antolatu zuen mitina. Ultraeskuineko alderdiaren ordezkariekin etorritako lau katu erdian, deialdi antifaxistari erantzunez jendetza ezin kabituz plaza inguruan. Bateko zalaparta, besteko korrikaldi eta poliziaren bultzakadak izan ziren albiste, Vox EAEko hauteskunde kanpainan ari den ildoan.
Biharamunean ezagun ditudan alderdi sozialistako adineko bi militanterekin topatu nintzen kalean, nik gaia atera gabe, harritua utzi ninduen protesta antifaxistarekiko adierazi zuten begikotasunak. Ezin ulertua zuten nola ultraeskuinak Ebrotik behera hainbesteko indarra hartu duen. Are gehiago, seguru zeuden inoiz horrelakorik ezinezkoa litzatekeela “Euskadin”
"Meatzaldea eta Enkarterrin jakina da frankista asko Franko hil aurreko alkandora urdinarekin oheratu eta PNVn izena emanda esnatu zirela Trantsizioaren egunsentian"
bertoko izatearen, langile mugimenduaren historiaren eta pentsamendu aurrerakoiaren ondorioz. Nire dudak azaldu nizkien.
Espainian orain Vox bozkatzen dutenak ez dira ilargitik iritsi, lehen ere bertan zeuden eta ez dut uste Abascalen hitzak entzunda ultraeskuindar bihurtu direnik. Voxtarrek lehen ere orain antzera pentsatuko zuten eta PP bozkatuko zuten segur aski askok.
Euskadi ez da munduko gertakizunetatik isolatua dagoen irla. Hemen ere bada kanpokoak laguntzetatik bizi direla edo genero berdintasuna egina dela uste duenik. Poliziaren gehiegikerien aurrean itsuarena eta gorrarena egin, nagusien esanetara beti makurtu edo edozein gutxiengoen beharrak (folkloretik kanpoko euskaldunenak barne) ikusi nahi ez dituenik. Eta ez dira gutxi. Esango nuke Euskadin halako mundu ikuskera dutenak, beste askorekin batera, gustura kokatzen direla PNVn.
Meatzaldea eta Enkarterrin jakina da frankista asko Franco hil aurreko alkandora urdinarekin oheratu eta PNVn izena emanda esnatu zirela Trantsizioaren egunsentian. Ez dut uste gauetik goizera egundoko aldaketa ideologikorik izan zutenik.
Ildo beretik azken hamarkadan, besteren artean, PPk izandako beherakadagatik puztu da PNV. Datozen krisien bidegurutzetan PNV delako Euskadin neoliberalismoaren baloreak eta dominazio sistema iraunaraztea egokien bermatuko duen aukera. Beraz Euskadiren berezitasuna genuke gaurkoz PNVk biltzen duela hiru lurraldeetako ia eskuin osoa. Ikusteke legoke orduan zer irtengo litzatekeen hortik noizbait boterea galduko balu, are gehiago hori inoiz Bizkaian gertatuko balitz.
Honetaz eta hartaz jarraitu genuen kalakan, Dani Arranz, Gemma Zabaleta eta abarrek eginiko idatziaz, baina hori beste baterako kontua da.