argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak historian
Nitokris existitu zen?
  • Egipto, K.a 2162 edo 2191. Nitokris faraoiaren bi urteko erregealdia amaitu zen eta, hala, VI. dinastia amaitu eta Egiptoko lehen tarteko aroa hasi zen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko uztailaren 08a
Hatshepsut erreginaren estatua. Askorentzat lehen emakumezko faraoia izan arren, Turingo Errege Kanonaren arabera, lehena Nitokris izan zen, baina haren estatuarik edo irudirik ez dago. (arg: Metropolitan Museum New York)
Hatshepsut erreginaren estatua. Askorentzat lehen emakumezko faraoia izan arren, Turingo Errege Kanonaren arabera, lehena Nitokris izan zen, baina haren estatuarik edo irudirik ez dago. (arg: Metropolitan Museum New York)

Nitokris ez zen emakumezko faraoi bakarra izan; bospasei mende eta dinastia batzuk geroago Hatshepsutek 20 urtetik gorako agintaldi oparoa izan zuen. Baina Egiptoko lehenengo erregina litzateke, existitu zela egiaztatuko balitz.

Baina orain arte ez da aurkitu haren izena jasotzen duen garaiko inskripziorik eta Nitokrisen aipamenik zaharrenak milurte eta erdi geroagokoak dira. Manetonek (K.a. III. mendea) bere epitomeetan esan zuen faraoia “bere garaiko gizon guztiak baino ausartagoa, emakume guztien artean politena, azal ederrekoa eta masail gorriduna” zela. Herodotok (K.a V. mendea), aldiz, haren mendekua eta heriotza jaso zuen Historiak II lanean: “Nitokris Merenre II.a erregearen emaztea eta arreba zen (…) Erregea modu basatian hil zutenean, Nitokris Egiptoko agintari bakarra bihurtu zen eta senar-anaiaren heriotza mendekatzea erabaki zuen.

Senarraren heriotzaren erantzuletzat zeuzkanak oturuntza batera gonbidatu zituen. Kanal sekretua irekitzeko agindua eman zuen eta, Niloko urek aretoa bete zutenean, traidoreak itota hil ziren”. Baina ez omen zuen lortu traidore guztiak garbitzea eta, beti ere Herodotoren arabera, bizirik geratu ziren arerioengandik ihesi, bere burua sutara botata suizidatu omen zen. Azken datu hori ez da batere sinesgarria, antzinako egiptoarrek ahalegin handiak egin baitzituzten momifikazioaren bidez bizitza honetako gorputza beste bizitzarako gordetzen. Gorpuak erraustea soilik delitu larrienak zigortzeko erabiltzen zuten.

Nitokris aipatzen duen iturririk fidagarriena Turingo Errege Kanona da, Ramses II.aren garaikoa (K.a XIII. mendea), ordura arteko faraoi guztien zerrenda zehatz jasotzen duen papiroa. Baina, dokumentua xehe aztertu duten ikerlarien arabera, Nitokris Netjerkara gizonezko faraoiaren izenaren transkripzio okerra besterik ez da.

Hortaz, egiptologo gehienek uste dute Nitokris ez zela existitu, Behe Inperioan sortutako kondaira bat dela. Aldiz, beste batzuek, Jürgen von Beckerath (1920-2016) alemaniar egiptologo ezagunak, esaterako, benetako faraoia izan zela defendatu dute. Kontua da Turingo Kanonak biltzen dituen beste izen batzuei buruz ere oso informazio gutxi dagoela, maiz Nitokrisi buruz baino informazio gutxiago. Baina gizonezko izen haiei ez zaie Nitokrisi eskatzen zaion frogarik eskatzen eta adituek ez dute eztabaidatzen benetako faraoiak izan ziren ala ez.